Milaka txotx Errenteria-Oreretako Zumardian
Descripción
XXIX. Sagardo Eguna oraindik ez da amaitu. Goizeko dastaketa egin ostean, indarrez josirik atera dira arratsaldean Errenteria-Orereta eta gertuko bizilagunak, 18:00etan egin duten txotx ofiziala ez galtzeko. Zumardia jendez gainezka, Sagardo Egunaren bigarren txanpari aurre egiteko. Aurtengo Sagardo Egunaren txotx ofizialari hasiera eman aurretik, txalaparta saioa izan da.
degustación renteria sagardo egunak sidra
Ficha
- Autor: Imanol Saiz
- Fuente: Oarsoaldeko Hitza
- Fecha: 2017-04-29
- Clasificación: 5.2. Días de la sidra
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea Fondoa »
- Código: NA-007395
Texto completo
Aurtengo Sagardo Egunaren txotx ofizialari hasiera eman aurretik, txalaparta saioa izan da. Ondoren, Euskal Herriko txapeldun izandako Maria Jesusek irrintzia bota du. Txalapartariek eta Maria Jesusek lore sorta bana jaso dute, emandako laguntza eskertuz. Hiruek eman diote aurtengo sagardo festari ongi etorria, txotx eta topa artean. Peio Urreaga ere bertan izan da, aurkezle lanetan, arratsaldeko festa girotzen. Txalo zaparrada artean hasi dute Zumardian eguneko bigarren dastaketa.
Musika, dantza, janaria eta sagardoa, nola ez, barra-barra. Arratsaldeko 20:00ak bitarte eguna luzatuko dute sagardo zaleek, lehenago sagardoa bukatzen ez bada, noski. Eguraldia lagun izan duten festa paregabea bizitu dute gaurkoan Errenteria-Oreretara gerturatu diren guztiek. Goizeko Gorenak markako sagardo dastaketa ondoren, bigarren aldiz edalontzia hartu, zapia berriro lepoan ondo ipini eta txotx egitera jendetza joan da Zumardira. Ehunka lagun —milaka ez badira— elkartu dira arratsaldean, hogeita zortzi postuetako sagardo zukua dastatzeko asmoz. Arratsaldeko dastaketan Gipuzkoako Sagardo Egileen Elkartean dauden sagardotegiek hartu dute parte. Errenteriarrez gain, gertuko herrietako jende mordoa hurbildu da eztarria freskatzera.
Giro polita izan da gaurko egunean Errenteria-Oreretan. Urtero Sagardo Eguneko antolakuntza taldean lanean aritzen den Jon Gaztelumendiren hitzetan “oso ondo” joan da eguna. Zituzten espektatibak bete direla uste du, “primeran” atera den Sagardo Egunerako. Goiz eta arratsaldean zehar “jende asko” gerturatu dela nabarmendu du.
Eguraldia lagun, edalontzia eskuetan, zapia lepoan eta irribarre batekin atera dira herriko kaleetara aurtengo sagar uztaz gozatzeko. 20:00etan postuak itxi arren, goizeko ordu txikietara luzatu daiteke gaurko festa. Jada askok, datorren urteko XXX. Sagardo Eguna dute buruan.