Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura
Descripción
Usurbilgo Udalak, Alkartasuna Kooperatibak, Sagardoaren Unibertsitateak, Sagardo Egunaren Lagunak, Noaua!k eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak “Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura” marka eratu dute. Sagarraren eta sagardoaren kultura zabaltzeko eta herrian egiten diren ekimenak bateratzeko eta koordinatzeko helburuz sortu dute. “Iraganean zer izan garen ezagututa, etorkizunera begirako apustua da”, nabarmendu du Xabier Arregi alkateak. Udazkeneko agenda bete-betea dator.
cultura marca sidra manzana usurbil ayuntamiento de usurbil
Ficha
- Fuente: Usurbil
- Fecha: 2018-09-06
- Clasificación: 6.7. Pueblos
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea Museoa »
- Código: NA-008026
Texto completo
Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura marka eta udazkeneko agenda aurkeztu dituzte gaur goizean ekimen honen sustatzaile izan diren elkarteetako ordezkariek: Xabier Arregi Usurbilgo alkateak, Mikel Izagirre Alkartasuna Baserritarren Kooperatibako lehendakariak, Jakoba Errekondo Sagardoaren Unibertsitatea elkarteko ordezkariak, Aizpea Aizpurua Noaua! Kultur Elkarteko ordezkariak eta Olatz Mitxelena eta Unai Agirre Gipuzkoako Sagardogile elkarteko ordezkariek. Lan kontuak medio, Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak elkarteko kideek ezin izan dute bertaratu, baina ekimenaren bultzatzaileak ere badira. Aurkezpenera ere herriko sagardogileak hurbildu dira, eta, ostean familia-argazkia atera dute guztiek.
Xabier Arregi Usurbilgo alkateak ongi-etorri oparoa egin dio ekimenari. Haren hitzetan, Usurbil, sagarra eta sagardoa elkarri lotutako hiru kontzeptu dira. “Sagarra eta sagardoa gure bizimoduaren ardatz izan dira mendetan, eta, horregatik, herri-ondare garrantzitsua dira”. Nabarmen ikusten da hori hainbat arlotan: historia, kultura, nekazaritza, hezkuntza, sorkuntza, turismoa, paisaia, garapen ekonomikoa, enplegua, merkataritza edota lurralde antolaketan. Haatik, Arregiren esanetan, ez dira kontzeptu geldoak. Bizi-bizirik daude. Herri-ondare bizia da. “Ez dira soilik kontzeptu historikoak, geldoak. Ekinean ari den kontzeptua da, bizi-birik dago”. Izan ere, sagarra eta sagardoa ardatz duen jarduera ekonomiko indartsua du Usurbilek, jarduera ekonomiko nagusietako bat baita.
Horretaz gainera, Usurbilen saio eta ekintza ugari antolatzen dituzte herri-eragileek sagarra eta sagardoaren bueltan. Aipagarriak dira, esate baterako, Sagardo Eguna antolatzen herri aitzindaria izan zen Usurbil eta dagoeneko 37 aldiz egin da; eta Sagastiak Loretan zikloaren 6.edizioa egingo da aurten. “Horrek adierazten du bizi-bizirik dagoela herrian sagarraren eta sagardoaren inguruko jarduna”, dio alkateak. Hala ere, horiek guztiak koordinatzeko beharra ikusi da, eta behar horri erantzuten dio, hain zuzen ere, Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura markak. “Urteko egitarau bateratua izateak indarra eta oihartzuna ematen dio gure eskaintzari, bai kanpora begira bai barrura begira. Gainera, herriko eragileen arteko lankidetza, proposamen eta ekimen berriak ernaltzeko modua izatea nahi genuke”, nabarmendu du Xabier Arregik. Hortaz, sagarraren eta sagardoaren kultura ezagutzera emateko, zabaltzeko eta sendotzeko tresna da sortu berri den marka. “Iraganean zer izan garen ezagututa, etorkizunera begirako apustua da”.
Urte guztiko egitaraua
Jakoba Errekondo Sagardoaren Unibertsitatea elkarteko kidea ere antzera mintzatu da. Haren esanetan, urrats garrantzitsua egin dute Usurbilen: “Gaur egun sagarra eta sagardoaren inguruan osatzen den egitaraua urte osokoa da. Txotx garaia eta Sagardo Egunetik harago doa. Ez da inon halako egitaraurik osatzen”. Bi ekimen nabarmendu ditu Errekondok. Batetik, Alkartasunak eskaintzen dituen formakuntza-ikastaroak. “Euskal Herrian egiten den bakarra da. Ekartzen dituen irakasleak ez dira edozein”. Eta, bestetik, Noaua! Kultur Elkarteak Santo Tomas egunean antolatu ohi duen herriko etxeetako sagardo lehiaketa.
Udazkeneko agenda ekitaldiz lepo dator. VI. Sagastiak Loretan zikloaren barruan, hainbat ekimen eta solasaldi antolatu dituzte. Arestian aipatutakoaz gain, badira nabarmendu beharreko beste bi ekitaldi ere: irailaren 29an Euskal Herriko IV. Sagardo Txapelketa herrikoiaren finala Usurbilen jokatuko da; eta azaroaren 10erako Txokoaldeko Txalaparta Txokoarekin batera antolatu den “Txalaparta sagardoa da” jaialdia. Usurbilen sagardoak, egurrak eta Txalapartak izan duten lekua ezagutzeko aukera paregabea eskainiko du.