"Sagardogile beterano hauek eman zioten buelta, galtzen ari zen sagardo munduari"
Descripción
"Sagardogile beterano hauek eman zioten buelta, galtzen ari zen sagardo munduari"
etnografía historia profesión libro sidra sidrero manzana
Ficha
- Fuente: Urumeako Kronika
- Fecha: 2019-01-19
- Clasificación: 2.6. Oficios
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-008272
Texto completo
Asko dago idatzita sagarrari eta sagardoari buruz; ez, ordea, sagardogileen inguruan. Eta haiei eman diete protagonismoa, Joseba Urretabizkaiak eta Joxemi Saizarrek, ‘Sagardogile’ liburuan. 65 urtetik gorako 19 sagardogileren bizimodua eta ikuspegia jaso dute: «urte gutxitan aldaketa haundia bizitu dute, eta pasa dira baserritar xumeak izatetik, ostalari eta enpresari izatera, komertzializatzera...», diote.
«Ixten ari ziren sagardotegiak, 1960ko hamarkadan, asko ari ziren gutxitzen. Eta hauek, gure sagardogile beteranoenak, izan ziren buelta eman ziotenak», dio Joxemi Saizarrek. 65 urtetik gorako 19 sagardogile elkarrizketatu ditu berak, argazkitan erretratatu ditu Joseba Urretabizkaiak, eta liburua osatu dute, sagardogileei buruz, haien lana balioan jarri eta azaleratzeko asmoz.
«Asko idatzi da sagarra eta sagardoaren inguruan, eta aldiz, ezer gutxi sagardogileei buruz. Horregatik, sagardogile beteranoenak hartu ditugu, eta beraien testigantzak, bizimodua eta ikuspegia jaso nahi izan dugu», azaldu du Urretabizkaiak. Horrela jaio zen Sagardogile liburua.
«Jaso nahi genuen beraien trasmisioa nola izan den; beraiek nola ezagutu zuten sagardogintzaren mundua, eta gaur egunera arte nola bideratu duten», dio Saizarrek.
«Nahiko erraza izan da liburua aurrera eramatea, eta oso polita; eskuzabal hartu gaituzte»
Bat datoz Urretabizkaia eta Saizar, lana nolakoa izan den definitzeko garaian: «topaketa atseginak izan dira. Beraien etxeko ateak zabaldu, eta eskuzabal hartu gaituzte. Tragotxoren batera ere gonbidatu gaituzte...», dio Saizarrek. «Nahiko erraza izan da liburua aurrera eramatea, eta oso polita», nabarmendu du Urretabizkaiak.
Eta argazki saioetarako, «modelo onak» izan direla ere kontatu du berak: «ez daude ohituta argazkietara, baina ikusten dutenean zer egiteko asmoa daukazun, eskertzen dute beraien lana eta bizimodua azaleratu nahi izatea».
Hamar bat orrialde eskaini dizkiote sagardogile bakoitzari, liburuan: «erretratu batekin hasten dira guztiak, erretratuzalea bainaiz. Pertsona bera da protagonista, berak kontatuko digu dena», azaldu du Urretabizkaiak. Eta hortik aurrera, sagardotegietako txokoetan, xirian... erretratatu ditu sagardogileak; baita iloba eta seme-alabekin ere, «etorkizuneko ikuspegia ere garrantzitsua delako». Sagastien edota sagarrondoaren loreen argazkiak ere jaso ditu liburuan. Liburuko argazkiak dira, bi orrialde hauetan ageri diren lauak.
«Salto haundia eman du sagardo munduak, 40-50 urtetan»
Saizarrek, bere aldetik, nabarmendu du «salto haundia» eman duela sagardogintzaren munduak: «duela 40-50 urte nola zegoen, eta nola dagoen gaur egun, ez daukate zerikusirik. Asko zabaldu da, askoz ere sagardotegi gehiago daude, eta produkzioa ere nabarmen haunditu da. Modernizatu egin da, kalitatea hobetu da... Aurrerapen haundia ezagutu du. Produktu ezaguna da orain, atzerrira ere zabaldu da. Eta hori horrela izateko, lan haundia egin zuten sagardogile hauek».
Sagardoaren ekoizpenaren atzean dagoena azaleratu nahi izan dute liburuan. Eta zer dago atzean? «Gehienetan baserritar familiak dira», argitu du Saizarrek: «baserriarekin oso lotuta dago sagardotegia, eta familiako lana izaten da normalean, beraiek aurreko belaunaldietatik jaso dutena. Izan ere, askok mendetan zehar egin dute sagardoa, etxerako; batzuek erabaki zuten arte, saltoa eman, zabaldu eta produkzioa haunditzea».
«Lanbide asko ezagutu behar izan dituzte, baserritar xumeak zirenek»
Salto harekin, «aldaketa haundia» bizitu zuten baserritar familia haiek ere, urte gutxitan: «pasa dira baserritar izatetik, ostalari eta enpresari izatera, komertzializatzera, kalitate aldetik ere ezagutza batzuk jasotzera... Lanbide asko ezagutu behar izan dituzte, baserritar xumeak ziren haiek», kontatu du Saizarrek. Eta azaldu du, «nahiko gertukoa» dela sagardogintzaren mundua, baina jaso dituztela zenbait detaile ezezagun, liburuan: «menu tradizional itxi bat egiteko ideia, Andaluziatik ekarri zutela kontatu digute; garai batean edozein botila erabiltzen zela, txotx egitearena nondik datorren...».
Xibarit argitaletxeak kaleratu du liburua, eta bi tokitan eskuratu daiteke: Astigarragako Sagardoetxean; eta Donostian, Hontza liburudendan.
Hauek dira, 19 sagardogileak: Juan Jose Aburuza (Aburuza); Juan Goikoetxea Altzueta (Altzueta); Jose Gregorio Begiristain (Begiristain); Jose Miguel Bereziartua (Bereziartua); Jose Cruz Calonge (Calonge); Rufino Cipitria (Eguzkitza); Juan Bautista Goikoetxea (Elorrabi); Felix Garmendia (Etxe zuri); Isidro Iguaran (Eula); Jose Goñi Urreaga (Gurutzeta); Juan Ignacio Astiazaran (Iruin-Astiazaran); Jose Mari Lasa (Isastegi); Asentxio Intxauspe (Itxas-buru); Sebastian Zabalegi (Oiarbide); Jose Antonio Iparragirre (Otatza); Joaquin Otaño (Petritegi); Rosario Arruti (Txindurri iturri); Miguel Zapiain (Zapiain); eta Jose Antonio Gaincerain (Zelaia).