Sagardoaren lurraldea

Iaz baino sagar gutxiago

Descripción

Joan den urtearekin alderatuta, txikiagoa izan da aurtengo sagardo sagar ekoizpena; hain zuzen ere, iaz bildutako sagarren % 30 bildu dituzte aurten. Halaxe adierazi zuten ostegunean, Astigarragan (Gipuzkoa), XVIII. sagardo sagarraren heldutasunaren txostena- ren aurkezpenean. Hainbat eragile izan ziren agerraldian: Astigarrako alkate Zorione Etxezarraga, Felix San Sebastian Fruiteleko presidentea, Antton Arka kultur taldeen bozeramaile moduan eta Egoitz Zapiain, sagardogileen bozeramaile moduan.

madurez manzana para sidra manzana informe cosecha

Ficha

  • Autor: Ane Zurutuza Irastorza
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2018-09-29
  • Clasificación: 1.3. Manzana
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P25-21
  • »
  • Código: NA-008133

Texto completo

Joan den urtearekin alderatuta, txikiagoa izan da aurtengo sagardo sagar ekoizpena; hain zuzen ere,
iaz bildutako sagarren % 30 bildu dituzte aurten. Halaxe adierazi zuten ostegunean, Astigarragan
(Gipuzkoa), XVIII. sagardo sagarraren heldutasunaren txostena-ren aurkezpenean. Hainbat eragile
izan ziren agerraldian: Astigarrako alkate Zorione Etxezarraga, Felix San Sebastian Fruiteleko
presidentea, Antton Arka kultur taldeen bozeramaile moduan eta Egoitz Zapiain, sagardogileen
bozeramaile moduan. Horiez gain, bertan izan zen, halaber, Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri
izenaren koordinatzailea. Fruitelek eta Sagardoaren Lurraldeak eskatzen dute kontrol hori urtero,
eta Gipuzkoako hainbat sagasti aztertzen dituzte, urte bakoitzean bildutako sagarren ezaugarriak
eta kopuruak jakiteko asmoz.

Irail hasieran egin zuten kontrola, eta ondorioztatu dute aurten ere, iaz bezala, sagarrak ohi baino
lehenago heldu direla. Agerraldian azaldu zutenez, 2018ko udaberria hotz eta euritsua izan den
arren, udako tenperatura altuek eragin dute lehenago heltzea.

Ikerketa egin dutenek hiru multzotan sailkatu dituzte sagarrak, zenbat aurreratu diren kontuan
hartuta. Gehien aurreratuak patzoloa, mozoloa, aritza, geramina eta txalaka izan dira. Hurrengoak,
urtebi txikia, manttonia, urtebi handia, urdina, udare marroia eta berde garratza izan dira. Gehien
atzeratu direnak, berriz, errezila eta mokoa. Agerraldian azpimarratu zuten aurten ekoizpen
irregularra izan dela; izan ere, sagasti batzuk hutsik egon diren bitartean beste batzuk gainezka egon
dira.

Sagarren egoeraren berri emateaz gain, Egin Zotz! kanpaina aurkeztu zuten, Euskal Sagardoa jatorri
deiturak antolatuta. Kanpaina horrek pintxo poteo bat du oinarri, Euskal Sagardoarekin eta bertako
kalitatezko produktuekin egindako pintxo poteo bat, hain zuzen. Unai Agirrek aurkeztu zuen
kanpaina.

Egitarau oparoa asteburuan
Sagar Uztaren XVIII. edizioan, urtero legez, sagardotegietako dolaretako lanen hasiera ospatuko dute
Astigarragan asteburu honetan. Astigarraga eta sagardoa lelopean, egitarau oparoa prestatu dute
hainbat eragileren artean. Osteguneko agerraldi horretan, ospakizun horretako ekintza nagusiak
azaldu zituzten.

Gaur bertan, esaterako, kirol proba bat egingo dute lehen aldiz jaialdi horretan: I. Sagar Uzta
Erronka Indoor. Foru plazan izango da, eta parte hartzaileek eski, arraun eta bizikleta probak egin
beharko dituzte, 10:00etatik aurrera. Zortzi talde daude izena emanda, eta hiru txandatan lehiatuko
dira: lehendabizikoan, hiru taldek hartuko dute parte; bigarrenean, beste hiruk, eta, azkenekoan, bi
taldek. Eski probarekin hasiko dira, arraunean jarraitu eta bizikleta gainean bukatu. Kide bakoitzak
hamabost minutu egin beharko ditu dagokion makinaren gainean. Gero, egindako distantziak
neurtuko dituzte, eta distantziarik handiena egiten duen taldea izango da garaile. Proba amaitzean,
bertaratzen direnek pintxoak eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute.

Bihar, igandez, topa herrikoia egingo dute Udaletxe parean. 11:00etatik aurrera, plazara joandako
familiek aukera izango dute sagarren bilketa, txikitze eta prentsatze prozesuan parte hartzeko.
Horren ondoren, talde argazkia eta topa egingo dituzte, hain zuzen ere lehenago beraiek dolarean
egindako sagar muztioarekin.

Emakumeak protagonista
Osteguneko agerraldian iragarri zuten ekintza berezi bat prestatzen ari direla 2019ko Emakumeen
Nazioarteko Egunerako. Datorren urteko martxoaren 8an, emakume sagardogileekin batera,
Harituz Taldeak morez jantziko ditu Sagardo Etxeko sagastiko sagarrondoak, beraiek eskuz
ehundutako estalki moreekin. Horrez gain, Harituz Taldeko kideek grabatutako 365 hilos de
sororidad dokumentala proiektatuko dute, Matazak genero indarkeriaren aurka proiektuaren
barruan. Martxoa iritsi bitartean, ordea, hainbat ekitaldi egingo dituzte, eta gaur bertan izango da
lehendabizikoa. Kolore morekoak izango dira goizeko ekintzan sagarrak biltzeko erabiliko diren
kizkiak.