Sagardoaren lurraldea

"Gipuzkoako Pomologia Batzordearen Ehun Urte" liburuaren aurkezpena.

Descripción

Sagardotarako sagarren alorrean Aldundiaren lana jasotzen du 'Gipuzkoako Pomologia Batzordearen Ehun Urte' liburuak; Ainhoa Aizpuru diputatuak eta Lourdes Odriozola historialariak aurkeztu dute. "Mende beteko elkarlanaren ondorioz, lurraldeko sagardogintzaren ikurretako bat kalitatearen aldeko apustua da", adierazi du gaur Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Gipuzkoako Pomologia Batzordearen Ehun Urte liburuaren aurkezpenean.

cien años de la comisión especial de pomología de gipuzkoa historia libro patrimonio sidra manzana manzano manzanal

Ficha

  • Autor: Sagardoaren Lurraldea
  • Fuente: Sagardoaren Lurraldea
  • Fecha: 2016-09-22
  • Clasificación: 1.4. manzanal
  • Tipo documento: Blogs
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-008681

Texto completo

Sagardotarako sagarren alorrean Aldundiaren lana jasotzen du ‘Gipuzkoako Pomologia Batzordearen Ehun Urte’ liburuak; Ainhoa Aizpuru diputatuak eta Lourdes Odriozola historialariak aurkeztu dute.

“Mende beteko elkarlanaren ondorioz, lurraldeko sagardogintzaren ikurretako bat kalitatearen aldeko apustua da”, adierazi du gaur Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Gipuzkoako Pomologia Batzordearen Ehun Urte liburuaren aurkezpenean. “Mende betean pomologiaren esparruan egin dugun langintzaren benetako protagonistak lurraldeko baserritar eta sagardogileak dira. Arduraz eta jarraitasunez jokatuta lortu dute sagastiak eta sagardotegiak bizirik jarraitzea gaur egun ere; ondo bizirik gainera, gero eta profesionaltasun handiagoz”, azaldu du Aizpuruk.

Lourdes Odriozola Oyarbide (1964) historialariak idatzitako liburua da Gipuzkoako Pomologia Batzordearen Ehun Urte, zeinek jasotzen duen azkeneko ehun urte hauetan Foru Aldundiak egindako ibilbidea sagardotarako sagarraren alorrean. 1916ko abuztuaren 31n Pomologia Batzorde Berezia martxan jarri zenetik –aurrekariak ahaztu gabe– gaur arte.

Foru Aldundian bertan egindako aurkezpenean Ainhoa Aizpuruk gogoratu duenez, “urte hauetan guztietan”, Foru Aldundiaren zerbitzu teknikoak “etengabe aritu dira Gipuzkoako nekazaritza sektorearen eskuetan jartzen garai bakoitzeko teknika aurreratuenak”. “Mintegizainak, kimatzaileak, txertatzaileak, upelgileak, enologoak, teknikariak, baserritarrak eta sagardogileak, nahiz garai bakoitzean egon diren ordezkari publikoak, guztion lanaren emaitza da gaur egun sagastiak homologatuta izatera iritsi garela, eta sagardoak kalitate bereizgarrien arabera egitera, hori baita gure lanaren orientabide eta arrazoi”, gaineratu du.

Foru diputatuak azpimarratu duenez, norabidea “argi dago”. “Kalitatezko sagardoa ekoiztea, bertako sagarrarekin guztiz egindakoa. Aldundiak jauzi handi bat eman nahi du sektorearekin elkarlanean, bertako sagar motak bultzatuz, bide batez irtenbide bat eman nahirik gutxiegi erabilitako lurrei”.

Abiapuntua, XIX. mendearen amaieran

“Sagarrak eta sagardoa euskal kulturaren nortasun ezaugarri nagusietako bi dira eta, gaur egun, bere unerik gozoenetako bat ari dira bizitzen, denbora, ahalegin eta lan handiaren ondotik. Ez da, ordea, beti horrela izan”, jakinarazi du Lourdes Odriozolak gaurko aurkezpenean. Hala erakusten dute Gipuzkoako Pomologia Batzordearen Ehun Urte liburuan jasotako pasarte eta dokumentuek.

Historialariak azaldu duenez, lan honen abiapuntua XIX. mendearen amaieran kokatzen da. Aldaketa sozial, ekonomiko eta politiko sakonen garaia zen Gipuzkoan, eta sagarrondoei lotutako nekazaritzak nahiz sagardogintzak inoizko garai txarrenak bizi zituen, nekazaritza berri edo nekazaritza zientifikoaren aita gisa ezagutzen ditugun Severo Aguirre Miramon eta Bizente Laffitten lan zientifikoek aipatzen dutenez.

Aguirre Miramonek eta Laffittek egin zituzten planteamenduek sustraiak sakon zabaldu zituzten Foru Aldundian eta 1908an Fraisoroko Etxalde Probintzialaren zuzendaria bidali zuen Saint Brieuc-eko pomologia lehiaketa eta biltzarrera, han ezagut zitzan arlo honetan ziren azken aurrerapenak. Hura izan zen Pomologia Batzordearen ernamuina.

Sorburutik beretik, Pomologia Batzorde Bereziak lan izugarria egin du Gipuzkoan pomologiaren eta pomologia suspertzearen alde. Bertako sagar barietateak kontserbatzera, berreskuratzera eta aztertzera jo du, sagarrondoaren laborantzan printzipio zientifikoak aplikatzea sustatu du etekinak hobetzeko, eta nekazari eta sagardogileen prestakuntza hobetzea, kanpo merkatuan lehiakorra izango den kalitatezko sagardoa egitea, ikerkuntza eta berrikuntza izan ditu xede. Eta zertzelada politikoek ez dioten arren beti aukera eman, ahalegina egin du bere nekazaritzako politikaren jarduera-ildoak unean uneko zertzelada, eskaera eta beharretara egokitzeko.

Kontu horiek eta beste batzuk aztertzen dira Lourdes Odriozolaren liburuan, lau bloke kronologiko nagusitan antolatuta. Lehenean, sagarrondoaren laborantzaren eta sagardoaren sektorearen egoera aztertzen da, XIX. mendearen amaieratik Pomologia Batzorde Bereziaren sorreraraino iritsiz; bigarrenean, Batzordearen lehen aldia aztertzen da, hau da, haren sorreratik Gerra Zibilaren amaierarainokoa; hirugarrenean, Batzordeak frankismo garaian garatu zituen jarduerak; eta laugarren eta azkenekoan, 1982an abian jarritako Pomologia Sustatzeko Programa, gaur egun ere garatzen segitzen duena bera.

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia.