Sagardotegiko otordua, etxean edo txokoan
Descripción
Asteburuan sagardotegi jende gehiegi ohi, giro hotzegia zulo hartan bizpahiru ordu emateko, gutako batek ardoa nahiago...
gastronomía cultura cultura gastronómica menu sidra sidrería tradición
Ficha
- Autor: Edorta Agirre
- Fuente: Berria
- Fecha: 2007-01-27
- Clasificación: 6.6. Gastronomía
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa
- Signatura: P7-34 »
- Código: NA-000784
Texto completo
Eszenatokia bakarrik aldatuta EDORTA AGIRRE Asteburuan sagardotegian jende gehiegi ohi, giro hotzegia zulo hartan bizpahiru ordu emateko, gutako batek ardoa nahiago... Era guztietako aitzakiak ipin daitezke -ematen dira- sagardotegira joateko eta ez joateko. Gurean (Kantauri Itsasoko kresala aditzen den mendialde epelean), astean tenplu horretara pare bat bisita egitea (harrokeri punttu batez) ohitura izanik, salbuespenaz arituko gara gaur: sagardotegian kale eginik ere, erritua betetzeaz. Etxean, soziedadean, txokoan... prestatuko dugu zortzi adiskideentzako afari-merienda, lagun giroan. Osagaiak kalkulatu, zehaztu eta erosi aurretik, ibilbide gastronomiko berria («historiko» deitzea 40 urte bete ez dituen ohiturari ere...) taxutuko dugu. Hona etapak: Menua Bakailao tortilla Bakailaoa piperrekin Txuleta (txuletoia esaten baduzu, saltsakoa ez zarela adierazten ari zara; erne!) Gazta, intxaurrak, menbriloa. Sagardoa, ogia Txotx! Bakailao tortilla 400 g. bakailao (gezaturik) 150 g. tipula 10 arrautza perrexila oliba olioa gatza (badaezpada) Egin dezagun kontu bakailaoa gezaturik daukazula. Bestela, badakizu: sartu uretan eta eduki 24 orduz, ura hirutan aldatuz. Ebaki tipula, xehe-xehe, eta erregosi olio gutxitan, su eztian. Samurtutakoan, erantsi bakailaoa, xehaturik eta egin emeki-emeki. Bitartean, bol batean irabiatu arrautzak (gatz amiñi batekin, behar izanez gero) eta erantsi hor bertan perrexil xehatua. Bakailaoa eginikoan, xukatu ondo olioa eta sartu jakia bolean. Berotu paderan olio tanta bat eta egin bertan tortilla: nahasi eta bildu dena ertzean, padera inklinaturik; itxi ondo eta... azpilera, mahaira! Bero eta zukutsua dagoela hartu behar da tortilla: horixe du grazia. Txotx! Bakailaoa piperrekin 100 gramo inguruko 8 pusketa bakailao 8 piper berde, luzeran ebakita tipula bat, xehe ebakita 4 baratxuri, xerretan gatza oliba olioa Berotu paderan baxoerdi bat olio. Aski beroa dagoela, sartu bertan piper ziriak eta eduki 5 minutuz, egurrezko ziriarekin eragiteari utzi gabe, alderdi guztietatik egin baina erre ez daitezen moduan. Ateratzean, berde agertuko dira, tente samar (ez frijituegi, ez gordinegi). Xukatu paperean, eman gatza. Olio horretan baratxuria eta pipermina gorrituko ditugu; ondoren, atera, xukatu eta gaineratu piperrei. Piperrak frijitzen ari garen bitartean, ipini beste baxoerdi bat olio beste padera batean eta berotu ondo. Bakailao pusketak lehor-lehor frijituko ditugu, launaka. Bi alderdietatik berdintsu frijitu behar direnez, bost bat minutuan edukiko ditugu, behin eta berriro irauliz. Bakailaoaren kanpoaldea ongi gorriturik eta barnealdetik zukutsu egon behar duenez, olioaren tenperaturari ere neurria hartu beharko diogu. Xukatu pusketa horiek eta apaindu dena azpil edo erretiluan. Aholkua: bakailaoa bakailao izan dadila, edozein arrain izatea ez da nahikoa. Mimatu pittin bat gaur adiskide artean afaldu behar duzuna, merezi du eta. Txotx! Txuleta Haragi on-ona bilatzea kontu erraza ez denez, harakina lagun min ez dugunok, behintzat, bestelako bidea hartu ohi dugu: txuleta sagardotegian bertan erostea, ganadu zaharraren okela ohiko harategietan ez baitako salgai, normalean. Arrazoi duzu, hipermerkatuan bada hori baino merkeagoa. Tira, zeuk ikusiko. Geroak epaituko zaitu. Nik, dena den, berme bila joango nintzateke sagardotegi ezagunera. Hor konpon, Mari Anton. Txuleta laguntzeko, heterodoxiaz jardutea bada ere, entsalada berde bat. 4 txorten barazki eta belar: letxuga, kukulu, beldar, berro, perraitz, tipulin... nahi direnak. 4 koilarakada oliba olio Tanta bat ozpin Gatza. Txuleta, tradizioz, arte-ikatzez elikatutako arranparrilan erre izan da, txingarrak haragiari izugarri estimatzen den ke-ukitua ematen diolako. Etxeko sukaldean, dena den, hurrengo eran prestatuko dugu 700 -- 1.000 gramoko pieza: Utzi haragia sukaldean ordu pare batez, giroko tenperaturara egokitzeko. Berotu baxoerdi bat olio kazola zapal batean (honek ez du plastikozko piezarik izango, agian ontzia labean sartuko dugu eta). Gorritu hor txuleta, su bizi-bizian. Horrela lau minutu emandakoan, irauli, beste alderdia ere gorritzeko. Eduki lau minutu eta atera erretilu bero batera. Estali aluminio paperez. Eta hasi bigarren txuletarekin, pausu berberak emanez. Hortik lauzpabost minutura, jarri su bizian berriro olio pittin batekin. Bero-bero dagoenean txuleta berotuko dugu ostera 4 minutuz alderdi bakoitzetik, azala ondo gorritu eta barnealdea berotzeko. Ebaki trangaderan: labanarekin bereizi hezurra eta mamia; baztertu gantza eta kiskalitako alderdiak. Kontsumitu ahala, ebaki txuletari xerra potoloak: orduan emango diegu gatza, ez lehenago. Hezurrari atxikitako haragia zoragarri izaten da: horra aitzakia, filarmonikan aritzeko. Txotx! Gazta, menbriloa eta intxaurrak Zenbat aurreztu beharko duzu gaurkoan? Zu baino hobeto bizitzea merezi ote du aurrezki kutxak? Ba al dakizu nolako deflazioa nozitzen duen zure diruak urtearen buruan? Judu-kristauek bezala, negartegira etorriak garela uste duzu zuk ere? Orduan begiratu zeken-zeken osagai guztiei. Bestela, Txotx! Bestela, erosi aurretik dasta itzazu gaur afaldu beharrekoak: gazta ona; gutxi, baina ona. Menbriloa, irasagarrezkoa izan, sagarrezkoa izan, ona, xuabea, gozoa izan dadila, frutatsua, ez azukre hutsa. Intxaurrak baditugu Euskal Herrian, ez da Kaliforniaraino joan behar intxaur biltzera. Aukeratu lau bat ogi desberdin: arina, tortillarekin jateko; sendoa, haragia laguntzeko; labore askotakoa, postrean gozatzeko... Txotx! Sagardoarekin, beste horrenbeste: kalkula ezazu bina botila laguneko, hor nonbait. Eskatu aholkua egiaz dakienari. Eraman ezazu sagardo diferenteak, tartekatu edanak, atera konklusioak, gozatu, hitz batez. Lagun hauek oraintxe dituzu eta. Txotx! Eta gogoratu aspaldiko partez jaten ez dutenekin. Aurki gure artean izan daitezen. Txotx!