Gartziategi Sagardotegia, 500 urte tolarearen bueltan
Descripción
Baserri honetan XVI. mendetik etenik gabe aritu dira sagardoa ekoizten eta gaur egun ere halaxe dihardute, belaunaldiz-belaunaldi ikasitakoa sagastitik kupelera eta kupeletik botilara eramaten. 2015. urtean Ander eta Nere anai-arreba gazteek hartu zuten lekukoa eta aurten, beren etxean ospatu da 2019. urteko txotx denboraldiaren irekiera.
caserío lagar sidrería gartziategi gastronomía historia sidra sidrería
Ficha
- Autor: Sagardoaren Lurraldea
- Fuente: Sagardoaren Lurraldea
- Fecha: 2019-02-07
- Clasificación: 2.0. Sidrería
- Tipo documento: Blogs
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-008898
Texto completo
Baserri honetan XVI. mendetik etenik gabe aritu dira sagardoa ekoizten eta gaur egun ere halaxe dihardute, belaunaldiz-belaunaldi ikasitakoa sagastitik kupelera eta kupeletik botilara eramaten. 2015. urtean Ander eta Nere anai-arreba gazteek hartu zuten lekukoa eta aurten, beren etxean ospatu da 2019. urteko txotx denboraldiaren irekiera.
Egin erreserba Gartziategin
Testua: Haritz Rodriguez Ciderzale
Argazkiak: Jon Urbe eta Haritz Rodriguez
Litekeena da Gartziategi izatea XVI. mendetik sagardoa etenik gabe ekoizten aritu den euskal sagardotegi bakarrenetako bat. XX. mende erdialdeko garairik zailenetan ere, baserri honetan sagardogintzari eutsi zioten eta aurrera egitea lortu zuten. Beste askok, aldiz, ekoizteari utzi behar izan zioten zenbait urtez.
Etxe honetan Arrietatarrak izan dira aintzinatik lanean. Julian Arrieta herenaitonak 9 alaba izan zituen eta Juanak, Ander eta Nereren birramonak, hartu zuen sagardotegiko ardura. Lan honetan bere senarra Jose Mari Lizeaga izan zuen alboan. Hortik datorkie gaurko arduradunei abizena.
Gartziategiko upategian sartu eta bertan dauzkaten kupel zaharrek berehala bereganatzen dute bisitariaren arreta. Horietako batzuk Jose Mari birraitonak berak eskuz egindakoak dira, eta beste batzuk ehun urtetik gora dauzkate.
Aintzinako eta egungo giroa nahasten dira Gartziategin. Nere eta Anderren osabatako bat biologoa da eta egurraren datazioa egiten aritzen da. Orain urte batzuk, sagardotegiko zutabe bateko lagina hartu zuen azterketa egiteko. Analisiaren arabera, zutabe hori bertan egon da XVI. mende amaieratik, nahiz eta inguruko eraikinak aldatzen joan diren denborak aurrera egin ahala.
Gaurko egunean sagardotegiaren zati bat hartzen duen eraikina, aldiz, berriagoa da. Baina badu bere historia ere. XIX. mendean ontziola izan zen, eta Urumea ibaian gora eta behera merkantzia garraiatuz ibiltzen ziren ontzien beharrei erantzuten zien. Oraindik ere, euri asko ari duenean mareak gora egiten badu, urak hartzen ditu inguruak.
Egunerokoan, lanean, Ander eta Nere aritzen dira, nahiz eta txotx garaian lantalde handiagoa izaten dute. Sagastien zaintza, sagar uzta, sagarraren zapaltzea eta sagardogintzak behar dituen lan guztien ardura anai-arreben esku dago. Biak aritzen dira prozesu osoan, “lau begik hobeto ikusten baitute bik baino”, esan du Nerek. Beste bi pertsona ere aritzen dira lanean beraiekin. Eta, nola ez, tarteka ere gurasoengandik jasotzen dute laguntza. Anderrek eta Nerek sagardotegia bere gain hartu eta urte berean Gipuzkoako Foru Aldundiko Sagardo Txapelketako lehen saria eskuratu zuten, 2015ean.
“Gurea sagardo upategia da eta sagardoa da geure produktu izarra, dela txotxekoa, dela botilakoa”, esan dute. Gartziategin sagardoak du protagonismoa. Txotx sasoiko dinamika garrantzitsua den arren, “ate horretatik sartzen dena nahiko genuke etortzea sagardoa dastatu eta gustukoa duelako”. Eta noski menuak sagardoaren kalitate maila berbera izaten du, “ezin da ongi jan ongi edaten ez baduzu, ezta alderantziz ere”.
Izatez, bi zigilurekin egiten dute lan Gartziategin: Gorenak eta Euskal Sagardoa. Zigilu horiek eskuratzeko, ekoitzitako sagardoa probaketa talde batetik pasa behar da Fraisoro Laborategian. Ekoitzitako sagardoren batek ez badu eskuratzen zigilua, ez dute merkaturatzen. Adierazi dutenez, “guk sagardoaren dignifikazioan egiten dugu lan, merezi duen lekua emateko”.
Baserriko eraikinean harribitxi bat dute gordeta: Bi ardatzeko tolare elektriko zaharra. Aitonak kontatutakoaren arabera, Euskal Herrira iritsitako gisa honetako lehenengo tolarea izan daiteke. Makina honen ondoan, gainera, sagarrak txikitzeko matxaka bat ere badago, eta burdinezko oinarrian jartzen duenez, 1876. urtekoa da.
Gartziategi ez da sagardotegi bereziki handia, eta giro epela nagusitzen da bertan batez ere astean zehar. Behinola, aktore ezagun bat bertaratu zen sagardotegira eta inork ez zion erreparatu. Pertsona famatua izanda ere, lasai asko ibili zen kupel batetik bestera sagardoa dastatzen. Halako batean, ohartu ziren zinemako izarra zela eta elkarrekin argazkia atera zuten. Eskertu zien familia giroan egon ahal izana, une batez bere fama atzean utzi eta beste edonor izango bailitzan gozatu ahal izan zuelako. Mario Casas aktorea zen.