Euskal Herriko zazpi sagardo, munduko 100 onenen artean
Descripción
Euskal Herrian ekoiztutako zazpi sagardo aukeratu ditu Susanna Forbes kazetari eta idazle britaniarrak bere 'The Cider Insider. The essential guide to 100 craft ciders to drink now' libururako. Liburua, Sagardoaren Lurraldeak antolatutako Sagardoaren Kultura eta Turismoaren I. Topaketaren testuinguruan aurkeztu zen Astigarragan, eta aurkezpenean liburuan aipatzen diren sagardo batzuk dastatzeko aukera izan zen, Sagardoaren Lurraldea elkarteak jakinarazi duenez.
presentación sidrería bordatto sidrería gaztañaga sidrería iretza libro sidra susanna forbes the cider insider
Ficha
- Fuente: El Diario Vasco
- Fecha: 2018-10-06
- Clasificación: 2.1. Sidra
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-008202
Texto completo
Euskal Herrian ekoiztutako zazpi sagardo aukeratu ditu Susanna
Forbes kazetari eta idazle britaniarrak bere 'The Cider Insider. The
essential guide to 100 craft ciders to drink now' libururako. Liburua,
Sagardoaren Lurraldeak antolatutako Sagardoaren Kultura eta
Turismoaren I. Topaketaren testuinguruan aurkeztu zen Astigarragan,
eta aurkezpenean liburuan aipatzen diren sagardo batzuk dastatzeko
aukera izan zen, Sagardoaren Lurraldea elkarteak jakinarazi duenez.
Susanna Forbes ardoa, garagardoa eta sagardoan berezituriko
kazetaria eta idazlea da. Jatorriz, Ingalaterra osoan sagardo usadio
handiena duen Herefordshire eskualdekoa da eta 'Little Pomona'
izeneko sagardotegia martxan jarri berri du. Orain, Ingalaterra, Gales, Bretainia, Normandia, Alemania, Italia, Australia, Lanada, Zeelanda
Berria, Hegoafrika, Asturias, Galizia eta Euskal Herriko 100 sagardo
artisau gomendatzen dituen liburua argitaratu berri du.
Liburuan nabarmentzen diren sagardoen artean Euskal Herriko zazpi
agertzen dira: Zelaiako Gorenak Sagardoa 2017 (Hernani), Zapiaingo
Euskal Sagardoa Premium 2017 (Astigarraga), Isastegiko Euskal
Sagardoa 2017 (Tolosa), Gartziategiko Gorenak Sagardoa 2017
(Astigarraga), Gaztañagako Gorenak Sagardoa 2017 (Andoain),
Bereziartuako Euskal Sagardoa 2017 (Astigarraga) eta Bordattoko
Txalaparta 2016 (Jatsu-Garazi, Nafarroa Beherea).
Sei urtetan zehar gauzatu duen ikerketan, Forbes-ek sagardoa
ekoizten duten mundu osoko lurralde nagusiak zeharkatu ditu. 2018ko
martxoan bere ikerketak Euskal Herrira ekarri zuen eta bertan,
Sagardoaren Lurraldea elkarteko nazioarteko harremanen arduradun
Haritz Rodriguez kazetariarekin batera, bertako sagardotegi
adierazgarrienetakoak ezagutu zituen.
Ordurako sagardoaren inguruko erreferentziak bazituen arren,
Forbes-ek sagardotegi batzuk bisitatu eta sagardoak dastatzeko
aukera izan zuen, euskal sagardoaren kulturan barneratuz eta txotxaren
errituaz gozatuz. Bere bisitaren emaitza, aipatutako Euskal
Herriko zazpi sagardo nabarmentzeaz gain, Euskal Herriko
sagardoaren kultura, ezaugarri eta Astigarragan dagoen Sagardoetxea
Sagardoaren Museoaren inguruan egiten duen erreferentzia zabala da.
Nazioarteko sarea
'The Cider Insider' liburua Astigarragako Iretza sagardotegian
aurkeztu zen, irailaren 28tik 30era bitartean ospatutako Sagardoaren
Kultura eta Turismoaren I. Topaketaren baitan. Ingalaterra, Gales,
Alemania, Asturias, Galizia, Bretainia, Austria, Irlanda, Norvegia eta
Euskal Herriko ordezkariak bildu ziren bertan. Zorione Etxezarraga
Astigarragako alkatea, Harkaitz Millan Basquetor turismoaren euskal
agentziako zuzendaria eta Maite Cruzado Gipuzkoako Aldundiko
Turismo zuzendaria ere aurkezpen ekitaldian izan ziren.
Sagardoaren kultura eta turismoa munduan sustatzeko nazioarteko
sarea martxan jartzea adostu zuten topaketara gerturatutako
ordezkariek. Hala, datozen hiletan, marka amankomuna eta sarean
parte hartzen duten norakoen informazioa bilduko duen webgunea
martxan jarriko dira, eta proiektua indartzen lagunduko duten europar
finantziaziorako aukerak aztertuko dira.
Hernaniko Orona Fundazioan gauzatutako lan bilerez gain,
nazioarteko ordezkariek Iretza sagardotegian ospatu zen afari
tematikoaz gozatzeko aukera izan zuten, bertako produktuak eta
nazioarteko sagardoak dastatuz; Euskal Sagardoaren «Egin Zotz!»
kanpainan parte hartu zuten Astigarragako tabernetan; Donostia
bisitatu zuten bertako pintxoak Euskal Sagardoaz lagunduta
dastatzeko; Zelaia eta Alorrenea sagardotegiak bisitatu zituzten; eta
Sagardoetxea eta Albaola museoetako bisitaldietan sagardoak XVI.
mendean Ternuara egindako itsas bidaietan izan zuen garrantzia
ezagutu zuten. Topaketaren amaiera gisa, irailaren 30ean Astigarragan
ospatu zen Sagar Uzta jaian izan ziren.