Saltokietan dira Euskal Sagardoa jatorri izeneko lehenengo botilak
Descripción
Lepo gorridun sagardo botilak aurki daitezke gaurtik aurrera saltokietan, Euskal Sagardoa jatorri izena daramaten lehenengo botilak. Joan den urtarrilean jaio zen sor-marka berria, Eusko Labelaren oinordekoa, eta oraintxe hasi dira merkaturatzen zigilupean aurten ekoitzitako 1,3 milioi litroak -hiru lurraldeetako produkzioaren %12 inguru-.
albaola arantxa tapia presentación euskal sagardoa eusko label gorenak denominación de origen comercialización oihana gaincerain sidra unai agirre
Ficha
- Autor: Jon Fernandez
- Fuente: Berria
- Fecha: 2017-06-06
- Clasificación: 2.1. Sidra
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea Fondoa »
- Código: NA-007459
Texto completo
%100ean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagarrekin egindako sagardoa da, eta Fraisoroko eta Haziko laborategiek frogatutako kalitate bermea daukate. «Jatorri izena bereizgarri bat da sagardoarentzat, eta balio erantsia emango dio merkaturatzerakoan», adierazi zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak, atzo, Pasaiako (Gipuzkoa) Albaola Itsas Kultur Faktorian egindako aurkezpen ekitaldian.
Oraingoz, 36 sagardogilek egin dute bat jatorri izenarekin, eta aurtengo ekoizpenerako 200 hektarea sagasti erabili dituzte. Nolanahi ere, Jaurlaritzaren asmoa da datozen urteetan sagardogile gehiago batzea sor-markara, eta sagasti kopurua ere handitzea. Zehazki, 2032rako, sagardo guztia bertako sagarrarekin egitea jarri dute helburutzat sektoreak eta instituzioek.
Hamabost urteko ibilbidean, bi marka egongo dira aldi berean: bata, Euskal Sagardoa jatorri izen berria; bestea, Gorenak. Sor-marka berria sortzearekin batera, Gorenak marka pribatua publiko bihurtu dute: lehen hamahiru sagardogilek erabiltzen zuten, eta orain baldintzak betetzen dituen edonork erabili ahal izango du. Gorenak zigiludun sagardoa egiteko, bertoko eta kanpoko sagarrak erabiltzen dira. Nolanahi ere, asmoa da 2032rako bi marketako bakarra geratzea, soilik bertako sagarrarekin egindako Euskal Sagardoarena.
Sor-marka berriaren helburua azpimarratu zuen, atzo, Tapiak: «Sektorea elkartzea, sagardoaren kultura sustatzea eta sagargile eta sagardogileei bultzada ematea da helburua, eta kontsumitzaileari tokiko eta goi mailako produktua ziurtaraztea». Hiru diputazioetako ordezkariak eta sagardogileen sektoreko ordezkariak ere izan ziren Albaolan.
115 sagar mota
Botilek sagar gorri baten irudia eta lepo gorria izango dute, bakoitzak berariazko zenbakidun berme zigiluarekin; era berean, botila bakoitzak bere sagardotegiaren etiketa eramango du. Sor-markak azaldu duenez, bertako 115 sagar mota onartu dituzte sagardoa egiteko, eta zehaztu du botila sorta guzti-guztiek pasatu beharko dituztela kalitate kontrolak.
Euskal Herrian 87 sagardotegi daude, eta iaz 12,7 milioi litro sagardo ekoitzi zituzten: sagarren %45 zen hemengoa, eta %55 kanpokoa. Oraingoz, Euskal Sagardoa jatorri izenetik kanpo geratu dira Nafarroako eta Iparraldeko sagardogileak: Nafarroako Sagardogileen Elkarteak eta Iparraldeko Sagartzea Elkarteak interesa agertu dute sor-markan sartzeko, eta jatorri izenak berak ere adierazi du baduela interesa. Tramitazioa zailduko litzateke, administratiboki erkidego eta estatu ezberdinak direlako, baina aztertzeko prest dago sor-marka.