Bete-beterik datoz aurten ere Donostiako Euskal Jaiak
Descripción
Ordizian, Zarautzen, Hernanin, Donostian... Gipuzkako herri askotan ospatzen dira irailaren lehen egunetan etxe giroko jaiak, euskal jaiak. Jatorri eta inspirazio bertsua dute denek, eta XIX. mendearen amaieran dituzte sustraiak. Izan ere, 1893. urtean Antoine D'Abbadiek, Sara, Donibane Lohitzune eta Urruñako euskal festen sortzaileak, euskal festa antolatu zuen Azpeitin.
sidrería astiazaran degustación donostia euskal sagardoa gastronomía sagardo egunak sidra
Ficha
- Fuente: El Diario Vasco
- Fecha: 2018-08-27
- Clasificación: 5.2. Días de la sidra
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea Museoa »
- Código: NA-007953
Texto completo
Ekimen horri Gipuzkoako Aldundiak heldu eta Arrasaten lehen aldiz euskal festa antolatu zuen. Hurrengo urteetan beste hainbat herritan antolatu zituzten. Gipuzkoako Foru Aldundiak 1896. urtean 'Fiestas Euskaras' izenekoak sortu zituen. Bertan nekazaritza-lehiaketak antolatzen zituzten. Horretaz gain literatura-lehiaketa, dantza eta herri-kirolak antolatzen zituzten, euskal ohiturak eta folklorea goretsiz.
Donostian 1927an egin zen lehen Euskal Astea. Gerrak eten zuen ohitura ia hasiberria, 1940. urtean egin zen berreskuratzeko saioa eta azkenean 1961. urtean Asteari bere jatorrizko izena jarri zioten: Euskal Jaiak edo Fiestas Euskaras. Izen hori izango du 1985. urtera arte. Etenaldiaren ondoren, 1994an Parte Zaharreko hainbat elkartek jai hauek berreskuratu zituzten eta KTE, Parte Zaharreko Jai Batzordearekin batera, berriz antolatzen hasi zen.
2018koak astelehen honetan aurkeztu dira Donostiako udaletxean, Alfonso Gurpegi (Festa Jardueretako zinegotzi delegatua), Olatz Mitxelena (Sagardogileen Elkartea) eta Helena Jiménez de Aberasturiren (Lur Kolektiboa) eskutik. Aurtengo Euskal Jaiak abuztuaren 30etik irailaren 9ra ospatuko dira. Egun horietan euskal kirol ezagunenen lehiaketak eta erakustaldiak egiten dira. Euskal kulturarekin lotutako ekintzak ere bai.
Aurrena, Sagardo Eguna
Sagardo Eguna, egun nagusietako bat, irailaren 1ean, larunbata, egingo da. Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 13:45ak bitartean Gipuzkoako Sagardoegileen Elkartearen eskutik, Konstituzio plazan Gipuzkoako 35 Sagardotegietako sagardoa dastatzeko aukera izango da. Iaz, 8.000 botila kontsumitu ziren eta aurten, 35 postu inguru jarriko dituzte Konstituzio plazan. Egunean zehar izango dira momentu bereziak, hala nola sagardogileen topa eta omenaldia. Aurten Juan Ignacio Astiazaran eta bere emaztea, Isabel Díaz, (Astiazaran Sagardoak) izango dira omenduak, sagardogintzari eskainitako guztia eskertzeko. Omenaldia eta topa eguerdiko 12:30ean izango da. Sagardo berezien eta Euskal Sagardoa jatorri deituraren dastaketa ere egingo da Liburutegi zaharraren azpian dagoen Kriptan. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko Sagardo bereziak (kriantzak, apardunak, muztioak…) dastatu ahal izango dira. Txartelak plazan egongo den informazio puntuan (basoen salmentaren ondoan) erosi ahal izango dira (5€, 4 sagardo desberdin dastatuko dira).
Egun berean, Gipuzkoako Tomateen Erakusketa eta Lehiaketa (Boulevardean 10:00etan) eta Donostiako Nekazaritza Ekologikoaren XVII. Azoka (Boulevardean 10:00etatik 15:00etara) ere egingo dira.
Azokei dagokienez, hilaren 2an, igandean, Eskulangintzako Azoka egingo da Boulevardean eta San Juan kalean, egun osoan. Aipatu behar da, halaber, irailaren 6tik 8ra Boulevardeko kiosko aurrean egingo den Basque Beer Fest azoka. Euskal garagardo ekoizleek bertako garagardo artisauak aurkeztuko dituzte bertan.
Gastronomiarekin zerikusia duten ekitaldiak ez dira azokekin bukatzen. Lehiaketek ere badute tartea. Hala, Euskal Jaietako II. Marmitako Lehiaketa egingo da San Juan kalean eta Bretxako estalpean irailaren 7an 18:00etatik aurrera. Irailaren 9an, berriz, IX. Elkarte arteko Luis Irizar Legatza donostiar erara Lehiaketa egingo da 12:00etan Bretxako estalpean.
Folklorea, kultura eta kirola
Euskal Jaietako beste txapelketa nagusietako bat Dantza Sueltokoa da. Donostia Festakek antolaturik eta Euskal Dantzarien Biltzarraren laguntzarekin, Konstituzio Plazan egingo da irailaren 2an, arratsaldeko 18:00etan. Euskal folkorearekin eta kulturarekin jarraituz, irailaren 1an Kantu Jira egingo da Loiola kaletik Parte Zaharrera 12:00etan, eta egun berean herri Esku-Dantza Konstituzio plazan 19:00etan. Konstituzio plazak, halaber, euskal erromeria hartuko du datorren larunbatean.
Irailaren 5ean 'euskal zinema kalean' ekitaldiaren barruan Paul Urkijok iaz estreinatu zuen 'Errementari' filma emango da Trinitate plazan. Euria egin ezkero Konstituzio plazara eramango da saioa.
Biharamunean, hilaren 6an, Infernuko Poza Trikitixaren XVI. Jardunaldiak egingo dira, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatuta. 19:30ean, San Jeronimo kaleko Donostia Kulturako hitzaldi aretoan Alex Artzelusek moderatutako mahai ingurua izango da, Gurutze Lasa, Agus Barandiaran eta Julen Leuzarekin.
Irailaren 7an, bestalde, Donostia Bertsotan saioa egingo da Trinitate plazan 22:00etan. Gai-jartzaile lanetan Unai Elizasu arituko da, eta bertsotan, berriz, Alaia Martín, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Jone Uria eta Iker Zubeldia. Arlo honetako beste bi hitzordu aipagarri dira irailaren 8an Zuloaga plazan 12:00etan Lau Urrats taldearekin egingo den Muxikoak, eta egun berean, 19:00etan Trinitate plazan eskainiko den 'Elkarrekin' ikuskizuna. Gero Axular Dantza taldea, hain zuzen, Easo Txiki eta Araoz Gaztetxo abesbatzekin arituko da.
Kirolari dagokionez, irailaren 2 eta 9ko estropadak dira hitzordu nagusiak. Ez, ordea, bakarrak. Hor daude, esaterako, Donostialdeko XXI. Esku-Pilota Txapelketa, Trinitate plazan irailaren 3, 4, 5 eta 7an jokatuko dena kategoria guztietan; Kontxa badiako 75. igerialdia, Urgulleko XVIII. Krosa eta Kontxa badiako Waterpolo VI. Txapelketa irailaren 8an edota, horien guztien aurretik, irailaren 1ean jokatuko den. Euskal Jaietako VII. Toka Txapelketa.
Euskal Jaien amaiera ekarriko duen irailaren 9ko Donostiako Estropaden eta Kontxako Banderaren egun handiaren bezperan, hilaren 8an, Gaztelu Eguna ospatuko da. 11:30ean irtengo diraTrinidade plazatik, eta 12:30ean Santa Mariako atrioan kapitulazioak irakurriko dira. 14:30ean herri bazkaria egingo da Urgullen, eta 17:00etan Muxikoen tailerra Eskola dantza taldearen eskutik. 19:00etan hasiko da jeitsiera Gaztelutik, Ingelesen hilerrian geldiunea eginik. Azkenik, 21:00etan, Zubietako aktak irakurriko dira Trinidade plazan.