Sagardoaren lurraldea

Sagar Handitik sagar txikira

Descripción

Hasi da 2019ko txotx garaia. Astigarragan aurkeztu, eta Donostian edan zuten atzo lehen sagardo tragoa, Gartziategi sagardotegian. Olatz Arrieta kazetaria izan zen, sagardoarekin berarekin batera, Sagardo Berriaren 26. Eguneko protagonista. Iaz baino gutxiago ekoitzi da, baina ez du kalitaterik falta.

astigarraga bertsolarismo sidrería gartziategi olatz arrieta protagonista sagar dantza sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx

Ficha

  • Autor: Jacoba Manterola
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2019-01-17
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P31-7
  • »
  • Código: NA-008315

Texto completo

Txalaparta hotsak eta sagar dantzak iragarri zuten hastear zegoena: asteazkena izanagatik, zerbaiten hasiera izan zen atzo Astigarragan (Gipuzkoa). Datozen hilabeteetan kupelak hustuko dira, kaleak betetzeko. Txotx irekierarekin, dagoeneko hasi da sagardo garaia. Iazko uzta «historikoaren» ondoren, berebiziko interesa zegoen aurtengoaren berri izateko. Egun bereziaren protokolo zurrunaren gainetik, sagardo berriaren bueltan beste denboraldi bat ospatzeko irrika sumatzen zen Astigarragako Sagardoetxearen inguruan.

Astigarraga bertakoa den arren, Bruselatik etorri da aurtengo txotx irekiera egiteko ardura izan duen pertsona: Olatz Arrieta kazetaria. «Urduri» aritu zen inaugurazio lanetan; «hemen dugun egunik handienetako bat» da Sagardo Berriaren Eguna, harentzat. Gartziategi sagardotegian eman zion lehendabiziko tragoa aurtengo sagardoari, eguerdian abiatutako zeremonia zainduaren ondoren.

Sagardoetxea jendez beteta zela, Dantza filmaren teaser baten proiekziokoak izan ziren aretoa betetzen zuten kamerek hartu zituzten lehen irudiak. Han zen filmeko lantaldea ere, Telmo Esnal zuzendaria, Koldobika Jauregi produkzio diseinatzailea eta Juan Antonio Urbeltz koreografo burua. Erakundeetako ordezkariek eskertu zieten «sagardoaren kultura» eta haren «estetika» irudikatzen egindako ahalegina.

Arrietak ere eskertu zituen han elkartutakoen zorion mezuak, eta, plater itxurako oroigarria jaso bezain laster, eguneko bigarren zeregin garrantzitsua izan zuen kazetariak: sagarrondo bat landatu zuen Sagardoetxeko sagastian. Aitzurra askatzearekin batera heldu zioten mikrofonoari Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariek. Kazetariaren lanari tiraka jardun ziren: «Nueva Yorkeri Sagar Handia esaten diote baina/ historiarik ba al du gure sagar txiki baten adina», Maiak. «Halako uzta eman dezala zuk landatzen duzun hitzak», Arzallusek.