Oialumek 75 urte
Descripción
Orain dela 75 urte, 1943an, hasi ziren Oialumeko dantzaldiak. Hainbat urtetan zehar, igandero-igandero bildu izan ziren neska-mutilak akordeoiaren erritmoetara dantzatzeko. Soinu handiaren ostean jazpana etorri zen (hiru lagunekoak), gero gitarra elektrikoak eta rocka, geroago izen handien kontzertu handiak ( Itoiz, Akelarre, KenZazpi, Berri Txarrak)...
anje duhalde astigarraga baile gozategi concierto oialume celebración aniversario
Ficha
- Autor: Felix Ibargutxi
- Fuente: El Diario Vasco
- Fecha: 2018-05-20
- Clasificación: 2.0. Sidrería
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea Fondoa »
- Código: NA-007879
Texto completo
Orain, datorren larunbaterako, festa handia antolatu du Oialumeko familiak: arratsaldean, berbena egingo da lehengo erara aspaldiko musikari batzuekin, eta gaueko 10etatik aurrera, kontzertua Anje Duhalde eta Gozategirekin.
Mugan dago Oialume, Hernani eta Astigarraga arteko mugan. Interneteko Ahotsak biltegian en-tzun daiteke Juanita Agirrezabalagaren jarduna, esplikatuz nola aspaldi leon-kastillo erabaki zutela bateko eta besteko arduradunek, eta Hernaniko parte izatea egokitu zela.
Juanita haren koinatua, Javier Barrenetxea, izan zen bazter hori dantzaleku bihurtu zuena. Apustu baten ondorioz hasi zen dena.
Kontua da 1943an bailarako bi gaztek pultsu-apustua prestatu zutela. Pultsularien lana halterofiliako jasotzaileenaren antzekoa izaten zen, baina heldu beharreko barra ez zen borobila, karratua baizik. Joxe Joanantonekoa, 'Patas', eta Felix Orkolakoa lehiatu ziren. Javier Barrenetxeak taberna zeukan Oialumen eta, jakinik jende asko biltzekoa zela, soinujolea ekarri zuen, Markos Zubeldia hernaniarra.
Lehenbiziko dantzaldi haren arrakasta ikusita, soinujole hura igandero ekartzea erabaki zuen Barrenetxeak. Akordeoia izaten zen Oialumen, beti sueltoko piezak eta urrian hasi eta ekaina bitartean.
Huraxe zen 1940. hamarkadako estanpa: soinujolea bakarrik, hura mahai baten gainean ipinitako aulkian eserita, eta fandango eta arin-arinak jotzen, besterik ez. Igande arratsaldean, 4etan hasten zen musika, eta 8etan bukatzen.
Geroxeago, Ramon Amenabar soinujole itsua hasi zen jotzen, hura ere hernaniarra. Oialumeko oraingo nagusiak, Asintxio Barrenetxeak, gogoan du mutikotan nola joan ohi zen Ergobiako autobus-geltokira, soinujoleari laguntzera azken metroak egiteko. Hark emaztea ere itsua zuen eta biak batera azaltzen ziren. Amenabarrez gain, akordeoilari hauek jardun izan ziren: Jose Luis Ponce, Rafa Erentxun, Diego Bikondoa...
Baina zer jende klase azaltzen zen Oialumera dantza egitera? Inguruko gazteak, Loiolako kuartelean soldaduska egiten ari ziren mutilak, Donostiara neskame etorritako probintziako neskak...
Bitartean, pulpitutik, Hernaniko apaiza ez zen isilik egoten. «Oialumen argi gutxi zegoela esaten zuen», du gogoan Asintxiok.
Soinujole bakarlarien ostean, orain dela 58 urte jazpanak hasi ziren Oialumen; hiru laguneko taldeak, bateko akordeoia, besteko bateria, eta biribiltzeko haizezko tresnaren bat: saxofoia, tronpeta... Ordurako hasiak ziren lotuko dantzak, baltsak batez ere. 70eko hamarkada hasiera hartako beste izen hauek aipa daitezke: Felix Sanz (soinu handia), Inaxio Larrageta (bateria), Luis Mari Berasategi (tronpeta) eta Asintxio Barrenetxea (bateria). Bai, Asintxiok, Oialumeko semeak, makina bat igandetan jo du etxeko terrazape horretan.
1970eko hamarkadan, gitarra elektrikoak eta rockaren garaia iritsi zen. «Rocka eta estilo guztiak nahasian izaten ziren hemen, baina beti erdaraz; beldurra zegoen». 1981ean, Trakets berbena-taldea sortu zen, tartean Asintxio Barrenetxea (bateria). Bolada luze batean, igandero jo zuen Oialumen. Beste taldekideek ere merezi dute aipamena, benetan talde indartsua izan baitzen: Patxi Iturzaeta asteasuarra (teklatuak), Xabier Etxeberria andoaindarra (baxua) eta Juantxo Agirre andoaindarra (gitarra).
Berrogeita zazpi urtez, dantzaldiak «terraza azpian» izan ziren. Alegia, orain ere existitzen den terraza horren azpian. Gero, 1990ean, Biltokia izenaz bataiatutako eraikina egin zuten. Handik aurrera toki itxi batean izan ziren dantzaldi eta kontzertu guztiak. Hilean behin kontzertu handiak izaten baitziren 1990eko hamarkada hartan: Akelarre, Joselu Anaiak, Egan, Minxoriak...
2001ean, oso denbora gutxian aldaketa handia sumatu zuten Oialumekoek. «Ez dakigu zergatik, lur jo zuen. Gazteek esanda, hasi ginen DJak ekartzen, eta tarteka kontzertuak antolatzen euskal taldeekin: Zea Mays, Ken Zazpi, Berri Txarrak, Etzakit...».
Hilak 26 bi parte izango ditu festak, esanda bezala. 17:30ean, musika-saio 'vintage' –sagardoa dohainik–; gauez, Anje Duhalde eta Gozategi. Dantzan, seguru asko, duela 75 urte baino gutxiago egingo du jendeak. Asko aldatu baitira kontuak.