Sagardoaren lurraldea

Gurutzeta Sagardotegia, otxote doinuak upategian

Descripción

Gurutzeta sagardotegia Astigarragako Ergobia auzoan dago kokatua eta XIX. mende amaieran hasi zuen bere ibilbidea. Ordutik aldaketa ugari jasan ditu, eta gaur egun Joxe Angel Goñi da bertako arduraduna. Sagardo naturala ekoizteaz gain, beste hainbat sagardotegitan bezala Gurutzetan bazkari eta afariak eskaintzen dituzte txotx garaian. Sagardoaren Lurraldea bertan izan da sagardotegia barrutik ezagutu eta ezagutarazteko.

astigarraga gastronomía sidrería gurutzeta sidra sidrería txotx

Ficha

  • Autor: Sagardoaren Lurraldea
  • Fuente: Sagardoaren Lurraldea
  • Fecha: 2019-02-11
  • Clasificación: 2.0. Sidrería
  • Tipo documento: Blogs
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-008938

Texto completo

Gurutzeta sagardotegia Astigarragako Ergobia auzoan dago kokatua eta XIX. mende amaieran hasi zuen bere ibilbidea. Ordutik aldaketa ugari jasan ditu, eta gaur egun Joxe Angel Goñi da bertako arduraduna. Sagardo naturala ekoizteaz gain, beste hainbat sagardotegitan bezala Gurutzetan bazkari eta afariak eskaintzen dituzte txotx garaian. Sagardoaren Lurraldea bertan izan da sagardotegia barrutik ezagutu eta ezagutarazteko.
Hasiera-hasieratik, familia enpresa gisa funtzionatu du Gurutzeta Sagardotegiak. 1979. urtean, Joxe Goñi Urreagak hartu zuen sagardotegia zuzentzeko ardura eta bertako ekoizpena modernizatu zuen, dolare berriak eraikiz, upategia berrituz eta lana modu mekanizatuan antolatuz. Handik 10 urtera Joxe Angel Goñik, Joxe-ren semeak, hartu zuen enpresako ardura eta sagardotegia garai berrietara moldatu zuen, altzairuzko kupelak ezarriz, hartzidura kontrolatzeko hotza erabiliz eta merkatuari begira marketing teknika berriak bultzatuz. Egun, euskal sagardo naturala ekoizten dute, tradizioari eutsiz baina teknika eguneratuak erabiliz.

Gurutzeta Sagardotegian txotx errituaz gozatzen.

Sagardotegian familiako hiru kidek egiten dute egun lan. Joxe Angel Goñi bera da upategia zuzentzen duena, baina bere arreba Agurtzaneren laguntza du nagusiki sukalde lanetan. Goizero-goizero hasten dira lanean, eguerdian zerbitzatuko dituzten plateretako osagaiak prestatuz. Tipula zuritzen ari diren bitartean, Joxe Angelek eta Agurtzanek eguneko albisteak edo bart gauean izandako giroaren inguruko xehetasunak partekatzen dituzte, sukaldeko elkarrizketan. Lan karga handia dagoen egunetan, zerbitzari lanetan Odile ilobak ere laguntzen die.

Gurutzeta sagardotegiko familia argazkia. Ezkerretik eskuinera, Joxe Angel Goñi, Joxe Goñi Urreaga eta Agurtzane Goñi.

Gurutzetan zerbitzatzen dituzten plater guztiak mimo handiz zaintzen dituzte, baina bertako bakailao frijitua da seguruenik plater izarra. Produktua aukeratzen duten unetik platera mahaigaineratzen duten arte, bereziki zaintzen dute bakailao frijitua Gurutzetan. Asteazkenetan, gainera, Otxote bat gonbidatzen dute sagardotegiko giroa musikaz alaitzeko, eta txotx baten eta bestearen artean, txuletari haginka egiten dioten bitartean, bisitariek abesbatza txikiaren doinuekin gozatzen dute. Astean zehar, gainera, sagardotegiko menu murriztua dastatzeko aukera dago, bakailao frijiturik gabe, prezio apur bat merkeagoan. Aldez aurretik eskatuz gero, bakailaoa saltsan jateko aukera ere eskaintzen dute.

Gurutzeta sagardotegia sagardotegi txikia eta lasaia da, eta bertan familia giroa da nagusi. Ohiko bezeroak, inguruetako bizilagunak nagusiki, egunero agertzen dira upategian bezero taldeak iritsi baino lehen sagardo pixka bat dastatzeko. Erretiratua dagoen arren, han izaten da Joxe Goñi, umore eta elkarrizketarako prest, upelak irekitzen dituen bitartean.

Bazkari eta agariak konpainia eta hiro ezin hobean.

Sagardoa da, hala ere, Gurutzetako protagonista nagusia eta zaintza gehien jasotzen duen produktua. Izan ere, txotx boladan otorduak ematen dituen arren, Gurutzetan sagardoaren ekoizpenari ematen diote garrantzia gehien, ahalik eta kalitate oneneko produktua ekoitzi eta merkaturatzeko. 2017an ospatu zen Sagardo Forumeko Nazioarteko Sagardo Txapelketan brontzezko domina jaso zuen euskal sagardo naturalaren kategorian.

Goñi sendia Gurutzeta sagardotegiko sukaldean lanean.

Joxe Angel Goñiren amonak kontatzen zuenez, garai batean bazen gau nahiz egun sagardotegian igarotzen zuenik. Hainbeste denbora ematen zuten ohiko bezero batzuek Gurutzetan jan-edanean eta kantuan, bati baino gehiagori emazteak azpiko-arropa ere eramaten ei baitzion, sagardotegian bai baina gutxienez itxuroso egon zedin. Izan ere, behin Gurutzetara sartuta, ez da erreza azken sagardo tragoari muzin egin eta handik irtetzea.

Txuleta, bakailaoarekin batera, sagardotegi menuko errege.

Txotx boladako ohiko sagardotegiko otorduez gain, Gurutzetan eskaintzen dute bestelako esperientziarik, sagardoaren kultura ez ezik ingurua ere ezagutzeko. Mendi ibilbideak, oinez ala bizikletaz, “arraun-txotx” izenburupean arraunean ibili eta itsasoan sagardoa dastatzeko aukera, gazta eta sagardo dastaketak, sagardotegiko pintxoak egiteko ikastaroak edo txuleta bat behar bezala nola egiten den ikasteko aukera eskaintzen dute, besteak beste.

Gurutzeta sagardotegia Sagardoaren Lurraldeko kideetako bat da eta bertan erreserba egin nahi izanez gero 943 550 575 telefonora deituz egin daiteke edo zuzenean geure webgunean duen ataletik eskabidea eginda.