Olatuekin lez gozatuz ireki du txotx garaia Aritz Aranburuk
Descripción
Ohiturari eutsiz, "hau da gure sagardo berria!" oihukatuz ireki zuen txotx denboraldi berria Aritz Aranburu surflariak. Guztira hamahiru milioi litro ekoitzi...
aritz aduriz astigarraga protagonista sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx sidrería zelaia
Ficha
- Fuente: Gara
- Fecha: 2016-01-14
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: sagardoetxea fondoa
- Signatura: P17-6 »
- Código: NA-007593
Texto completo
Sagardotegiak ez dira arrotzak Aritz Aranburu surflariarentzat. Are gehiago, urte osoan hango eta hemengo itsasoetan taula kuttunarekin murgilduta ibiltzen bada ere, garaiotan «etxean» egon ohi da. Patxada sasoia hainbat gauza egiteko aprobetxatzen du, tartean, sagardotegira joateko lagunekin zein familiarekin. Gustu handiz, «ilusioz» ireki zuen atzo 2016ko txotx denboraldia Hernaniko Zelaia sagardotegian, tradizioak agintzen duen moduan, «hau da gure sagardo berria!» oihuarekin.
Aldez aurretik, arretaz jarraitu zituen eman zizkioten argibideak: edalontzia hartu hatzekin, ez dadila estali barruko zukua eta egin oihu gogoz. Eta azalpenen garrantzia onartu arren, «naturaltasunez» egitea garrantzitsuena dela iritzi zion. Sabela txorizo mutur batekin lasaituta, denboraldia noiz ireki irrikaz zegoela aitortu zion GARAri, eta ekitaldiak ekitaldi, sagardotegira bixita bat edo beste egitekoa dela datozen asteetan.
13 milioi litro sagardo
Aurten dastatuko den uztak ekarri ditu hainbat datu, eta esanguratsuak gainera. Orotara 13 milioi litro ekoitzi dira, batez beste %60 eta %70 artean bertako sagarrarekin egina, atzoko prentsaurrekoan adierazi zutenez. Gainerakoa kanpotik ekarritako sagarra da. Sagardogileen apustua zein norabidetan doan begi bistakoa da; izan ere, 2014ko sagardoa egiteko, %45 izan ziren bertako sagarrak.
Klimatologiak eragin zuzena duela esatea jakina da, baina upeletik ateratzen dena ulertzen laguntzen du. Aurten, iaz baino graduazio altuagoa du eta kolorea ilunagoa du zukuak. Udaberria oso euritsua eta udara lehorra izan zirenez, aleak, sagarrak, txikiagoak atera dira, baina uzta kuantitatiboki «oparoa eta polita» izan dela azaldu zuten.
Ezaugarriei dagokionez, txinpartaduna, orekatua eta borobila ahoan, freskoa eta fruitu zaporeduna. Hasierako eta ondorengo sagarrekin egindako zukuen artean ezberdintasunak ere badaudela esan zuten.
Bertuteak asko, eta zaleak anitz. Kontua da antza Ameriketako Estatu Batuetan ohartu direla hemen dugun altxorraz eta eskaerak aurten, iazkoekin alderatuz, %85 handitu dira. Hori da, hain zuzen, epe laburrean ekoizleen erronketako bat, alegia, nazioarteko merkatuan lekua egin eta finkatzea.
Txantxetan, handitzen ari diren zifrekin akaso berak zerikusia duela iradoki zuen Aranburuk. Ozeanoaren beste aldera sagardoa eramaten duela-eta, agian horregatik igo direla eskaerak. «Hala bada, Hawaii eta Australiara ere eramango ditut botila batzuk», esan zuen, atzerritarrak edariarekin baita sagardotegiekin ere «txundituta» gelditzen direla aitortuz.
Bada, irekita dago dagoeneko txotx denboraldia. Atzerritarrak bakarrik ez, bertakoak ere txundituta gelditzeko.