Sagardoaren lurraldea

"Sagardotegiak beti izan dira kultura espresio desberdinen gune eta bilgune"

Descripción

Ekainean ireki zuen Astarbe sagardotegiak, SagarArte galeria. «Urtero artista gazte pare bat aukeratu eta sustengu ekonomikoa eman nahi diegu». Jantokian daukate, laster ibiltaria izango den erakusketa.

arte sidrería astarbe astigarraga ballenero entrevista historia sagararte sidra sidrería ternua

Ficha

  • Fuente: Urumeako Kronika
  • Fecha: 2018-08-25
  • Clasificación: 2.0. Sidrería
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea Museoa
  • »
  • Código: NA-007951

Texto completo

Dokumentu zaharrak begira­tzen ibilita konturatu ziren Astarbe sagardotegian, «testuinguru sozioekonomiko zailetan, sagardotegiek kultura babestu» izan dutela, eta orain bi urte SagarArte galeria sor­tzea erabaki zuten. «Ikusi genuen sagardotegiek bazutela gabezia bat. XIX. mendeari begiratuta, ikusten genuen sagardotegiak zirela adierazpide kulturalen sustatzaile eta babesle: bertsolariak, pelota... SagarArte da edozein arte adierazpideren bultzatzaile», argitu du Gorka Arizkorreta, Astarbe sagardotegiko turismo eta marketing arduradunak.

«Urtero artista gazte pare bat aukeratu eta sustengu ekonomikoa eman nahi die­gu». Momentu honetan, beste artista batzuen obra puntualez gain, Paul Latabururen Sagarra-Manzana, 11 pausotako serie ilustratiboa ikusi daiteke, eta irailaren 21etik abendura bitartean Mundakara egingo du salto; Mundaka BC proiektuak plazan duen dendan jarriko da, eta inaugurazio egunean artea, sagardoa eta gastronomia lotuko dituen afaria ere izango da.

Ternuako uretarainoko zubia
Ternuara egindako bidaiarekin hasi ziren, lehendik ere bu­ruan bueltaka zerabilkiten ideiari forma ematen. Orduko horrek, Ternuako uretan, Red Bayn hondoratutako San Juan baleontziaren bizkarrezurraren forma hartu zuen, edo balea batena izan zitekeenarena, edo baleontzia horrekin batera urperatuta geratutako sagardo barrika batena. Xebas Larrañagak egin zuen How deep is the ocean brontzezko eskultura, Astarbetarrak iaz Ternuara joandako bidaiara eramateko. «Zerbait eraman nahi genuen. Xebasek bi egin zituen, bat han utzi eta bestea hemen gordetzeko, lotura hori sinbolizatzeko», azaldu du Joseba Astarbek.

Bidaia baino lehen, urteak ze­ramazkien anaiak, Hur As­tar­bek, Lourdes Odriozola historialariaren laguntzarekin, familiaren iraganeko aztarnei segika, eta horrekin batera, euskal sagardoaren historia azaleratzen. «Dena hasi zen internetekin», dio Josebak. «Interneten informazioa jarri behar zela-eta, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartetik ere hasi ziren galdezka, ea noiztik egiten zen sagardoa Astarben. Anaiak zekien aitak esaten zuena, aitonak esaten zuena... Eta horrela, historialari bat, Lourdes Odriozola ezagutzen zutela elkartean, eta hor atera zen 400 urtetik gorako historia».

Kizkia, baleetarako arpoiarekin aldatuta
Historia horren sorrera, orain arte aurkitutako dokumentu zaharrenean oinarrituta, 1563an dago. Horregatik ospatu ditu aurten Astarbe sagardotegiak 455 urte, ekainean egindako festan, eta hor ireki zuten SagarArte galeria ere.

Urte horietan guztietan, hainbat istorio bizi izan dira sagardotegian, eta horietako batetik etorri zitzaien ideia. «Tomas de Tafalla de Men­diola, sagardogile izatetik baleazale izatera pasa zen 1596an. Ho­rregatik joan ginen Ter­nu­ara, haren arrastoa segitzera, eta sagardoa berriro ere hara eramatera».

Bidaia horretarako egin zien Larrañagak aurreneko eskultura, eta dokumentuetan ikasitakoarekin, erabaki zuten arte galeria irekitzea. «Guk ezagututako sagardotegiak ere, beti izan dira kultura espresio desberdinen gune: bertsolariak, trikitilariak, txistulari­ak... denen bilgune. Gaur egun, jatetxe eta parrandarako gune bihurtzen ari dira, eta saiatu nahi dugu bestelako ekintza sozialak ere bultzatzen. Abeste­a­­rekin, jantziekin, koadroekin... lan egiten duten artista gazteekin harremana izan nahi dugu, baina hemen lekua izango dute sagarra espresiobide duten guztiek».

Kondairetatik, koadroak eta film labur bat
Ideia horrekin lanean hasi, eta dokumentu zaharrei heldu zieten berriro.

Historian zehar, eta hainbat kultura eta zibilizaziori lotuta, sagarraren bueltako kondaira asko aurkitu daitezke. Horregatik, ipuin batzuk idatzi, eta horietan oinarrituta zerbait egitea proposatu zioten Paul Lataburu artista donostiarrari. Honek, 11 pausotako serie ilustratiboa sortu zuen ipuin horietan oinarrituta: gizakia ehiztari-biltzaile izatetik hiritartu eta nekazari­tzaz bizitzera pasatzean, sagarrondoak orain­­dik etxekotu ez zirenekoa, Jainkoen sinbolo zirelako; edo Nilon barrena, egungo sagarrondoen lehen arbasoa izan zen hazia Per­si­a­rai­no iri­tsi zenekoa; edo Vi­kin­goek Gaz­tetasunaren sagarra edo gaztetzen duen edariarekin gozatu zutenekoa...

Azken kondaira eta ilustrazioan oinarrituta, beste artista batek, Aitor Zarzuelok, film labur bat ere egin du: Iddun. Lehiaketa batzuetan aurkezteko asmoa dauka, eta, beraz, oraindik sorpresa gordetzen ari dira, baina laster izango da ikusteko moduan.

SagarArte, interneten
Latabururen ilustrazioak, eta hauen oinarri diren kondairak webgunean ere ikusi daitezke: www.astarbe.eus/kondaira. Izan ere, asmoa da SagarArtek interneten edukitzea bere ataria. «Gu artista horien babesle izango gara, eta baita erakusleiho ere. Eta sagardo denboraldia aprobetxatuko dugu, artisten izenak bultzatzeko».

Datorren denboraldia iritsi bitartean, Sagarra-Manzana ezagutzeko aukera izango da. Hil hau bukau arte, Astarbeko jantokian izango da ikusgai, eta irailaren 21ean ibilbide berri bati emango dio hasiera: abendura arte, Mundaka BC proiektuak Mundakako plazan daukan dendan ikusi ahal izango da, eta aurrerago, Iru­ñeko Napardi soziedadean, Do­nostiako Tabakaleran, Pa­saiako Alabaola Itsas Kultur Fak­torian... Sagarra eta sagardoa, beste ibilaldi bat hastekotan dira. Honek ere 455 urte iraungo ote dituen, ikusteko dago. Astarben, asmorik ez dute falta. «Ideiaren bat daukana, jarri dadila gurekin harremanetan».

«Emakumeei esker segi du gure leinuak»
Sagardotegiko jantokian ikusi daiteke, baita ere, Anna Rocak ikatz-arkatzarekin egindako ‘Sagardoaren Belaunaldiak’ lana. Baita Iñaki Villanuevaren ‘SagarZaina’ eskultura ere.

Urteurren festa eta Sa­gar­Ar­te galeriaren inaugurazio egunean, beste obra bat ere gehitu zuten galeriara: Anna Rocaren Sagardoaren Belau­nal­diak. Festaren barruan antolatutako ekitaldia izan zen, Rocak zuzenean inprobisatu baitzuen irudia pinuzko egurrean, ikatz-arkatzarekin: «etxeko bi emakumeak irudikatzen saiatu zen», dio Jo­se­bak; Kizkitza, arreba, eta Agur­tzane Galparsoro, ama.

Emakumeak, ekintzaile ere bai
Marrazki honetan, baleon­tzietan joandako baleazale edo arrantzaleen zain etxean zain geratzen ziren emakumeak irudikatzen dira, baina ez dira zain, geldi geratzen, besterik gabe. «Bale garaietako istorioa kontatu nahi izan zuen, baina emakumeen ikuspuntutik. Izan ere, Astar­ben 15 belaunaldik irautea ez da kasualitatea».

Hain zuzen, urte horietan guztietan, zazpi alditan oinordekoak emakumeak izan zirela azpimarratzen du. «Emakumeei esker segi du gure leinuak». Hainbat dokumentutan aurkitu dituzte, gainera, sagastien eta baserriaren alde borroka egin zuten emakumeen aipamenak: Tomas de Tafalla de Mendiolak, esaterako, Isabel arrebari utzi zion oinordetza, eta honek Murgiako jauntxoaren kontra egin zuen borroka, sagastiak mantentzeko; eta baita lortu ere!

SagarZaina: familiaren baloreak
Beste obra bat ere bada, As­tar­betarren familian oinarritzen dena: Iñaki Villa­nue­vak egindako SagarZaina, sa­ga­rrondo zizelkatua.
«Familiako baloreak dauzka oinarri. Hasteko, gure sagastitik ateratako egurra da erabilitakoa. Horrekin irudikatzen du dena sustraietatik ateratzen dela. Eta lan egin du hori transformatzeko, baserrian sagarra transformatzeko egiten den bezala. Gero, adarretan traineruak ikusi daitezke, egiten den esfortzua erakusteko, eta baita ere, baleazaleen istorioekin daukan lotura azal­tzeko. Eta azkenik, adarren puntan botilak ikusi daitezke; ez bakarrik sagardoa botilaratzen delako, baizik eta botilak, mezuen edukion­tziak ere badirelako».

SAGARRA-MANZANA Hamaika pausotako serie ilustratiboa*

Paul Lataburu

1. Hasiera berri bat
Aro berri bat hasi da lurrean. Ehiztari bil­tzaile taldeek basoak atzean uzten dituzte hirigune kaotikoetan murgiltzeko. Nekazaritza jaio da eta, honekin batera, gizakiak bereak egiten ditu Ama Lurreko elikagaiak. Guztiak? Ez, guztiak ez. Gizakien biho­tzetan, sagarrondo zein sagarrak Jainkoen, Edertasunaren eta Ama Lurraren sinbolo izaten jarraituko dute.

5. Betiereko gaztetasuna
Iðunn Jainkosaren gidaritzapean, Iparraldeko Herriak askatasun osoz ibili ziren gure lurretan. Betiereko gazte, Gaztetasunaren Sagarra jateagatik, Vikingoak agertu ziren, gure mahai zein festak elkarbanatu genituen eta gaztetzen duen edariaz gozatu genuen. Ávalon (sagarren irla) irlatik igaro ondoren eta Morgana sorgina bisitatu ostean, Zeltek ere sagarraren kultura lau haizetara zabaldu zuten.

10. Sagardo sortzailea
XX. mendeko aurrerapen handiek testuinguru ezezagun bat marrazten hasi ziren sagardoaren munduan. Sagardo sor­tzaileak sortzen ari ziren, zientzia ezberdinen jakintza, material berriak eta igarotako belaunaldi guztien jakinduriak oreka sortu zuten edari mistiko honetan.