Sagardoaren lurraldea

Los museos, esos edificios desconocidos

18 de mayo día de los museos sagardoetxea

Ficha

  • Autor: Jon Torner
  • Fuente: Argia aldizkaria
  • Fecha: 2008-05-17
  • Clasificación: 6.5. Museos
  • Tipo documento: Revistas
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-000744

Texto completo

Aitortu beharra daukat. Eliza, monastegi edota katedralekin gertatzen zaidan gauza bera gertatzen zait museoekin. Salbuespenak salbuespen, oporretan bakarrik sartzen naiz leku horietara, eta geroz eta gutxiagotan, gainera. Horretara bultzatzen nauten arrazoiek ez dute zerikusirik nire kultur egarriarekin. Freskotasun bila sartzen naiz, edo eraikin horietatik ikuspegi ederrak daudelako edo, besterik gabe, beste zereginik ez daukadalako. Gustuko dut eskulturak ikustea, pinturak, ikus-entzunezko muntaiak, argazkiak... baina museoek ez dute lortzen ni erakartzea. Eta ni bezala, beste jende pilo bat. Pasibotasuna izango da agian, jakin-min eza. Baliteke. Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da bihar, maiatzaren 18an, Museoak, aldaketa sozialaren eta garapenaren eragile lelopean. Euskal Herriko museoek ere bat egingo dute ekimenarekin, eta ekitaldi mordoa antolatuko dituzte. Sarrera doakoa izango da batzuetan, merkeagoa besteetan. Hala ere, ez dut uste asteburuan museo batera joango naizenik. Hain propaganda kaxkarra egin baino, mutu mantentzea hobe nukeela pentsatuko duzue baina, zer nahi duzue esatea, hala da, bihar ez naiz museo batera sartuko. Et, et, et... honekin ez dut esan nahi museoetan gauza interesgarriak ezin direnik aurkitu, ezta gutxiago ere. Noski gauza eder piloa topa dezakegula! Ez dakit, agian erakusketak-eta interaktiboagoak balira, ikus-entzunezkoagoak... Egia da jendearen parte hartzea bilatzen duten geroz eta erakusketa gehiago daudela baina, oraindik, maiz aurkituko ditugu izugarri beldurgarriak diren –niretzat behintzat bai– azalpen-panel erraldoi horiek. Aitzakia merkeegia izan daiteke, badakit, baina ez diot errua jakin-min ezari bota nahi. Hari bakarrik ez behintzat. Kontuak kontu, Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute bihar Euskal Herriko museoek. Ez nik bezala egin. Joan zaitezte gertuen duzuen museora, ezagutzen ez duzuen batera posible baduzue, eta gozatu bisitaldiaz. Hango arduradunei galderak egin, ziur estimatuko dutela, eta seme-alabekin bazoazte, saiatu ikusitakoa modu entretenigarrian azaltzen; ez dezatela pentsatu eskolara joatea bezalakoa dela. Beharbada, gutako askok ez dugun zaletasuna piztuko zaie horrela. Hauexek dira asteburu honetarako egitarau berezia prestatu duten museoetako batzuk: Bakearen Museoa (Gernika-Lumo): Doako sarrera, umeentzako tailerra, opariak, txokolate jana... Euskal Herria museoa (Gernika-Lumo): Doako sarrera, opariak, euskal jakien dastaketa... Guggenheim museoa (Bilbo): Musika emanaldiak. Arte Ederren Museoa (Bilbo): Zozketak, bisita gidatuak. La Encartada museoa (Balmaseda): Txapelak nola egiten diren erakutsiko dute (prezio bereziak). Arrantzaleen Museoa (Bermeo): Ohiko ordutegian zabalik. Ume eta gazteentzako jarduerak. Artium museoa (Gasteiz): Bisitaldi gidatuak, dantza eta musika emanaldiak... Arte Ederren Museoa (Gasteiz): Bisitaldi gidatuak, kontzertuak... Sagardoetxea (Astigarraga): Sarrera dohainik, familientzako jarduera eta jolasak, opariak... Mineral eta Fosilen museoa eta Aikur Erle Museoa (Urretxu): Jolasak, zozketak. Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroa (Idiazabal): Umeentzako puzzleak opari. Photomuseum (Zarautz): Sarrera dohainik. Armagintzaren Museoa (Eibar): Grabatzaileek armen apaingarriak nola egiten diren erakutsiko dute. Euskal Burdinaren Museoa eta Artzantzaren Ekomuseoa (Legazpi): Doako sarrera, umeentzako tailerrak. Euskal Museoa (Baiona): Ipuin kantatua Mixel Etxekoparrekin, gaur 19:00etan eta 22:00etan.