Sagardoaren lurraldea

"Gure sagardoak etorkizun oparoa du, baina lan asko dago egiteko"

Descripción

Hiru urte bete ditu Euskal Sagardoa jatorri deiturak. Lehen urteotan, Euskal Sagardoa herriz herriz ibili da, baina bereziki hiriburuetan ezagutaraztea izan da egiteko nagusienetako bat; datorren astean, Gasteizen izango dira aurrenekoz sagardogileak. Uztailaren 20rako Euskal Sagardo Araba jaialdia antolatu duzue. Zergatik Gasteizen? Gasteiz oso garrantzitsua da guretzako.

araba euskal sagardoa denominación de origen marca sidra manzana

Ficha

  • Autor: Mirian Biteri
  • Fuente: Alea.eus
  • Fecha: 2019-07-17
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-009042

Texto completo

Euskal Sagardoa jatorri deituraren koordinatzaile Unai Agirrek elkarteaz eta hilaren 20rako Gasteizen antolatu duen jaialdiaz egin du berba.

Hiru urte bete ditu Euskal Sagardoa jatorri deiturak. Lehen urteotan, Euskal Sagardoa herriz herriz ibili da, baina bereziki hiriburuetan ezagutaraztea izan da egiteko nagusienetako bat; datorren astean, Gasteizen izango dira aurrenekoz sagardogileak.

Uztailaren 20rako Euskal Sagardo Araba jaialdia antolatu duzue. Zergatik Gasteizen?

Gasteiz oso garrantzitsua da guretzako. Batetik, sagardo kontsumoa dagoen lekua delako; eta, bestetik, Araban zerbait egitekotan ezinbestekoa delako Gasteiztik hastea. Euskal Sagardoaren atzean zer dagoen erakutsi nahi diegu gasteiztar eta arabar guztiei.

Zein da egitasmo horren helburua?

Euskal Sagardoa jatorri deituraren atzean dagoen lana, filosofia, kalitatea eta abar zabaltzea. Bertako sagar hutsez egindako kalitatezko sagardoa da, eta jendeak hori apreziatzen jakitea eta horretarako zein lan egiten den jakitea ezinbestekoa da guretzat. Hori da helburu nagusia.

Zein da hilaren 20ko plana?

Goizean eta arratsaldean egongo gara Aihotz plazan. Inguratzen denak sagardo desberdinak izango ditu aukeran, eta dastatu ahal izateko kopa eta 5 tiket hartu ahal izango ditu 5€euroan. Sagardogileak izango dira postuetan sagardoa zerbitzatzen, eta beren sagardoari buruzko azalpen guztiak emango dizkiote jendeari. Baina bertan egongo diren sagardoak dastatzeaz gain, dastatze gidatuak ere izango dira; neroni eta Mikel Garaizabal enologo-sumillerra bertan izango gara dastatze azkarrak gidatzen, eta sagardoaren ezagugarriak azaltzeaz gain, jendearen galdera eta zalantzak argitzen saiatuko gara. Horrez gain, kontzertuak, pintxoak eta abar ere izango dira.

Zortzi sagardotegitako sagardoak dastatu ahal izango dira. Horietatik hiru arabarrak dira, ezta?

Bai, hiru arabarrak eta bost gipuzkoarrak. Jatorri deiturak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagar eta sagardogileak biltzen ditu, eta hori ere eman nahi dugu ezagutzera Gasteizen; elkarlaneko proiektu bat dela. Gipuzkoatik Altzueta, Akarregi, Itxasburu, Lizeaga eta Zelaia sagardotegiak etorriko dira, eta Arabatik Iturrieta, Kuartango eta Trebiñu. Egia da, arabarretan Kuartangok ekarriko duela jatorri deiturako sagardoa.

Trebiñuk traba administratiboengatik eta Iturrietak 2018ko uzta txikiagatik ezin izan zuten jatorri deiturako sagardorik egin azken uztan.

Zeintzuk dira Euskal Sagardoaren ezaugarri nagusienak?

Bi ardatz nagusi ditu: bertako sagarra eta kalitatea. Euskal Sagardoak Euskadiko 115 sagar mota ditu onartuak eta horrez gain, sagardoaren kalitatea bermatzeko baldintza zorrotzak zehaztu ditu, bai sagastirako eta bai sagardotegirako. Bertako sagardoarentzat etorkizun oparo bat nahi badugu, ezinbestekoa da bi ardatz horietan lan egiten jarraitzea, eta noski jendeari horren berri ematea. Jatorri deiturako sagardoek kapsula gorria edo lepoko sagar gorria daramate, eta hori da kontrol eta prozesu guzti hori bete dutela dioen zigilua.

Gipuzkoako sagardoarekin alderatuta, badu berezitasunik Arabakoak? Klimak, esaterako, zerikusia izango du...

Jatorri deitura beraren azpian daude Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardoak eta beraz antzekotasun handi bat badute. Baina egia da jatorri deitura sortu zenean, sagardoetan geneukan abaniko zabala errespetatu nahi izan zela eta helburu horrekin onartu ziren Euskadiko 115 sagar mota desberdin, hemen bakarrik daudenak eta ekoizten direnak. Sagar horien artean badira Araban bakarrik daudenak eta noski klimak ere zeresan handia du sagardoaren ezaugarrietan.

Araba desberdina da punta batetik bestera, sagardotegi bakoitzak dauka bere ukitua.

Ez nintzateke ausartuko Arabako Sagardoei ezaugarri bakar bat jartzen, eta Euskal Sagardoei aldiz bai. Izaera eta gorputz handiko sagardoak dira normalean, usaintsuak eta txinparta ederrekoak. Hori da Euskal Sagardoa bereizten duena, nahiz eta uzta bakoitzak eta sagardotegi bakoitzak bere ukitua eman.

Nola doa aurtengo uzta?

Oraindik sagastietan dago, eta ezin da datu gehiegirik eman. Orokorrean izugarrizko uzta dator, sagar asko dago sagastietan. Araban arazoren bat izan da izotzarekin, eta leku horietan uzta txikiagoa izango da, baina gainerakoan uzta handia dator.

Aihotz plazan probatu ahal izango dena, baina, iazkoa izango da...

Hala da. Izaera handikoa da iazkoa, koloretsua eta usaintsua. Uzta konplikatua izan zen kopuruan, sagar gutxi izan baitzen leku gehienetan, baina emaitza oso ona eman du kalitatean.

Zeintzuk dira esku artean dituzuen erronkak?

Erronka asko ditugu. Horietako nagusiak dira sagasti berriak sortu eta bertako sagar ekoizpena handitzea. Gaur egun, 50 sagardotegik egiten dute Euskal Sagardoa eta 234 sagargile ari dira jatorri deiturarako sagarra egiten. Datu interesgarriak dira baina handitzen jarraitzeko asmoa dugu. Eta horretarako ezinbestekoa da gure merkatuetan lan guzti hau ezagutzera ematea ere; hortik dator I. Euskal Sagardo Araba antolatzearen ideia. Baina bestelako erronkak ere baditugu epe ertainera: dibertsifikazioan lan egitea, inbestigazioa bultzatzea eta abar luze bat. Gure sagardoak etorkizun oparoa du, baina lan asko dago egiteko

GIZARTEA GASTEIZ