Sagardoaren lurraldea

En 2006, año de manzana

sidrería gartziategi sidra manzana cosecha

Ficha

  • Autor: Gurutze Pikabea
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2006-11-24
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P6-21
  • »
  • Código: NA-000791

Texto completo

Azken urteetan Euskal Herrian izan den sagar uztarik oparoena izan da aurtengoa GURUTZE PIKABEA Biluzik daude sagarrondoak, hutsik sagastiak, eta beteta, berriz, upelak. Sagardotegi garaiaren usaina da. Hala ere, oraindik hilabete batzuk itxaron beharko dugu aurtengo sagardoa dastatzeko. Sagardotegi askotan, sagarrak jotzen ari dira; bertzeetan, dagoeneko upel barruan dago sagardoa. Uzta ona izan da aurtengoa, urte osoko lanak eman du bere fruitua, eta sagastiek loraldi oparoa izan dute. Hori ikusita, kontent daude Euskal Herriko sagardogileak, sagardoa batez ere hemengo sagarra erabiliz egiteko aukera izan dutelako. Uzta txarreko urtearen ondotik, ona dator. Sagastien zikloa bi urtekoa izaten da: urte bat ona, hurrengoa txarra. Eta Euskal Herrian, behintzat, halaxe gertatu da. Iazko uzta eskasa izan zen; aurtengoa, berriz, «azken urteetan izan den onena», Bittor Lizeaga Astigarragako Gartziategi sagardotegiko arduradunak dioenez. Normalean bi urtean behin izaten da loraldia; hala ere, gero eta gutxiago: «Desoreka horri aurre egiteko mota askotako sagarrondoak landatu ditugu, urte batetik bertzerako aldea hain nabarmena izan ez dadin». Bittor Lizeagak sagastiak ditu etxean, eta etxeko sagarrarekin eta kanpokoarekin egiten du sagardoa: Gartziategi sagardoa. Orain egindako sagardoa urte osoan saltzen du. 6.000 kilo sagar inguru bildu ditu aurten bere lurretan, eta horietatik gehienak sagardoa egiteko erabili ditu. Irasagarra egiteko ere bai. Hala ere, etxekoa nahikoa ez, eta, batez ere, erositako sagarrekin egin du aurtengo sagardoa ere, baina sagarren %70 Gipuzkoakoa izan da, eta horrekin, gustura: «Sagardogintzarako hemengo sagarra nahikoa izatea gauza ona da». Sagardoaren urtea izendatu du 2006a. Iaz, ordea, Asturias (Espainia) eta Galiziatik ekarritako sagarrekin egin zion aurre uzta urriari. Noiz edo noiz, Frantziatik ere ekarri du sagarra. Sagarra ongi heldua zegoela bildu du aurten Lizeagak. Uda ona izan da, lehorra, eguzki asko eta euria ere bai, bere neurrian. «Eguraldiak asko laguntzen badu ere, sagarrak ematen dituztenak sagarrondoak dira». Azken bizpahiru urtean gertatu bezala, aurten ere aurreratu egin da uzta, bi edo hiru aste. OHITURA KONTUAK. Sagastiak era naturalean. Sagastiak zaintzeko orduan, ahalik eta tratamendu gutxien erabiltzen saiatzen dira Gartziategi sagardotegian. «Orain ez diegu tratamendurik ematen sagastiei, zuhaitzak gaixotasun larririk ez badu, behintzat». Lehengo ohiturari eusten saiatzen da Lizeaga. Hartara, ongarri gisa simaurra ematen du lurrean, eta sagardogintzarako lan gehienak ere ilargia ilbeheran dagoenean egiten ditu. Sagardoa botilara pasatzerakoan, upela betetzerakoan edo ixterako, ilargiari begiratzen dio. «Sineskeria bat da azken batean, baina belaunaldiz belaunaldi igaro da, eta hori errespetatzen saiatzen gara». Ohiturak ohitura, sagardoaren produkzioa asko aldatu omen da azkenaldian. Gartziategin, adibidez, orain dela hamar urte sagarrondo berriak landatu zituzten, «denetarik pixka bat»: gaziak, gozoak... Baina Euskal Herriko onenak ditu Lizeagak etxean, nahasketa onenak egiteko: «Goikoetxea, mokoa, gezamina, txalaka...». Garai batean, sagar asko ematen zituzten sagarrondoak ziren onenak; gaur egun, sagardo ona egiteko bideak bilatzen dira. Sagardoa upel barruan, eta urtarrilean hasiko den sagardotegi garaiaren atarian, denboraldi ona izatea espero du Lizeagak. XVI. mendeaz geroztik sagardotegi moduan ari da Gartziategi baserria, eraikin historiko izendatua. Eta aurtengo sagardoa urtarrilerako prest izanen dute. Nolakoa izanen den jakiteko, dastatzea bertzerik ez da falta.