Patxaka sagarrondo basatien oinak txertatuz, bertako barietateak berreskuratzen
Descripción
Juan Gamio: "Ekologikoan ari naiz ama lurra zaintzeko, eta gero berak guri elikagai osasuntsuak eman ahal izateko. Gaur egun erabiltzen diren produktu kimiko denek landareen organismo guztia anulatzen dute". "Etxean genituenak hondatu zirenean, sagarrondoak erosi nituen mintegi batean. Urte gutxira fruitua ematen hasi zirenean ohartu nitzen ez zela bertako sagar klasea, eta gero, gainera, landareak gaixotu egin zitzaizkidan".
variedad ecología plantación patsa manzana manzano manzanal
Ficha
- Autor: Garazi Zabaleta
- Fuente: Argia aldizkaria
- Fecha: 2018-11-25
- Clasificación: 1.1. Plantación
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea Museoa »
- Código: NA-008174
Texto completo
“Etxean genituenak hondatu zirenean, sagarrondoak erosi nituen mintegi batean. Urte gutxira fruitua ematen hasi zirenean ohartu nitzen ez zela bertako sagar klasea, eta gero, gainera, landareak gaixotu egin zitzaizkidan”. Sagarrondoen inguruan herriko adineko jendearekin hizketan hasi zen orduan Juan Gamio Zubialde Patxakak proiektuaren sortzailea. Egun Beintza-Labaienen martxan duen sagarrondoen mintegiaren hastapenak izanen ziren. Badu berezitasun bat mintegiak: patxaka sagarrondo basatiaren oina erabiltzen du bertako sagar barietateen txertaketak egiteko.
Sagar basatien bila
Patxaka sagar basatiak mendian, mila metrotik gora ateratzen direla azaldu du Gamiok. Udazkenean mendian sagar basatiak bildu, horien haziak bereizi, eta erein egiten ditu. “Egun merkatuan nagusi diren sagar landare gehienek oina aldaxketatik sortua dute, eta barietate gehienak kanpotik ekarriak eta genetikoki manipulatuak dira”, dio.
Adaxketatik sortutako zuhaitzen eta mendiko sagar basatien arteko desberdintasun handienetakoa da basatiak zain oso handiak dauzkala, eta gaitzen aurka abantaila handiak dituela. “Fruituan ere alde handia dago: zain hain handia dutenez, lurrean azpirago dauden mineralak xurgatzeko gai dira, eta hori asko nabaritzen da, batez ere usainean”.
”Adineko jendearengandik ikasi dut bertako barietateez”
Oin sendoari Euskal Herriko sagar barietateak txertatzen dizkio Gamiok: San Juan sagarra, udazken gozua, negu sagar xuria, erregin sagar horia eta gorria, mokatia, amabirjin sagarra… bertako sagar barietateen aukera zabala daukate zubialdepatxakak.com webguneko katalogoan. “Adineko jendearekin hizketan ikasi dut gehienbat barietate horien inguruan. Herritarrekin eta sagar munduan dabilen jendearekin hazien hartu-emana dut”, azaltzen du.
Ekoizpen ekologikoan dihardu Gamiok, zigilu eta guzti: “Ekologikoan ari naiz ama lurra zaintzeko, eta gero berak guri elikagai osasuntsuak eman ahal izateko. Gaur egun erabiltzen diren produktu kimiko denek landareen organismo guztia anulatzen dute”. Berak apustua egina dauka bertako benetako sagarraren esentzia eta purutasuna berreskuratzeko: usainean, zaporean, kalitatean, elikagai-balioetan… denean irabazteko.