Joseba Urretabizkaia: "Belaunaldi honek XXI. mendean kokatu zituen sagardotegiak"
Descripción
Sagardogile liburua argitaratu berri du Joseba Urretabizkaia argazkilariak (Tolosa, 1965), Joxemi Saizar kazetariarekin batera. Sagardogintza XXI. mendean ezagutzen den bezalakoa izatea lortu duen sagardogile belaunaldi bat elkarrizketatu dute, tradiziotik modernitaterako jauzia egin zuen belaunaldi bat, hain zuzen. Hemeretzi sagardogileri eman diete hitza, eta irudiek ia testuek adina garrantzi duten liburua osatu dute.
presentación historia joseba urretabizkaia joxemi saizar cultura sidra sagardoetxea libro sagardogile sidrero sidrería
Ficha
- Autor: Eider Goenaga
- Fuente: Gipuzkoako Hitza
- Fecha: 2018-10-26
- Clasificación: 2.6. Oficios
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea Fondoa »
- Código: NA-008144
Texto completo
Nola sortu zen Sagardogile liburua egiteko ideia?
Nik badut editorial txiki bat, Xibarit izenekoa, eta euskal kulturarekin eta tradizioarekin lotura duten hainbat liburu atera ditugu jada. Herri kirolekin hasi ginen, eta iaz, adibidez, aizkolarien inguruko liburua kaleratu genuen; aurten, harri-jasotzaileei buruzkoa ere aterako dugu. Tolosan, berriz, ehun urte bete dituzten denden ingurukoa atera genuen. Protagonistekin hitz egin eta biografia moduan ateratako liburuak dira denak.
Eta sagardogileekin gauza bera egitea bururatu zitzaizun?
Hasiera batean, sagarrari buruzko zerbait egitea zen nire asmoa; baina horrelakoak eginda daude, eta ikusi genuen adin batetik aurrerako sagardogileen biografiak egitea egokia izan zitekeela, interesgarria zela… eta halaxe hasi ginen.
Hemeretzi sagardogile aukeratu zenituzten biografia horiek egiteko. Zein izan zen aukeraketarako irizpidea?
Aholkua eskatu genuen zerrenda egiteko. Gu sagardotegietara joaten gara, eta sagardozaleak bagara, baina beste irizpide batzuk ere behar dira aukeraketa egiteko. Beraz, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin eta Sagardo Mahaiarekin harremanetan jarri, eta haiekin batera osatu genuen zerrenda.
65 urtetik gorakoak dira elkarrizketatutako guztiak?
Bai, hori izan zen guk jarri genuen irizpideetako bat, 65 urtetik gorakoak izatea. Eta, bestea, bizirik egotea; badaude biografia egitea merezi duten eta hilda dauden sagardogileak, baina guk haiekin hitz egin nahi genuen biografia osatzeko. Bestalde, argazkilaria naiz ni, eta hori zaintzea gustatzen zait; irudia oso garrantzitsua da niretzat. Beraz, bizirik daudenekin egin nahi genuen, eta haiek irudietarako ematen duten jokoa aprobetxatu. Tamalez, prozesu honetan hil egin zen sagardogileetako bat, Etxe Zurikoa, baina ja liburua martxan zegoenez, eta harekin egon ginenez, liburuan egon badago.
Lurralde guztiko sagardotegiak sartzeko ahalegina egin duzue?
Hernaniko eta Astigarragako sagardotegiak dira gehienak, baina badaude Tolosaldekoak eta Goierrikoak ere, eta baita Debako beste bat ere.
Debako Rosario Arruti da biografietan agertzen den emakume bakarra.
Bai, hala da; bera da bakarra. Beste askotan bezala, sagardotegietan ere emakumearen lana garrantzitsua ez ezik ezinbestekoa ere izan da, baina, normalean, itzaleko lana izan da beraiena. Beraz, biografiak gizonenak izan arren, saiatu gara emakumeen presentzia hori nabarmentzen, eta bai testuetan eta bai argazkietan hori adierazten.
Aurkezpenean nabarmendu zenutenez, tradizioa eta modernitatea uztartuz, sagardogintzari ezinbesteko bultzada eman zioten sagardogile horiek.
Zalantzarik gabe. Aurreko belaunaldietan sagardotegiak etxekoentzat, auzokoentzat eta ingurukoentzat izaten ziren, batez ere; eta sagardogile belaunaldi honek oso pauso garrantzitsua ematen jakin izan zuen; sagardotegiak XXI. mendean kokatu zituen. Bere bidea eta bere merkatua zein zen aurkitu eta definitu zuen bakoitzak; batzuek urte osoan ematen dute janaria, beste batzuek gehiago indartu dute botilatzea… Belaunaldi honek profesionalizazioa eta industrializazioa garatu zuen sagardogintzaren munduan.
Eta zein ondorio atera daiteke hemeretzi biografia horietatik?
Betidanik gogorra izan da baserri inguruko bizimodua; oso bizimodu lotua da. Eta berdina gertatzen da sagardogileen kasuan ere. Baina jende gogorra dela esango nuke, beti lanerako prest dagoena, lanari beldurrik ez diona, sakrifikatua… Eta azkarra ere bai, jakin izan dutelako sagardogintzari eta sagardoari dimentsio berri bat ematen.
Sagardogileekin hainbat orduz egon eta gero, zerk harritu zaitu gehien haiek esandakotik?
Harritu-harritu, ez dakit, espero genuena kontatu digute gutxi gorabehera. Baina egia da lehen ezagutzen ez genituen hainbat gauza ikasi ditugula liburua egiten aritu garen bitartean; eta atentzioa eman didan gauzetako bat da denek esaten dutela gaur egun garai batean baino askoz errazagoa dela sagardoa egitea. Teknologiak asko erraztu du beraien lana, eta ia denek esan digute garai batean askoz gogorragoa zela sagardoa egitea.
Argazkilaria zara zu, eta, ondorioz, argazkiek, irudiek eta diseinuak garrantzi handia dute liburuan, ezta?
Bai, dudarik gabe, irudi txukun bat emateak beti laguntzen dio testuari. Oso liburu bisuala da Sagardogile, paper berezi batean inprimatu dugu, eta asko zaindu dugu alor hori; azkenean, batez ere hori da nire arloa, eta ezin zen bestela izan.
Argazkiak egiterakoan, edo aukeratzerakoan, zein izan da irizpidea?
Irizpide jakin bat bete dugu denekin. Sagardogilearen erretratuarekin hasten gara, sagardotegiaren argazki bat sartzen dugu gero, sagardogilea txotx egiten edo sagardotegiko lanean jartzen dugu jarraian, eta sagardogilea seme-alabekin edo ilobekin agertzen den irudi batekin amaitzen dugu gehienetan. Izan ere, sagardogileak kontatutako istorioa dago batetik, baina ez da hor amaitzen, eta liburu honekin adierazi nahi izan duguna da badagoela jarraipena, badagoela etorkizuna.