Sagarrondoak bete-bete, uzta biltzeko unearen zain
Descripción
Sagar urtea izango da aurten, zuhaitzen kargak hala adierazten du behintzat. Uzta aurretatuta dator eta sagardotarako aleak jasotzen hasiak dira toki batzuetan. Errezil sagarrari, ordea, hilabete inguru falta zaio.
manzana errezil asociacion de la manzana reineta manzana manzano manzanal cosecha
Ficha
- Autor: Mailo Oiartzabal
- Fuente: Urola Kostako Hitza
- Fecha: 2017-09-06
- Clasificación: 1.3. Manzana
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea Fondoa »
- Código: NA-007615
Texto completo
Udazkena badator eta harekin batera, besteak beste, sagar uzta biltzeko sasoia ere etorriko da. Edo etorri da, toki batzuetan fruitua jasotzen hasita ere badaudelako, Joxe Ramon Agirre (Errezil, 1964) Errezil Sagarraren Elkarteko kideak dioenez. “Itxura denez, sagardo sagarraren bilketa hasi dute batzuek dagoeneko, aurten goiz datorrelako”, azaldu du. Ohi baino goizago heldu dira aurten sagarrak, eta hori da uztaren ezaugarrietako bat. Sagarrondoak goiz loretu zirela dio Agirrek, “ohi baino hamabost-hogei egun lehenago bai. Pentsatzen dut horrek eragingo zuela; eta, gero, posible da baita eguraldiagatik eta abar ere izatea. Lehor joan da, azkenaldian euri pixka bat ere egin duen arren”.
2017ko sagar uztaren beste ezaugarria, nabarmenena agian, ugaritasuna da. Sagar urtea da aurtengoa, iazkoa ez bezala. Hala dio Agirrek: “Lehengo urtean batzuek dezente izan zuten, baina orokorrean gutxi. Baina, aurten, auzo eta bailara guztietan ikusten da ia denean dagoela sagar asko”.
Errezil sagarra, urrian
Agirrek eta berak bezala Errezil edo Ibarbi sagarra ekoizten dutenak, ordea, ez dira hasi oraindik sagar bilketan.
Uzta aurreratuta datorrela kontuan izanda agian zertxobait lehenago izango badute ere, urri erdialdea izaten da Errezil sagarra biltzeko garaia. “Batzuk agian lehenxeago, astebete bat edo, baina normalean Pilarika aldean izaten da”, zehaztu du ekoizle errezildarrak. “Errezil sagarra sagardotarako ere oso preziatua da, baina beranduagoko sagarra da. Eta sagardo sagarren barruan badaude barietate batzuk beranduxeago etortzen direnak, baina normalean Ibarbi baino lehenago etortzen dira”, gaineratu du.
Ekoizpena indartzen
Dena den, Agirrek dio Errezilen Errezil sagarra ekoizten duten gehienek nahiago dutela sagarra “gordinik” saltzea, “mahaiko sagar bezala” erabiltzeko, sagardotarako baino, “diru gehixeago hartzen delako mahaiko sagar bezala salduta”. Hori da Agirrek Iruretxiki baserriaren lurretan dituen sagarren kasua ere. Ehun sagarrondo ditu Agirrek, “patroi frankoak; sagar arbola handiak egingo direla esan nahi du horrek”. Mahaiko sagar moduan saltzeko, sagardotarako ez bezala, aleak banan-banan eta kontu handiz bildu behar izaten dituzte zuhaitzetik; sagarrak “garbi egon behar du, ukiturik gabe”.
Ezaugarri horiek betetzen ez dituztenak etxerako hartzen dituzte, “sagardoa, menbrilloa edota konpotak egiteko”, edo sagardotegiei saltzen dizkiete.
Errezil sagarra aztertzeko eta indartzeko sortu zuten elkartea orain dela hiru bat urte Errezilen. Agirreren esanetan, “poliki, baina pauso politak ematen” ari dira. Bertako sagarraren ekoizpena gorabidean da Errezilen, eta datozen urteetan ere horrela izango dela uste du Iruretxikikoak. Ekoizpen hori bideratzea eta Errezil sagarraren zabalkundea egitea ere badira elkartearen erronkak, Ibarbi sagarraren izenarekin saldu baina Ibarbi ez diren sagarrak bereiztea bezala.