Sagardoaren lurraldea

"Urtero joaten gara nafar koadrila Hernani aldera, sagardotegietako sarea zabaltzeko"

Descripción

"Urtero joaten gara nafar koadrila Hernani aldera, sagardotegietako sarea zabaltzeko"

inaxio begiristain profesión navarra sidra sidrero manzanal

Ficha

  • Fuente: Urumeako Kronika
  • Fecha: 2019-01-19
  • Clasificación: 2.6. Oficios
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea Fondoa
  • »
  • Código: NA-008273

Texto completo

Arrain saltzaile izatetik sagardoa egitera pasa zen Inaxio Begiristain. Hernanin jaio zen, eta gertutik ezagutzen zituen sagardotegiak, baina bezero bezala. Nafarroa aldean lagun hernaniarrarekin egin zuen topo, ordea, eta «kultura hori eramatea» erabaki zuten.

Hernanin jaio bazen ere, Aldatzekoa du familia Inaxio Begiristain Iriartek, eta autobia egin zutenean, bailara hartara aldatu zen, «ia Hernaniko auzo bat bihurtu» omen dela eta! Txaseneko Bor­dako Angel ezagutzen zuen. «Hernanitik ezagutzen genuen elkar, sagardotegietan ere bezero bezala ibilita». Eta horrela, hura sagardoa egiten hasi zela-eta, animatu egin zen Inaxio ere.

Konturatzerako, sagardotegien gunea sortu duzue Nafarroa alde horretan ere!
Sortu da txoko bat, bai. Berueten bada beste bat Angelenaz gain, eta Lesakan, Lekarotzen, gurea Aldatzen… Eta Le­kun­berrin. Hura dugu gure hiriburu.

Baina Hernanitik Aldatzera joandakoa zara zu. Nolatan?
Hernanin jaio nintzen, baina gurasoak, bai ama eta baita aita ere, Aldatzekoak nituen. Ezkondu berritan joan ziren Hernanira. Baina udararo, belar garaian, beti etortzen ginen Aldatzera aiton-amonak laguntzera. Eta bestalde, nik 13 urte pasa ditut bailara honetan arraina saltzen! Autobia egitekoak zirenean jarri nuen sagardotegia, eta pixkanaka, pasa dira ia 25 urte!

Txaseneko Bordako Angelekin egin omen zenuen bat…
Orain 25 urte baino gehixeago, sagastia jarri eta sagardoa egiten hasi zen Angel. Uste dut 1.000 litro inguru egin zituela aurreneko aldian. Eta orduan hasi ginen pentsatzen: ‘zergatik ez dugu ekartzen gure kultura hori hona?’. Hernanitik ezagutzen genuen elkar, sagardotegietan ere bezero bezala ibilita. Eta Angelek esan zidan: ‘ni hasia naiz horretan!’. Eta ni ere animatu nintzen.

Zu ere sagastiarekin hasi zinen?
Hasieran, kupela jarri, eta Hernanitik ekartzen nuen muztioa kamioian, Otsua-eneatik, Ximonen sagardotegitik, eta hemen irakiten zuen. Eta hirugarren urterako dolarea jarri eta sagasti hektarea bat jarri nuen. Horrez gain, Aldatzen beste hiruzpalau baserritatik ere ekartzen dut sagarra.

Nolakoa izan duzu aurtengo uzta? Nola dator sagardoa?
Aurtengo uzta eskasa izan da. Kanpotik, Gipuzkoatik eta Normandiatik ekarri behar izan dut sagarra. Sagastiek urte bat ona izaten dute, eta hurrengoa, atsedenekoa izaten da. Sagardoa, berriz, bi motakoa egiten dut batez ere. Bat sagar frantsesarekin, eta bestea, Gi­puz­koa eta Nafarroako sagarrekin egina. Biak nahastuta egindakoa ere badaukat, eta uste dut hobetu egiten dela. Batzuek lasto kolorea dute gehiago, horixka, sa­gar frantsesekin egindakoek. Beste ba­tzuk argiagoak dira, berdexeagoak, sagar gipuzkoar eta nafarrekin egindakoak. Baina denak daude dagoeneko, edateko modukoak!

Eta jaioterriko sagardoak, nolakoak ote datoz? Egiten duzu bisitarik?
Noski! Urtero bi edo hiru aldiz bueltatxoa egiten dugu sagardotegietara. Urtero joaten gara nafar koadrila Hernani alde­ra, sagardotegietako sarea zabaltzeko. Nafarrei erakusteko nolakoak diren hangoak.

Asko aldatzen dira?
Nik nire formatua daukat lan egiteko. Txotxean dastatu eta era berean, era­kusten dut elaborazio gela, fermentazio ge­la, parrilla… ‘Txotx!’ ohiu egin eta etortzen dira denak atzetik. Zuzeneko tratua ematen dugu, gure sagardotegia txikia baita, 80 bat lagunentzako dago tokia. Gertuko formatua da gurea eta produktua ere asko zaintzen dugu.

‘Juego de cartas’ saioan nabaritu zen hori, giro ona.
Angel eta biok elkar ezagutzen dugunez, lehenago hitz egin genuen ez ginela borrokan arituko. Sentsazio onarekin geratu gara programan.

Kupelei izen bereziak jarri dizkiezula ikusi genuen bertan… Goizueta ere baduzu!
Bailarako izenak jarri nizkien: Araitz, La­rraun, Basaburua… Omenaldi bat da, arrain saltzaile inguruetan ibili nin­tze­lako. Garrantzitsua iruditzen zait he­men­go produktuak ezagutzera ematea, eta gertutasunak laguntzen du. Eta Goizueta bakarrik ez; badauzkat bi bukoi, bat Goizueta eta bestea Hernani! Beti izan dut harreman handia Goizue­ta­rekin ere, eta goizuetar bat ibiltzen da he­men laguntzen. Denak dauka ha­rremana.