Sagardoaren lurraldea

A medida y con sabor a limon

astigarraga joxe angel goñi juan martinez de irujo sagardo berriaren eguna sidra sagardun apertura del txotx

Ficha

  • Autor: Ainara Arratibel
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2007-01-18
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P7-3
  • »
  • Código: NA-000773

Texto completo

Atzo zabaldu zuen Astigarragan Juan Martinez Irujo pilotariak aurtengo sagardo sasoia AINARA ARRATIBEL Astigarraga Orekatua eta fruitutsua. Halakoxea da aurtengo sagardo berria. Sagar uzta ez da uste bezain handia izan, baina ez txikia ere. Denera 12 milioi litro sagardo ekoitzi dira Euskal Herrian. Juan Martinez Irujo pilotariak eman zion atzo hasiera denboraldiari Astigarragako (Gipuzkoa) Bereziartua sagardotegian. Sagardoa primerakoa zegoela esan zuen: «Niri, behintzat, asko gustatu zait». Azken urteotan gertatu den bezala, lehorteak baldintzatu du sagar uzta. «Lehenago bildu behar izan ditugu sagarrak, eta horrek eragina izan du fruituaren tamainan. Justu samarra izan da», azaldu zuen Jose Angel Goñik, Sagardun-eko buruak. Halaber, espero baino sagar gutxiago jaso dute. «Dena den, uzta nahiko txukuna izan da». Gainera, eguraldi beroari esker, sagardoak azkarrago irakin du, eta tamainan dago denboraldi hasierarako. Guztira 16 milioi kilo sagar erabili dira aurtengo sagardoa egiteko. Horietatik sei milioi eta erdi hemengo sagastietan jaso dituzte: %40 inguru. Iaz %20 baino ez ziren izan hemengoak. Baina nolakoa da sagar horiek eman duten sagardoa? Horixe izaten da sagardozaleek jakin nahi izaten dutena: «Orekatua eta fruitutsua dela esan daiteke. Limoi lurrina du». Horrek are freskagarriagoa egiten du sagardoa. Etorkizunari begira,sagardoaren maila hobetzen jarraitzeko asmoa erakutsi zuten bai sagardogileek eta baita Astigarragako, Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako agintariek. Haien esanetan, gastronomia eta turismo ikuspegitik, ikur bat da sagardoa. PROBATZEKO GARAIA. Aurtengo sagardoa nolakoa den jakin eta gero, dastatzea baino ez zen falta denboraldia hasteko. Juan Martinez Irujo pilotariak izan zuen ohore hori. Jende mordoa bildu zen Bereziartua sagardotegian hura ikustera. Ekitaldia ohikoa izan zen. Upelen gelako ateak ireki, eta txalapartariek hartu zituzten Irujo eta Udaleko, Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako agintariak. Dantzariak aurreskua dantzatu, eta upeleko ziria atera zuen Martinez Irujori. Tragoa edan, eta urteroko esaldia esan zuen: «Aurtengo sagardo berria!». Baina egarri zegoelako edo, bigarren aldiz edan zuen: «Ez naiz oso aditua, baina primerakoa dagoela esango nuke». Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluzeren bertsoak entzun eta gero, han bildutakoek ilara luzea osatu zuten sagardoa probatzeko. Eztarria busti ostean, sabela gozatzeko ordua iritsi zen. Berrehun bat lagunek bazkari legea egin zuten Bereziartuan bertan. Menua, noski, sagardotegikoa: bakailaoa piperrekin, bakailao tortilla, txuleta, gazta eta intxaurrak. Atzoz geroztik denok dugu horretaz gozatzeko aukera, zabalik baitago sagardo sasoia. JUAN MARTINEZ IRUJO - PILOTARIA «Sagardotegiko giroarekin askoz gehiago disfrutatzen da sagardoaz» A.A Iaz hiru txapelketa nagusiak irabazi zituen Juan Martinez Irujok (Ibero, 1981): buruz burukoa, binakakoa eta lau t'erdikoa. Hiru txapelak sagardotegian ospatu zituen. Horrenbestez, oso leku bereziak dira beretzat. Sagardoa oso gustuko du, eta baita sagardotegiko menua ere: «Jatun ona naiz». Sagardogileen gonbidapena eskertu, eta halako ekitaldi batean parte hartzea ohorea zela nabarmendu zuen. Noiz jaso zenuen denboraldia zabaltzeko proposamena? Duela aste batzuk jaso nuen, eta eskerrak eman behar dizkiet Astigarragako sagardogileei gonbidapena egiteagatik. Niretzat ohore handia da Euskal Herriarentzat hain garrantzitsua den egun batean parte hartzea. Gustuko al duzu sagardoa? Izugarri. Gainera, sagardotegietan izaten den giroarekin askoz gehiago disfrutatzen da sagardoaz Eta menua? Bai. Jatun ona naiz, eta gustatzen zait. Pilotari guztiek sagardotegian ospatzen dituzue txapelak. Zergatik? Dagoen giroagatik, eta sagardotegietan beste edozein jatetxeetan baino jende gehiago sartzen delako. Martxoan binakako txapelketako finala jokatuko da. Hartu al duzu lekua sagardotegian? Oraindik ez (kar, kar, kar). Txapelketa hasi besterik ez da egin, baina espero dezagun dena ondo joatea eta finalera iristea. Olaizola anaiek sagardotegia dute. Zuri gustatuko al litzaizuke bat zabaltzea? Bai, baina ez dut uste egingo dudanik. Iberon ez baitago sagardotegirako ohitura handirik.