Sagardoaren lurraldea

VIII. Kizki Eguna Astigarragan.

Descripción

Aurtengoan zortzigarren edizioa izango du Kizki Egunak eta datorren irailaren 25ean, igandez, ospatuko da Astigarragan, 2009an lehen aldiz egin zenetik eskualdeko herrietan urtez urte egin bezala. Kizki eguna GOLDEA elkartearen ekimenez sortu zen, sagardogintzari lotutako kultura, eta zehatzago esateko, sagarra biltzeko prozesua eta kizkia bera, alegia, sagastietan sagarra lurretik biltzeko erabili ohi duten tresna, ezagutarazteko ...

ocio astigarraga kizki eguna manzana

Ficha

  • Autor: Sagardoaren Lurraldea
  • Fuente: Sagardoaren Lurraldea
  • Fecha: 2016-09-13
  • Clasificación: 5.8. Otros
  • Tipo documento: Blogs
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-008691

Texto completo

Aurtengoan zortzigarren edizioa izango du Kizki Egunak eta datorren irailaren 25ean, igandez, ospatuko da Astigarragan, 2009an lehen aldiz egin zenetik eskualdeko herrietan urtez urte egin bezala.

Kizki eguna GOLDEA elkartearen ekimenez sortu zen, sagardogintzari lotutako kultura, eta zehatzago esateko, sagarra biltzeko prozesua eta kizkia bera, alegia, sagastietan sagarra lurretik biltzeko erabili ohi duten tresna, ezagutarazteko helburuarekin.

Kizki Eguneko jarduera nagusia aldi berean kizkiarekin sagar biltzen ahalik eta jende gehien biltzea izan da, betiere marka edo errekorra ezarri nahian. Helburu hori gogoan, Astigarragak ezarri zuen lehen marka, 311 lagun (kizki-lagun deitzen ditugunak) bildu baitzituen zeregin horretan. Ondoren etorri ziren Oiartzun, 354 kizki-lagunekin, Goizueta 400 lagunekin, Hernani 436rekin, Donostia 347rekin eta Usurbil 173rekin. Iazkoan, aldiz, 441 kizki-lagun bildu ziren Errenterian.

Aurtengo ediziorekin Astigarragan bertan hasitako bideari eman nahi zaio amaiera. Amaiera horretarako errekorra ezarri nahi da berriz ere, eta helburu horrekin batuko dituzte indarrak Kizki egunak antolatu izan dituzten zazpi udalerriek. 700 kizki-lagun biltzea izango da erronka, aldi berean kizkiarekin sagarra bilduko duten 700 lagun elkartzea.

Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek ondorengo web-orrian eman ahal izango dute aurrez izena: www.sagardoarenlurraldea.eus. Egunean bertan ere izango da horretarako aukerarik. Kizkiak euro 1en truke eskuratu ahal izango dira errekorra ezartzeko ekitaldia hasi aurretik. Norberak ekarritakoa ere erabili ahal izango da, noski. Kizkia etxetik ekarri edo bertan eskuratu, 16 urtetik gorakoek izena eman egin beharko dute, hori ezinbestekoa baita azkenean marka ezarriko duten pertsonen kopurua zehaztu ahal izateko.

VIII. Kizki Eguna XVI. Sagar Uzta 2016 jaiaren baitan gauzatuko da, eta Sagardoaren Lurraldearen laguntzaz. Eguneko egitaraua 12:30ean hasiko da, erronkan parte hartuko duten zazpi herrien arteko marmitako txapelketarekin. 13:00etan izango da marka berria ezartzeko ekitaldi nagusia. Ondoren etorriko da herri bazkaria, eta arratsaldez, 17:30ean hasita, sagar biltzeko, garraiatzeko eta txikitzeko desafioa, zazpi herrietako taldeen artekoa.

Kizki Egunaren antolatzaileek (Astigarragako GOLDEA elkarteak, Oiartzungo herriak, Goizuetako herriak, Hernaniko Sagardo Kofradiak -orain gutxi bere jarduna bertan behera utzi badu ere-, Donostiako Parte Zaharrean Bizi elkarteak, Usurbilgo Sagardo Egunaren lagunek eta Errenteriako elkarteak) sagardoaren kulturan hain errotuta dagoen jai honetan parte hartzeko deia egin nahi diete beren herrietako herritarrei, baita erronkan parte hartu nahi duten gainerako guztiei ere.