Sagardoaren lurraldea

Sagastien zaindari txikiak

Descripción

Sagastien zaindari txikiak

biodiversidad abeja ave insectos epidemia polinización manzanal vigilante bicho

Ficha

  • Fuente: Urumeako Kronika
  • Fecha: 2019-01-19
  • Clasificación: 1.4. manzanal
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-008270

Texto completo

Zenbat eta fauna anitzagoa sagastian, orduan eta aukera gehiago izango da uzta hobea izateko, izurriteak gutxituko direlako eta polinizazioa handitu. Bestalde, sagastiaren itxurak eta inguratzen duen paisaiaren egiturak erlazio zuzena du bertan egongo den fauna aberastasunarekin. Bioaniztasunak, hortaz, sagastiari mesede egingo dio; eta sagastiak berak gure lurraldearen bioaniztasunari lagun diezaioke.
Sagastietako bioaniztasunaz azterlan oso gutxi egin da Euskal Herrian. Na­zio­artean, ordea, hainbat herrialdek landu dute gai hori. Ez da gutxiagorako; poli­ni­zazioak eta izurriteen kontrako neurriek berebiziko garrantzia dute sagarrondoak emango duen uztan, eta sagastiaren eta inguruaren bioa­niz­ta­sunak eragin zu­ze­na eduki dezake bi faktore horiengan.

Hala erakutsi dute Oviedoko Uni­ber­tsi­tateak eta Serida zerbitzuak Astu­riasen egindako azterlanek. Daniel García eta Marcos Miñarro biologoek zuzendutako lan-taldeek Asturias erdi­aldean egin dituzte ikerketak, 800 km karratutan banatzen diren 25 sagas­ti­tan; Eus­kal Herritik kanpo eginak iza­nik ere, arretaz begiratu beharko geni­tuzke datu eta ondorioak, hein handi batean gurean ere zentzua izango dutelako.

Ekosistemen zerbitzuez mintzo dira ikertzaileak euren azterketetan, hau da, gure inguruneko faunak eta florak gi­za­kiaren mesederako bete ditzaketen fun­tzioez, polinizazioa eta izurriteen kon­tra­ko neurriak ardatz hartuta.

Txoriek eta intsektuek eduki al de­za­kete eraginik sagastiko polinizazioan eta izurriteen kontrolean eta, hortaz, sagas­tiaren ekoizpenean? Zein hegazti eta zomorro edukitzea komeni zaigu? Eta horiek erakartzeko, zer egin behar­ko genuke?

Intsektuak eta polinizazioa sagastietan
Asturiasen egindako ikerketen arabera, sagastietako lore askok ez dute aurrera jotzen, ez dira ernaltzen, polen nahi­ko­rik ez dutelako jaso. Polen gehiago jaso­tzeak, beraz, ernaltzeko aukera handitu eta, ondorioz, sagar uzta hobea izatea ahalbidetuko luke. Ez da zerbait berria; sagarrondoek intsektuek ematen dio­ten polinizazio zerbitzua behar dute, ezin­­bes­tean, eta horretarako, nekazari askok erlauntzak jarri izan ditu urtetan bere sagasti inguruan. Erle arrunta (Apis mellifera) polinizatzaile ona baita.
Polinizazioa, ordea, ez da soilik erle arruntaren lana. Serida zerbitzuko Rodri­go Martínez Sastrerekin batera egin­dako azterketa baten bidez, sa­gas­tietan dauden intsektu polinizatzaileak ho­beto ezagutu nahi izan dituzte, eta pro­ze­su horretan parte hartzen duten espe­zieak ezagutu. Ondorioen arabera, polinizazioa egiten duen intsektu diber­tsitate handia dago sagastietan. Orotara 101 ezberdin. Erle arruntak talde horren %61 osatzen du, baina badira ere sirfidoak (%21), erle basatiak (%7), eulien taldeko dipteroak (%6), erlas­ta­rrak (Bombus generoa) (%3), edo­ta kaka­lardo, tximeleta eta beste intsektu ba­tzuk ere (%2).

Beraz, polinizazioa ezin da erleetara soilik mugatu; aitzitik, ahalik eta poli­ni­za­tzaile dibertsitate altuena era­kar­tzea da gomendagarriena. Garai batean sa­ga­rrondoen inguruan erlauntzak jar­tzen ziren moduan, Asturiasen ere egin dute erle espezie ezberdinak saga­rron­do in­guruetara erakartzeko ahalegina. Osmia ge­ne­roko erlearentzako, esate­ra­ko, zulo txiki ugariz osaturiko egu­rrez­ko etxeak jarri dituzte sagastietan. Zenbat eta polinizatzaile gehiago, ordu­an eta uzta hobea edukitzeko aukera handiagoa izango baita.

Hegaztiak eta izurriteen kontrola
Sagastietan eta inguruetan bizi diren animaliek, polinizatzeko ez ezik, izu­rriteen kontra egiteko ere balio dute. Izu­rri­teen kontrol biologikoa ikertzeko garaian, hegaztiengan jarri dute arreta ikertzaileek. Txoriak erakartzea neurri ona izan al daiteke sagastietako izu­rri­teen kontra egiteko? Zein txori mota egotea komeni da?
Horiek guztiak ikertzeko, García eta Miñarroren taldeek metodologia bere­zia erabili dute: izurriteak eragiten dituz­ten intsektuen neurketak egin dituzte egoera ezberdinetan. Aurretik aipa­tu­ri­ko 25 sagastietako sagarrondo ba­tzu­e­tan, adar jakin batzuk kaiola itxurako sare gogorrez itxi dira. Kaiola horiek intsektuak adarretara sartzea baimen­tzen badute ere, ez diete hegaztiei sar­tzen uzten, eta honela, txoriak sar dai­tezkeen eta sar ezin daitezkeen adarren arteko konparaketak egin dituzte. He­gaz­tirik sartu ezin den adarretan, izurri­teak sor ditzaketen intsektuen kopurua nabarmenki altuagoa da txoriak sar daitezkeen adarretan baino.

Hegaztiak ez ezik, intsektuek ere paper garrantzitsua joka dezakete izu­rriteen kontra. Sagarrondoetako lore-gur­gurioak (Anthonomus pomorum), esaterako, izurriteak sor ditzake sagas­tietan. Bada, horien etsai dira hainbat hegazti eta artropodo, Asturiasen egin­dako ikerketek ondorioztatu dutenez. Txoriek, esaterako, loraketa aurretik sagastian dauden lore-gurgurioen %31 desagerrarazten dute, eta loraketa ostean, %44. Honek eragina du urte horretako uztan bertan, edota hurren­go urtekoan (lore-gurgurio kantitatea txikitu dutelako).

Lore-gurgurioen etsai nagusiak dira kaskabeltz handiak (Parus major), amilotx urdinak (Cyanistes caeruleus), txinbo kaskabeltzak (Sylvia atricapilla) eta txioak (Phylloscopus generoa). Zo­mo­rroen artean, inurriak, armiarmak eta ipurtsardeak.

Kantitatea ez da nahikoa, dibertsitatea behar da
Izurriteen kontra egin eta polinizazioa hobetzeko, ahalik eta intsektu eta hegazti kopururik handiena erakarri behar da, baina kantitatea ez da nahi­koa. Dibertsitatea behar da, hau da, ahalik eta espezie gehien, ahalik eta kantitate handienean erakartzea sa­gas­­tietara. Zergatik? Dibertsitate fun­tzionalagatik.
«Dibertsitate funtzionalak» adie­raz­ten duena da, espezie bakoitzak hainbat forma, tamaina, ohitura eta bizileku izan ditzakeela. Eta, beraz, espezie ba­koitzak funtzio ezberdina bete dezake sagastian: batzuk sagarrondoaren be­he­ko aldean ibiliko dira, besteak adar txikietan, besteak enborrean... Udabe­rri­an batzuk, besteak udan, edota udaz­kenean. Goizez batzuk, eta besteak eguer­dian edota gau aldera… Alegia, zenbat eta espezie gehiago izan, orduan eta aukera gehiago izango da sagas­tia­ren eta sagarrondoen hainbat gunetan dauden loreak polinizatzeko, eta gara­ian-garaian dauden izurriteei aurre egiteko.
Hori guztia kontrolatzeko, poli­ni­za­tzaileen bisita kopuruak eta hainbat espezieren mugimenduak ikertzen ari­tu ziren 2016an. Mugimenduen artean ezberdindu zituzten polinizatzaileak lorera gerturatzean erabiltzen zuen teknika. Baziren goitik sartzen zirenak (erle arrunta, erlastarrak, sirfidoak…) lorearen ugal zatiekin kontaktua erraz­tuz, eta, beraz, ernalketarako aukerak handituz; eta baziren alboetatik gertu­ratzen zirenak ere (erlastarrak, erle basatiak…). Halaber, espezie bakoitzak bisitak eguneko zein ordutan egiten dituen ere ikertu zuten, edota saga­rron­­doko zein lorek zuten poliniza­tzeko erraztasun handiagoa, arbolan zuten kokapenaren arabera. Ezberdin­tasu­nak ikusi zituzten baita ere espezie bakoi­tzak polena edo nektarra jasotzen zu­ten aztertzean. Erlastarrek eta erle ba­satiek polen gehiago hartzen dute erle arruntak, sirfidoek eta euliek baino. Lorearen ugal zatiekin kontaktatzen dutenez, polinizazioa errazten dute.

Erlastarrek sagastiaren goiko alde­rako joera dute, egunaren amaieran eta minutuko 16,7 bisitaldi egiten dituz­te. Erle arruntak bisitaldi erdia egiten du minutuko (8,7) eta sagarrondoaren edozein tokitan aurki daitezke, batez ere goizez. Goizez ibiltzen dira baita ere sirfidoak (4,7 bisita minutuko) eta eu­li­ak. Sirfidoek arbolaren beheko partea dute gogoko, erle basatiek bezala (4,8 bisita minutuko). Azken hauek, kakalar­doe­kin batera, eguerdian egiten diote bisita sagastiari. Ondorioa garbia da, beraz. Gero eta polinizatzaile dibertsitate handiagoa, orduan eta polinizatzeko auke­ra handiagoa.

Hegaztiekin, ondorio bera
Sagastiek duten txori aniztasuna ikusi nahian, bi urtez 10.000 behaketa egin dituzte ikertzaileek, eta guztira 63 espe­zie kontatu. Horietatik 23, arbo­le­koak eta intsektujaleak. Behaketa gehie­nak (%70) sei hegaztik osatu dituzte, ordea, txantxangorriak (Erithacus rubecula), zozoak (Turdus merula), txinbo kaska­beltzak (Sylvia atricapilla), txepetxak (Troglodytes troglodytes), kaskabeltz handiak eta amilotx urdinak. Hegazti dibertsitate altua izan dezaketen sa­gas­tiek, intsektuek bezala, dibertsitate funtzional handia izan dezakete txori intsektujale eta zuhaiztarren artean. Tamaina txiki eta moko fineko hegaz­tiek (erregetxoak edota txioak) kimue­tan dauden landare-zorrien kontra egiten dute, eta enborretan gora eta behera ibiltzen diren okilek (Picus eta Dendrocopos generoak), gerri-txoriek (Certhya generoa) eta garrapoek (Sitta europaea) enborreko zirrikituetako karpokapsaren harrak (sagarrondoan kaltea sor dezakeena) jan ditzakete. Kaskabeltzek, amilotxek eta txinboek lore-gurgurioei egingo diete aurre adar sendoetan, eta zozo eta txantxan­go­rriek arbolaren oinean dauden karpo­kapsa eta lore-gurgurio helduei.

Txori dibertsitate handiagoak izu­rri­teei aurre egiteko aukerak area­go­tzen dituenez, txorien habi-kutxak jartzen ere hasi dira sagasti askotan, sagarrondo zaharren hutsuneak he­gaz­ti espezie batzuek umatzeko lekuen falta izatea ere ekarri baitu.

Zer egin sagastietako bioaniztasuna handitzeko?
Hegaztiak eta intsektuak erakartzeko, Garcíak eta Miñarrok gomendio batzuk ematen dituzte.
-Sagastien kokapena: Gune natural edo basatiz inguratuak dauden sa­gas­tiak aberatsagoak izango dira espezie aldetik.
-Sagastia bera: Sagastiaren sabaia oso itxia denean, alegia, adar askorekin estalia dagoenean, hegazti dibertsitatea altuagoa izango da.
-Ingurua: Aniztasun handiagoa izan­­go da sagastiaren inguruan hesi-biziak daudenean. Hau da, lur-eremuak bereiz­teko landareak erabiltzen direnean.
Orokorrean, sagastiaren eta ingu­ruko paisaiaren bioaniztasuna han­di­tzeko hartzen diren neurri guztiek, sagastiko fauna dibertsitatea handi­tu­ko dute eta, beraz, izurriteen kontrako neurri biologikoa eta polinizazioa arra­kastatsuagoak izango dira. Autoreen ara­bera, sagastiaren mantenu tradi­zionala egokiagoa da: pestizida eta herbizida gutxi, eta hainbat lore basatiz osaturiko zelaiak dituzten guneak kon­tserbatzea da lehentasuna. Sagastiak osatzen duen paisaiaren eta ingu­rua­ren kudeaketa on bat, eta mantenu tradizionaletan oinarrituriko sistemak askoz egokiagoak izango dira, beraz.

Sagastiek, lurraldearen bioaniztasunari mesede
Bioaniztasunak sagastiei mesede egi­ten dien modu berean, sagarrondoak dauden eremuaren eta ingurunearen kudeaketa egokia, bertako ekoizpe­na­rentzat ez ezik, lurraldearen bioaniz­ta­sunarentzat ere onuragarria izan dai­te­ke. Azken urteetan baserrien eta ingu­ruko lurren erabileraren galtzeak landa-eremuen desagertzea eragin du. Gune horiek sortzen dituzten habitat mosaikoak, aldiz, oso gune aberatsak izan daitezke.

Egun ditugun sagastien eta ingu­ruan dauden eremuen diseinu eta kude­a­keta egokiak, sagar uztan ez ezik, kokatuta dauden lurraldearen bioaniz­tasunean ere onurak sor ditzake. Berta­ko sagarrak eta produktu ekologikoek indarra hartu duten garaian, hurrengo pausoa sagasti bioanitzak sortzea litza­teke. Modu koordinatuan, kudeaketa jakinez eta ekintza txikien laguntzaz, sagardogileentzat ez ezik, gizarte osoa­rentzat ere onuragarriak izan daitez­keen pausoak ematea izango da etor­ki­zuneko lana.