Baserritarrak, sagardoa, gazta eta ganadua izango dira Santio eguneko protagonista
Descripción
Aurtengoan, 23 sagardogilek parte hartuko dute 47. sagardo lehiaketan. Herritarrek sagardoa eta hegaluze nahiz txekor pintxoak dastatzeko aukera izango dute 12:00etatik aurrera. XXI. gazta txapelketan, berriz, 27 gaztagile ariko dira lehian. Aurtengoan eskualdeko ganadu erakusketa izango da Astotegian. Egun osoan zehar beste hainbat ekitaldi ere izango da, hala nola Cesar Valverde pilota txapelketako finalak, Nafarroako banderari omenaldia, kantujira eta errekortarien txapelketa.
ocio azpeitia concurso de sidra de azpeitia exposiciones ganado gastronomía queso fiestas concurso sidra
Ficha
- Fuente: Uztarria
- Fecha: 2019-07-18
- Clasificación: 5.6. Concursos
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-009045
Texto completo
Aurtengoan, 23 sagardogilek parte hartuko dute 47. sagardo lehiaketan. Herritarrek sagardoa eta hegaluze nahiz txekor pintxoak dastatzeko aukera izango dute 12:00etatik aurrera. XXI. gazta txapelketan, berriz, 27 gaztagile ariko dira lehian. Aurtengoan eskualdeko ganadu erakusketa izango da Astotegian. Egun osoan zehar beste hainbat ekitaldi ere izango da, hala nola Cesar Valverde pilota txapelketako finalak, Nafarroako banderari omenaldia, kantujira eta errekortarien txapelketa.
Atzoko aurkezpeneko irudia. Ikusi haundiago | Argazki originala
Santio eguna iristeko egun batzuk falta badira ere, dagoeneko aurkeztu dute jaiaren sustatzaileek eta antolatzaileek aurtengo Baserritarren egunerako prestatu duten egitaraua. Baserritarrak, sagardoa, gazta eta ganadua izango dira goizeko eta eguerdiko protagonista; izan ere, urtero legez, sagardo eta gazta txapelketak eta ganadu erakusketa izango dira.
Aurtengoa, urtez urte jarraian egiten den 47. sagardo lehiaketa izango da, eta 23 sagardogilek parte hartuko dute, plazan dauden arkuek adinak: hain zuzen ere, Aburuza (Aduna), Alorrenea (Astigarraga), Altzueta (Hernani), Añota (Azpeitia), Astiazaran (Zubieta, Donostia), Aulia (Legorreta), Barkaztegi (Martutene, Donostia), Begiristain (Ikaztegieta), Igeldo (Igeldo, Donostia), Egi-Luze (Errenteria), Etxeberria (Astigarraga), Gaztañaga (Andoian), Herrerue (Astigarraga), Lizeaga (Astigarraga), Oiarbide (Astigarraga), Otsua-Enea (Hernani), Petritegi (Astigarraga), Ola (Irun), Rezola (Astigarraga), Sarasola (Asteasu), Izeta (Aia), Urdaira (Usurbil) eta Zabala (Aduna) dira zerrenda osatuko duten sagardotegiak.
12:00etan hasiko da lehiaketa, eta epaimahaiak erabakiko du zein hiru sagardotegik jasoko dituzten Mikel San Juan tailugileak egindako garaikurrak. Urola Bailarako Sagardozaleen Lagunak elkarteko kideek antolatu dute lehiaketa, udalaren eta Gipuzkoako Sagardozaleen Elkartearen babesarekin, eta elkarte horretako kide Sebastian Lizasok azaldu duenez, zortzi lagun ariko dira epaile lanetan. Emakumeei datozen lehiaketetan epaimahaikide izatera animatzeko deia egin zien hark: "Zazpi gizonek eta emakume batek osatuko dute aurtengo epaimahaia. Azken urteetan ari gara emakumeak animatzen saiatzen, baina ez dugu lortzen horiek animatzerik. Beraz, dastaketan trebatu nahi duten emakumeek gugana etorri besterik ez dute, datozen urteetan gauza bera errepikatu ez dadin". Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kideak azaldu du pozgarria dela halako txapelketa eta dastaketa antolatzea eta horiek antolatzeaz arduratzen den talde bat izatea.
Txapelketa egin bitartean, herritarrek sagardoa dastatzeko aukera izango dute. Sagardotegi bakoitzak hamabina kaxa eramango ditu plazara, eta horiek gastatu arte banatuko dituzte tragoak herritarrek artean. Basoak erosi egin beharko dituzte herritarrek 3,5 euroren trukean, eta sagardoa doan edan ahal izango dute. Dastaketaren antolatzaileek etxetik edalontzirik ez eramateko deia egin diete herritarrei: "Herritarrak agertu izan dira beren edalontziekin, baina hori sagardoari eta sagardogileei burla egitea da". Gainera, txekor eta hegaluze pintxoak ere dastatu ahal izango dira plazan, bi euro ordainduta, eta bildutako dirua garapen bidean diren herrialdeetako bi proiektutara bideratuko dute.
Sagardoa ez ezik, gazta eta ganadua ere izango dira protagonista eguerdi partean. Gazta txapelketaren XXI. edizioan 27 gaztagilek parte hartuko dute. Premietxeberri baserriko Itsaso Agirrek azaldu duenez, "oso berezia" izaten da Santio eguna beraientzat: "Baserritarron eguna izaten da, eta azpeitiarrontzat oso berezia. Gazta eta sagardoa oso ondo uztartzen dira, eta egun horretan ikusten da zer erantzun on izaten duten bi produktuek". Bi urtez behin izaten da Euskal Herriko ganadu lehiaketa, eta iaz egin zenez, aurtengoa eskualdeko ganadu erakusketa izango da. Guztira, 42-45 abelburu izango dira Astotegian.
Ekitaldi horiez gain, Cesar Valverde pilota txapelketako finalak izango dira goizetik eguerdira bitartean Izarraitz frontoian, eta Urolako Napar Zuzterrakek antolatuta, Nafarroako banderari omenaldia egingo diote Perez Arregi plazan nahiz plaza nagusian. Eguerdian, gainera, Unai Agirre, Iker Zubeldia eta Sebastian Lizaso ariko dira bertsotan kioskoan, eta trikiti doinuz alaituko dute giroa Lajak, Lutxurdiok eta Berastegik. Arratsaldean, berriz, kantujira eta errekortarien txapelketa izango dira.
Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak azpimarratu du festa egun "polita" izaten dela uztailaren 25ekoa: "Jende ugari izaten da plazan, eta historia luzeko festa bada ere, jaia garai berrietara egokitzen jakin da". Horri lotuta, Santio eguna baserritarrek egiten duten lanari balioa emateko erakusleihoa dela esan du. "Herritarrei egun osoko jai giroaz gozatzeko gonbidapena egiten diegu".
Uztailak 25, osteguna: Baserritarren eguna
09:00-14:00. XXV. Cesar Valverde Pilota Txapelketako finalak, Izarraitz pilotalekuan.
10:30. Goiz eresia, Udal Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldearen eskutik.
10:30. Nafarroako banderari omenaldia, Perez Arregi plazan hasita. Erdikaletik kalejira eginda, plazan ohorezko dantza egingo dute.
11:00. Eskualdeko ganadu erakusketa.
11:00. XXI. Gazta Lehiaketa.
12:00. 47. Sagardo Txapelketa eta dastaketa. Plazan kantuan ariko dira Unai Agirre, Iker Zubeldia eta Sebastian Lizaso bertsolariak, eta trikiti doinuz alatuko dute Lajak, Lutxurdiok eta Berastegik.
18:00. Kantujira, kalez kale.
18:00. Errekortariak, zezen plazan.
19:30-22:30. Jainekin txarangaren emanaldia.