Olatz Arrieta kazetariak irekiko du Astigarragako txotx denboraldia
Descripción
Urtarrilaren 16an hasiko da Astigarragako aurtengo txotx denboraldia, eta Olatz Arrieta kazetariak izango da hura irekitzeko arduraduna, Sagardoaren Lurraldeak jakinarazi duenez. Astigarragako Gartziategi sagardotegian irekiko da sagardo denboraldi berria. Ekitaldiak goizean hasiko badira ere, eguerdiko txotxa izango da jarduera garrantzitsuena, 13:45ean.
astigarraga sidrería gartziategi olatz arrieta protagonista sagar dantza sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx
Ficha
- Autor: AMALIA IBARGUTXI
- Fuente: El Correo
- Fecha: 2019-01-03
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea Museoa »
- Código: NA-008230
Texto completo
Urtarrilaren 16an hasiko da Astigarragako aurtengo txotx denboraldia, eta Olatz Arrieta kazetariak izango da hura irekitzeko arduraduna, Sagardoaren Lurraldeak jakinarazi duenez.
Astigarragako Gartziategi sagardotegian irekiko da sagardo denboraldi berria. Ekitaldiak goizean hasiko badira ere, eguerdiko txotxa izango da jarduera garrantzitsuena, 13:45ean. «Gure sagardo berria» oihu eginda, lehen upela irekiko du Arrietak, eta horrekin, 2019ko txotx denboraldi berriari hasiera emango diote. Ondoren, denboraldiko sagardotegiko lehenengo menua dastatuko dute.
Bazkariaren aurretik, baina, 2018ko uztaren ezaugarri nagusiak azalduko dituzte, sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarriak eta sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenen berri emanez.
Jarraian, sagarrondo bat landatuko du Sagardoetxeko sagastian Arrietak «naturaren dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena azaldu eta urtetik urtera mahai batean sagardoaren bueltan esertzeko aukeraren» seinale. Txalapartarien deiarekin batera, sagar dantza dantzatuko da Gartziategin, eta ondoren, sagardogileek kazetaria soka dantzan parte hartzera lagunduko dute lehen upela irekitzeko.
Zorione Etxezarraga Astigarragako alkatea eta Sagardun Partzuergoko lehendakaria han izango da, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera, eta bertan, uzta berria aurkeztu eta sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarrien berri emango dute, sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenekin batera.
1994an, Andoni Egaña bertsolariak zabaldu zuen, lehenengoz, txotx denboraldia. 2017an, Eneko Atxa sukaldariak, eta iaz, Alberto Iñurrategi mendizaleak. Tartean, sagardo-denboraldia zabaldu dute, besteak beste, Ainhoa Arteta sopranoak, Karlos Arguiñano sukaldariak, Julian Iantzi aurkezleak, Andoni Luis Aduriz sukaldariak, Aimar Olaizola pilotariak, Kalakan musika taldeko kideek edota 'Loreak' filmeko protagonistek.