Txinparta biziko 11,78 milioi litro sagardo dastagarri, txotx bolada berrian
Descripción
Historikotzat jo duten iazko ekoizpenaren ostean, sagardo gutxiago baina kalitate altukoa ekoitzi da. 234 sagardogileren baino gehiagoren 2,3 milioi bat kilo sagarrekin, 11,78 milioi litro sagardo ekoitzi dira aurtengoan Euskal Herrian, haietatik 1,5 milioi litro bertako sagarrarekin ekoiztuak, Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenekoak alegia.
astigarraga olatz arrieta protagonista sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx cosecha
Ficha
- Fuente: Noaua aldizkaria
- Fecha: 2019-01-16
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-008312
Texto completo
Historikotzat jo duten iazko ekoizpenaren ostean, sagardo gutxiago baina kalitate altukoa ekoitzi da. 234 sagardogileren baino gehiagoren 2,3 milioi bat kilo sagarrekin, 11,78 milioi litro sagardo ekoitzi dira aurtengoan Euskal Herrian, haietatik 1,5 milioi litro bertako sagarrarekin ekoiztuak, Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenekoak alegia.
Sagardo gutxiago bai, baina izaera handiagokoak dastatuko ditugu, aipatu jatorri izendapeneko gerente Unai Agirreren arabera. “Kolore gehixeagoko produktua izango dugu aurten, gorputz gehiago nabarituko dugu ahoan eta alkohol gradu azido gehixeago izango du”.
Begi bistarako, “txinparta biziko eta lasto koloreko sagardoak”, usaimenerako “sakontasun aromatiko handia, fruta-usainekin” eta dastamenerako, “gorputz handiko eta sendotasun nahiz freskotasunaren oreka egokiko sagardoak” izango omen ditugu.
Antza, iaz bezain “aurreratua etorri da uzta. Loraldia beranduago izan zenez, azpimarratzekoa da heldutasunaren aurreratzea”.
Xehetasunok asteazken eguerdian eman dituzte ezagutzera Astigarragako Sagardoetxean, Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, 26. Sagardo Berriaren Eguneko ospakizunen baitan, sektore honetako eragile ezberdinetako ordezkariek egin duten agerraldian. Olatz Arrieta ETB-ko kazetaria gonbidatu dute txotx boladaren hasiera ekitaldira.
“Bertako sagarraren alde eginiko apustua finkatzen ari da”
Sagardo gutxiago ekoitzi arren, “bertako sagarrarekin eginiko apustua ondo funtzionatzen ari da”, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako nekazaritza, arrantza, eta elikagai politiketako sailburuorde Bittor Orozek. Horren adibide gisa jarri ditu ondoko datuok. Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren baitako sagardotegi kopurua 48tik 50era igo da azken urtean; 234 ekoizle daude, iaz baino 19 gehiago; eta 486 hektarea, iaz baino 15 gehiago.
Goranzko datuok erakusten dutenez, “bertako sagarraren alde eginiko apustua finkatzen ari da”. Pixkanaka, etorkizunerako sagardoa %100ean bertako sagarrarekin ekoizteko jarria dagoen erronka betetzetik gertuago gara. Baina zeregina bada oraindik; “sagardoak prestigioa behar du, prezio handiagoa eta kalitatezko kontsumoa”. Kontsumitzaileei bertako produktuen aldeko apustua egitea eskatu die. Horretarako, sektore honetan inplikatuak dauden eragile guztien arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du.
Sektoreari eskertza
100 urte lankidetzan ari den sektorea eskertu nahi izan du Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko ekonomia sustapeneko, landa inguruneko eta lurralde orekako diputatuak. Eskerrak helarazi nahi izan dizkio sektoreari, “kalitatezko produktua bultzatzen lan handia egiten dutelako eta lurraldearekiko konpromiso handia azaltzen dutelako”. Aipatu duenez, “bi lerro hauetan bidelagun izango gaituzue”.
Bertako sagarrondoak sustatzeko legealdi hasieran abiatutako proiektuaren emaitzak aurkeztu ditu. “85 hektarea berri landatzea ekarri du. Ia milioi bat euro bideratu dugu sagarrondo horiek landatu eta bertan makinaria aproposa erabiltzera”. Sagardoaren %100a bertako sagarrarekin ekoizteko oraindik bidea jorratzeke badela gogorarazi du.
Erakargarritasun handikoa bisitarientzat
Geroz eta bisitari gehiago datoz gure artera sagardoaren kulturak erakarrita. Txotx garaian %20, eta udan %67ra igotzen da bisitari kopurua, “hortik ia %80 Euskadi kanpotik datozen bisitariak”, Basquetourreko zuzendari Harkaitz Millanek gaurko ekitaldian azaldu duenez.
Sagardotegietako esperientziok bizitzera datozen bisitarien etorrerak tokiko gizarte eta ekonomiarentzako aukera ederra suposatzen duela nabarmendu du.
Sagardoak turismoaren estrategian duen funtzioaren garrantzia nabarmendu du Denis Itxaso, Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo, gazteria eta kiroletako diputatuak. Donostiak erakarritako turismoa Gipuzkoan barneratzeko Foru Aldundiak duen estrategian “sagardoak asko laguntzen gaitu”, gaineratu du.
Ostalaritzan presentzia irabazten
Eskuartean dituzten egitasmoen errepasoa egin du Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko gerente Unai Agirrek. Batetik, jatorri izendapen hau, sagar gorridun marka eskuratzeko egiten duten lan prozesua azaldu du. Ostalaritza mundura begirako lehen proiektuak bideratu dituzte, eta aurten bide horretan sakontzeko asmoa dute, “euskal sagardoak presentzia handiagoa izan dezan”. Honez gain, “zuzeneko salmentan eta esportazioan bidea egiten hasi nahi genuke”.
Nazioartean saretzen
Sagardoaren Lurraldea etenik gabeko mugimenduan dabilela nabarmendu du baita bertako sagardogileen ordezkari Joxe Anjel Goñik. Produktu eskaintza berritzen batetik; sagardo ekologikoa, sagar zukua, apardun sagardoa… aipatu ditu.
Horrekin batera, duela bi urte Sagardo Foruma eta hortik joan den irailean topaketa batzuk antolatu ziuzten. Europako herrialde ezberdinetatik etorritako 15 ordezkarik “Ciderlands” sarea osatu dute, “sagardoari lotutako turismo eta kultur eskaintza ezagutarazteko”.