Sagardoaren lurraldea

Isastegi sagardotegiak irabazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren XVIII. Sagardo Lehiaketa

Descripción

Bertako sagarrarekin egindako sagardoa saritzeko helburuarekin, zortzi sagardoetxe sailkaturen artean aukeratu du epaimahaiak aurtengo txapelduna. 'XVIII. Sagardo lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak' txapelketaren sari-banaketa gaur eguerdian egin da Gipuzkoako Foru Jauregiko Tronu aretoan, eta bertan izan dira Markel Olano jarduneko diputatu nagusia, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako jarduneko diputatua, eta lehiaketan ...

donostia concurso de sidra de la diputación foral de gipuzkoa sidrería isastegi concurso sidra premiado

Ficha

  • Autor: Sagardoaren Lurraldea
  • Fuente: Sagardoaren Lurraldea
  • Fecha: 2019-06-18
  • Clasificación: 5.6. Concursos
  • Tipo documento: Blogs
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-008918

Texto completo

Bertako sagarrarekin egindako sagardoa saritzeko helburuarekin, zortzi sagardoetxe sailkaturen artean aukeratu du epaimahaiak aurtengo txapelduna.

‘XVIII. Sagardo lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak’ txapelketaren sari-banaketa gaur eguerdian egin da Gipuzkoako Foru Jauregiko Tronu aretoan, eta bertan izan dira Markel Olano jarduneko diputatu nagusia, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako jarduneko diputatua, eta lehiaketan parte hartu duten sagardotegi guztietako ordezkariak. Tolosako Isastegi sagardotegia izan da azken zortzi sailkatuen artean irabazlea eta epaimahaiak sagardoetxe honek egiten duen sagardoaren kalitate analitiko eta organoleptikoa jarri ditu balioan.

Markel Olanok gogorarazi du lehiaketa honen helburu nagusia dela bertako sagarrarekin egindako sagardoa, Euskal Sagardoa jatorri-izendapena, balioan jartzea, sustatzea eta saritzea: “Gure sagardogileek atsedenik gabe egiten duten jarduna aitortzeko helburuarekin egin zen lehen aldiz txapelketa hau duela 18 urte, eta gaur ere lan hori balioan jartzen jarraitzen dugu, lehen sektorearen ikur sendoenetako bat dena, ekonomiaren zein kulturaren ikuspegitik garrantzia izugarria duen azpisektorea, hain zuzen ere”. Horretaz gain, bertako sagarraren aldeko apustua berretsi du diputatu nagusiak, “Euskal Sagardoaren alde egiten jarraituko dugu, sagardoa bertako sagarrarekin ekoiztu dadin eta kalitate handiko sagardoa egiten jarraitu dezagun. Horrela, gainera, sektore bat, paisaia bat, izaera bat eta kultura bat sendotzen ari gara; eta benetan harro sentitzeko modukoa den zerbait da hori”.

Gipuzkoako Foru Aldundia Sagarko Lehiaketaren aurtengo edizioak sailkapenean berrikuntza bat izan du. Orain arte, aurkeztutako sagardotegi guztien artetik sei sailkatzen ziren azken faserako, eta sei horietatik irabazleaz gain, bigarren eta hirugarren postuak ere finkatzen zituen epaimahaiak. XVIII. edizioan, aldiz, aurkeztutako sagardoetxe guztietatik, puntuazioaren arabera hiru kategoria ezarri dira lehen fase batean: urrea 72 puntutik gora, zilarra 65 eta 72 puntu artean, eta brontzea 60 eta 65 puntu artean. 60 puntuko minimoa lortu ez duten sagardotegiak dominarik gabe geratu dira; eta txapelduna berriz, bigarren dasta-fasean aukeratu da, urrezko kalifikazioa lortu duten sagardotegi horien artean.

Hau horrela, Sagardo Lehiaketako 2019ko edizioan zortzi izan dira 60 puntutik gora lortu dituzten sagardoetxeak: brontzezko kalifikazioa lortu du Petritegik, zilarrezkoa Alorrenea sagardotegiak, eta urrezkoa Aburutza, Altzuela, Isastegi, Oiharte, Tximista eta Zelaiak. Txapeldunetan txapeldun, ordea, Isastegi sagardoetxea gailendu da. Saritu guztiek euren botiletan, datorren urte osoan, zigilu akreditatibo bat eramateko aukera izango dute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko sailkapena erakutsiko duena.

Urtero bezala, Aldundiko Fraisoroko dastagunean ikasi eta diplomadun diren sei dastatzaileek osatutako epaimahaiak aukeratu du irabazlea. Haiek izan dira lehen sailkapenean urrea, zilarra eta brontzea esleitzearen arduradunak. Urreen artean txapelduna aukeratzeko, aldiz, sagardotegiek beraiek proposatutako hiru pertsonek, Aitor Mendiluze, Andoni Eizmendi eta Mikel Rodriguez, eta Fraisoroko dasta-paneleko hiru profesionalek osatu dute epaimahaia. Txapelduna aukeratzeko, lagin guztien alderdi analitikoa eta organoleptikoa aztertu dira, eta dasta-panelak sagardoaren dastaketa panelaren zentzumenezko analisiak egiteko metodoa jarraitu du. Aurkeztutako sagardo guztiei egin zaie analisi fisiko-kimikoa, dastaketa organoleptiko fasera pasatzeko ezinbesteko baldintza dena, eta guztira 13 analisi egin zaizkio sagardo bakoitzari. Aipatzekoa da aurkeztutako sagardo guztiek pasa dutela hasierako analisi fasea.

Fruta usaina eta aroma freskoa duen Euskal Sagardoa

2018ko kanpainako datuak ezagutarazi dira sari-banaketa ekitaldian, fruta usaina eta aroma freskoa duen 1.500.000 litro sagardo ekoitzi dira azken kanpainan, Euskal Sagardoa jatorri-izendapenaren baitan. Bertako 2.200.000 kilo sagar erabili dira sagardoaren ekoizpenerako eta guztira 43 dira jatorri-izendapenera atxikitako sagardoetxeak, eta 234 fruta-biltzaile aritzen dira lanean 486 sagarrondo hektareatan.

Aurtengo uztaren ezaugarri nagusi gisa aipatu dira sagarrondoen loratze berantiarra, udaberriko eguraldi euritsua, eta udara lehorra eta beroa. Sagarrondo-platazioen arteko produkzio kopuru irregularra eta harrak jotako sagarren kopurua ere altua izan dela azpimarratu da. Hala ere, jasotako sagarraren tamaina eta errendimendua egokiak izan dira. Sagar autoktonoarekin, kolore eta gorputz handia duen sagardoa izan dela adierazi da; hau da, sagardo orekatua, gorputz handikoa eta alkol maila altuagoa duena.

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia