¡Feliz txotx berri!
ocio iñaki bengoetxea irun sidrería ola sidra apertura del txotx
Ficha
- Fuente: Irunero Aldizkaria
- Fecha: 2009-02-01
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Revistas
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-000882
Texto completo
Irungo sagardo berria prest dugu txotxetik edateko. Urtero legez, Meakako OLAn sasoiari hasiera emateko ekitaldi handia antolatu zuen bertako nagusi Iñaki Bengoetxeak. Urtarrilaren 25ean burutu zen jaialdia, Iñaxio Errandonea pilotaria omendua izan zela. Berako kirolaria txotxetik edaten lehena izan bazen ere haren ondoren bertara bazkaltzera bildu ziren 200 lagunek ederki asko gozatu zuten sagardo berria dastatuz. Udazken aldean Iñaki Bengoetxeak etxeko sagastien fruituak bildu eta matxakan sartu zituen patsa egiteko. Handik egun gutxitara zizarra -lehen zukua, akohol gutxikoa- eskaini zien Sagarraren Eguna ospatzera Olara joan zirenei. Urtarrilerako, upeletan sartutako zukuaren hartziduraz, sagardoa lortzen da. Hamaikagarren urtez, Irungo sagardotegi bakarrean bereberezko dugun edariari ongi etorria egin zitzaion. Aurtengoan, Iñaki Bengoetxeak txo-txetik edaten lehena izateko ohorea Iñaxio Errandoneari eskaini zion. “Gehienetan kirolaria aukeratzen dut. Inaxio ezaguna dut eta gustuko pilotaria, gainera”, azaldu digu Olako nagusiak. Meaka auzoko Enekoitz Urtxegik agurra dantzatu zion omenduari, inguruan 200 lagun inguru zituela. Ekitaldian zehar bertaratuek txalaparta entzuterik izan zuten, baita bertsosaio bat ere, Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Mendiluze lehen mailako bertsolariek eskainia. Iñaki Bengoetxeak neurri errealean landutako zurezko botila, sagarra eta edalontzia eman zion Berako pilotariari, oroigarri gisa. Azkenik, sasoi hasierako jaialdia amaitzeko, 200 bazkaltiarrek bapo jan eta txotxetik edan zuten. 100.000 litro sagardo Aurtengo uztak sagar asko eman dituela adierazi digu Iñakik. “Iaz 70- 80.000 litro egin nituen, aurten, berriz, 100.000. Kanpora 100.000 kilo sagar bidali ditut eta halere, soberan izan dut”. Datozen hilabeteotan zehar Olan dastatuko den sagardoa freskoa, leun samarra eta edateko erraza izango dela adierazi du Irungo sagardogileak. Kalitatezko sagardoa helburu Iñaki Bengoetxea beste 21 sagardogile gipuzkoarrekin batera kalitatezko sagardoaren alde lanean dihardu. “Gure produktua defendatu nahi dugu. Horretarako bidea bertako sagarrekin egitea, jatorrizko sagardoa egitea, alegia”. Produktuaren trazabilitatea delakoan murgildurik daude, hots, produktua sorreratik (sagarretik) merkaturatzeraino (sagardoraino) identifikatu ahal izateko ekintza multzoan. Trazabilitateari esker ekoizleek produktua merkatu zehatzetan eta errentagarriagoetan sal dezakete. 2020. urterako espero dute xede hori %100ean bete ahal izatea. Sagarretik... sagardoa DVDa salgai Iñaki Bengoetxeak iaz argitaratutako Sagarretik... sagardoa izeneko DVDa aurten ere salgai da. Bertan, hazitik hasi eta sagardoa lortu arte sagarraren prozesu guztia azaltzen du. Dokumentuak balio etnografiko garrantzizkoa du, galtzeko bidean dauden lantzeko modu eta teknika tradizionalak jasotzen baititu. Bi DVDtan banaturiko lana da, guztira 3 orduko grabaketa.