Ongi etorriak dira autokarabanak Sagardoaren Lurraldean
Descripción
Astigarraga, Hernani eta Usurbil artean kokatuta dagoen Sagardoaren Lurraldeak Euskal Herrira autokarabanaz edo furgonetaz iristen diren bidaiariei zuzendutako informazio kanpaina abiatu du, "etxea gainean" daramatela euskal sagardoaren kulturan murgildu nahi dutenei xehetasun praktiko ugari eskiniz. Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, aparkaleku, piknik-gune, sagardotegi eta esperientzia turistiko ezberdinen informazioa jarri dute gurpil gainean bidaiatzen dutenen eskura.
ocio caravana museo sagarbike sagardoetxea sidrería experiencia sagardun turismo
Ficha
- Fuente: El Diario Vasco
- Fecha: 2018-08-27
- Clasificación: 4.2. Otras experiencias
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea Museoa »
- Código: NA-007952
Texto completo
Modu honetan, Sagardoaren Lurraldeak erraztasunak eskaini nahi dizkie, bertan eskaintzen dituzten esperientziak bizi ahal izateko. Horien artean, Sagardoetxea Museora bisita gidatua eta sagardotegiko ohiko otordua batzen dituena da bere webgunean eskaintzen dituztenen artean arrakastatsuena.
Bidaiarien eskura jarri dituzten xehetasunen artean, autokarabana eta furgonetentzako aparkaleku egokiak daude, Sagardoaren Lurraldera bisita egin ahal izatea errazteko, nola Astigarraga, Usurbil eta Hernaniko inguruetan hala Donostian. Gainera, aldez aurretik erreserba eginda, gisa honetako ibilgailuentzako aparkaleku egokia duten sagardotegien inguruko informazioa ere eskaintzen du.
Garraiobide horietan iristen diren bidaiariek euskal sagardoaren kulturan murgiltzeko aukera egokiena hauta dezakete, autokarabana hiriburuan utzi ondoren garraio publikoan nahiz bizikletaz gerturatuz, baita beren ibilgailu propioan ere.
Ekimen honekin, Sagardoaren Lurraldeak «'camper' delako ibilgailuetan iristen diren bidaiariak erakarri nahi ditu, gero eta gehiago baitira mota honetako bisitariak. Gainera, bidaiari hauek Sagardoaren Lurraldeak eskaintzen dituen gisako esperientziak bizitzeko ohitura dute».
Ibilgailua ordu batzutan aparkatuta utzi nahi dutenentzat, Sagardoaren Lurraldeak Sagardoetxea Museora bizikletaz gerturatzeko aukera ere eskaintzen du, Donostiako Alde Zaharren kokatua dagoen Go Local enpresarekin elkarlanean.
Sagarbike esperientziaren bitartez, Gipuzkoako hiriburuan bizikleta alokatu daiteke eta Sagardoetxea Museora gerturatu, 20 kilometro inguruko joan etorriko itzulia eginez Urumea ibaiertzean barrena. Esperientzia museoko bisita gidatuarekin eta sagardo, pintxo eta sagarraren beste eratorri batzuen dastaketarekin osatzen da.