"Etxekoak ditugu biak, sagardoa eta pelota"
Descripción
"Etxekoak ditugu biak, sagardoa eta pelota"
hernani homenaje pelota protagonista sidra apertura del txotx
Ficha
- Fuente: Urumeako Kronika
- Fecha: 2019-01-19
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-008269
Texto completo
Nola jaso zenuten omenaldiaren albistea?
Endika Barrenetxea: Niretzako oso pozgarria izan da, eta ohore bat, hernaniarra izanda, Hernaniko txotx irekieran parte hartzea. Sekulako gozada. Gainera, familia ere sagardozalea izanda, oraindik eta gehiago. Pare bat aldiz egon naiz inaugurazio ofizialean, beti giro ederrean. Aurten guri deitzeak poza ematen du, eta beste batzuekin konpartituta izateak, oraindik eta gehiago.
Garbiñe Tijero: Niri iruditu zait errekonozimendu orokor bat pelotari. Zenbat urte Hernanin pelotagatik sufritzen, eta gogoratu dira gutaz.
Rufino Rekalde: Eta gauzarik politena hori da, izan dela orokorra, modalitate guztiak batuz. Omenaldi txikiagoak edo haundiagoak izan ditugu tarteka, modalitate batean edo bestean; baina oso polita da guztiak batera omentzea. Egia esan, nik sorpresa hartu nuen, ez nuen espero. Eta ilusio haundia egin zidan.
G.T.: Honek bultzada bat ematen digu, azkenaldian eskasian gabiltza eta. Gaztetxoek ez dakit, ez ote duten kirol hauetaz jakiten… Ea pixkanaka gehiago entzuten den eta erakartzen dituen.
Eskasia hori orokorra da guztietan, ezta? Nola ikusten duzue egoera?
E.B.: Nik uste dut, 2018an zuetaz, palakoez eta esku pelotakoez alegia, inoiz baino gehiago entzun dudala; beharbada, Pelota Mundialagatik. Eta jaso duzuen oihartzunagatik, akaso aukera erraza zen zuek omentzea aurtengo txotx irekieran. Eta erremontea ere omenaldian sartzea, guri ere oihartzuna emanez, oso poztekoa da. Asko hitz egin da pelotaz 2018an, eta izatekotan, aurten izan behar zen omenaldi hau.
R.R.: Seguruenik bai, 2018ko arrakasta kontutan hartuko zuten, erabakitzeko aurten pelota omentzea. Eta pentsatuko zuten, egitekotan orokorra egitea, Hernanin dauden modalitate guztiei.
Amaia Irazustabarrena: Egia da pelota aipatzean, eskuzkoarekin erlazionatzen dela. Baina erremontea eta pala ere kontutan hartu dituzte.
G.T.: Ez da aurreneko aldia izan, Hernaniko palistak Mundialera joan direna. Baina beharbada, 2018an oihartzun gehiago izan du, hedabideetan.
R.R.: Orain arte txapelarik ez da lortu, hori egia da. Bigarren geratu izan dira, baina Aitor Gorrotxategirena izan da aurreneko txapela, Mundial batean. Eta horregatik izango zuen oihartzun haundiagoa herrian. Baina esan zidatenez, hasieratik zeukaten garbi, omenaldi hau pelota munduari egingo zitzaiola. Aspaldidanik gabiltza denak lanean, eta orain, bakoitzak daukagu gure krisia, nolabait esateko.
G.T.: Hala da. Erremontean, esaterako, nik gogoan dut nola etortzen nintzen ostegunetan Galarretara, txistua jotzera, jaialdia zegoenean; Endikaren aitak jokatzen zuen orduan. Eta egoten zen Galarreta bete-betea, pasada bat izaten zen. Ez dut ulertzen nola izan duen horrenbesteko beherakada.
R.R.: Zaila da gazteak mundu honetan sartzea…
G.T.: Telebista behar da. Telebistan ikusten dena da indarra daukana.
E.B.: Faktore asko daude. Gizartea ere guztiz aldatu da, gure ohiturak ere bai… Lehen, ostegun eta larunbatetan ez zen beste ezer egongo. Eta orain, dauzkazu futbola, eskubaloia, saskibaloia, karate, boxeoa, kick boxing… Asko aldatu da dena, eta guk ere, erremonteari dagokionez, gauzak aldatu nahi ditugu datozen urteotan, jendeari erraztasunak emateko Galarretara etortzeko. Herritarrei konplizitatea sortu nahi diegu erremontearekin. Izan ere, ulertzen dugun bezala sagardoaren etxea direla Hernani eta Astigarraga, erremontearen etxea ere Hernani da. Azkeneko 40 urteetan jokatu diren txapelketa nagusi guztiak, Hernanin jokatu dira. Eta harrigarria da, Galarretara egunerokoan etortzen direnen ia %80a nafarrak direla. Nafarroan badago ohitura oraindik, pelota jarraitu eta frontoira joatekoa; Gipuzkoan, ordea, ez.
R.R.: Hilda daude frontoiak, esku pelotako profesionalen mundua kenduta. Afizionatu mailan, frontoiak hutsik egoten dira, toki guztietan. Nik gogoan dut, nola erremonteari bultzada eman nahian, saiatu nintzen bideratzen eskuz hain ondo ez zebiltzan gazteak, erremontea probatzera.
E.B.: Orain ikusi dugu, Urnietako erremontista batzuek profesionaletan debuta egin dutenean, 20 gazte urnietar etorri zaizkigula probatzera.
Pelota munduko taldekide eta lagunekin ere joango zarete sagardotegira, ezta?
A.I.: Bai bai, joaten gara palakoak.
G.T.: Azkenekoa abenduan egin genuen, Amaiak txapela irabazi zuelako aitzakian, hain justu.
E.B.: Guk ere ohitura haundia daukagu. Binakakoa jokatu denean, urte guztian irekita dauden horietara joan gara partiduen ondoren, Alorrenea, Petritegi edo Lizeagara. Eta orain, Oialume Zar irekitzen duten bezala, ostegunetan hemendik atera, eta askotan joaten gara, jokatu dugunak, bertan afaltzera.
R.R.: Guk ez daukagu ohitura hori; soziedadean egiten ditugu bazkari eta afariak. Baina urtean behin kunplitzen dugu, Petritegi baita Berria Txapelketaren babesleetako bat, eta han egiten baitugu aurkezpena.
E.B.: Nik lotura haundia ikusten diet biei, sagardoari eta pelotari. Herriko produktu bezala ikusten ditut, oso finkatuta daudenak. Sagardoaren etxea dela esaten den bezala, ezin duzu esan pelotaren etxea denik Hernani, Euskal Herri osoan jokatzen baita. Baina etxeko produktu bezala ikusten ditut biak. Hernaniko Pelota Eskolak beti izan du indar haundia, denak pasa gara hortik; eta sagardoak berdin. Azkeneko urteotan, sagardotegiak eraldaketa haundia izan dute, gora etorri dira, eta modan jarri dira, sagardotegi jatetxe cool gisara. Orain, oso modan dago, oso pijoa izan eta horrelako toki rustikoetara joatea, bestela joango ez zinatekena. Baina sagardotegia denez, joan egiten dira.
R.R.: Eta guretzako ere aberasgarria da hori. Izan ere, lotura ekonomikoa ere badute sagardotegiek eta pelotak; ondo portatzen dira gurekin, eta dirulaguntzak ematen dizkiote pelotari. Hortaz, sagardotegiek indarra edukitzea, ona da guretzat ere.
E.B.: Asko inplikatzen dira, bai. Guk ere, Sagardo Txapelketa daukagu, eta oso harrera ona izan dugu sagardotegi guztietan.
Asko aldatu da sagardotegien mundua, azkeneko hamarkadetan. Eta pelotarena? Nolako ibilbidea izan du, modalitate bakoitzak?
G.T.: Nik gogoan dut txikitan, Tilosetan aritzen ginela neska eta mutil guztiak, eskuz. Gero, adin bat iritsi zen, ezin genuena palaz aritu, eta beste kirol bat aukeratu behar izan genuen; baina beti neukan hor, palaren harra. 1990 urtean, txapelketa bat antolatu zuten 18 urtetik beherakoentzat, baina Koro Barrenetxeak erreklamazioa aurkeztu zuen, esanez 18 urtetik gora ere asko ginela. Horrela sortu zen, aurreneko Gipuzkoako Pala Txapelketa, nesketan, eta ordutik ez du hutsik egin. Orduan ikusi nuen, atzetik ez bazen jendea etortzen, hasierako burrunba hori itzali egingo zela gero. Neskak bilatu nituen, Tilosetan beti baitzegoen batenbat jokatzen, eta kiroldegian entrenatzen hasi ginen larunbatetan; baina pailazoak zeudela edo beste zerbait zegoela, askotan ezin entrenatu geratzen ginen. Emakumea Pilotariren sorrerarekin, lortu zuten pala eskola kirolean sartzea, eta horrekin, orduak jarri zizkiguten hemen entrenatzeko. Hori laguntza haundia izan zen guretzat. Eskola kiroletik etorri dira ondorengo guztiak, Amaia bezala.
A.I.: Bai, nik gogoan daukadana hori da, Garbiñe aritzen zela guztioi bultzaka. Ni hasi nintzenean, neska pila bat ginen. Gero, bakoitzak bere bidea egiten du. Baina Garbiñeri esker, neska askok jarraitu dugu palan aritzen.
R.R.: Hernaniko palaren historian, nabarmentzekoa da Javier Adarraga ere; Logroñoko frontoiari izena ematen diona, hain justu. Hernaniarra zen bera, eta Pariseko Joko Olinpikoetan hartu zuen parte, palaz; bera izan zen aurrenekoa. Gero Logroñora joan zen, eta ahaztuta daukagu pixka bat, hemen. Eskuaren historiari dagokionez, berriz, Hernanik izan zuen aurreneko gorakada, uste dut izan zela Luises Txapelketa, fraileek babestutakoa. Tilosetan jokatzen zen, eta ikusi ditut argazkiak, jendea zuhaitzetara igota, partiduak ikusteko; dena lepo beteta. Fama haundia zeukan, afizionatu mailan. Hurrengo pausoa, izan ziren Herriarteko Txapelketan lortutako emaitza onak. Aurreneko final historiko hura, Tolosan, Seguraren kontra galdu genuena; eta hortik aurrera jokatutako 10-12 finalak, ia denak jarraian. Hortik atera ziren aurreneko profesionalak ere: Iñaki Lujanbio, Iñaki Esnal, Josu Oiaga, Oier Mendizabal… Eta gero, azkeneko urte hauetan atera diren pelotari guztiak dauzkagu. Ezagunena beharbada Gorrotxategi, baina Ioritz Arrieta edota Paul Ojuel ere, izen haundiko pelotariak dira afizionatu mailan.
E.B.: Erremontearen ibilbidea, hiru alderditan banatuko nuke nik. Batetik, harmailena. Nire aurreneko oroitzapenak dira, umetan hona etorri aita jokatzen ikustera, eta ezin genuela aulkietan eseri gaztetxoek; betea zegoen frontoia. Jokatzen zen diru kopurua ere asko haunditu zen, eta garai on haietan, dena deskuidatu zen. Ez zen oinarririk landu, apustuzaleentzako gune bihurtu zen, eta horrek ateak itxi zizkien herritarrei. Despilfarratu egin zen, gehiegi ordaindu zitzaien erremontistei, eta gutxiegi erremonteari berari. Hiru urtetan dena goitik behera erori zen. Eta horrela, 2010ean geneukan harmailetako argazkia itsusi, eta apustuak beherakada geldiezinean. Ordutik, aldaketa egiten ari gara, garrantzia gutxiago emanez apustuei eta gehiago herritarrak erakartzeari; eta pixkanaka ari da harmailetako argazkia politagoa izaten, nahiz eta oraindik ez den nahiko genukeena. Beste aldetik dago, erremontisten maila. 2000 urtera arte, maila ona zen; baina materialarengatik, modalitateak ez zuen eskatzen fisikoki horren maila altua izatea. Materiala aldatu zenetik, eraldaketa haundia izan du. Pasa gara batazbeste 10 pelotakadako tantoak jokatzetik, 20koak izatera. Eta horrek eskatzen du fisikoki oso prestatuta egotea. Koteto Ezkurra eta Patxi Zeberio historiako onenak izan dira, baina orokorrean, beste guztiak maila bajuagokoak ziren orduan, orain baino. Eta azkenekoa da pelota eskola. Gorabehera haundiak izan ditu. Ni hasi baino lehen 60 gazte zeuden entrenatzen, nire garaian 25 bat ginen, eta duela sei urte edo, momentu batean 10 bakarrik zeuden. Eta orain, gazte berriak sartzen eta profesionaletan debutatzen joan garen bezala, ikusi dugu nola gure inguruan ere sortu dugun mugimendu pixka bat. Azkeneko sei hilabeteotan, 22 gazte hasi dira gurekin entrenatzen. Eta orain beste erronka da, emakume bat hastea erremontean, ez delako inoiz emakumerik izan. Guk dena emango diogu, eta neronek erakutsiko diot erremontean jokatzen. Eta garbi daukagu, hemen ez dela bereiziko neska edo mutil; bakoitzak bere mailan, baina nahastuta ariko dira. Eta neska batek maila hartzen duenean profesionaletan jokatzeko, mutilekin batera ariko da.
G.T.: Ea ezagutzen dugun hori, asko gustatuko litzaidake!