Sagardoaren lurraldea

Aialde-Berri eta Saizar, Euskal Sagardoa zigilua izango duten sagardotegien artean

Descripción

Txotx denboraldi berri honetan kupeletan dastatzeko aukera izango duzue. Udaberritik aurrera berriz, sagar gorri baten irudia duen sagardo botilaren bat eskuratzen baduzue, "Euskal Sagardoa" markako edaria dastatzear izango zarete. %100 bertako sagarrarekin egina izango da, eta kalitate bermeduna. Bi baldintzok betetzea ezinbestekoa izango da, sagar gorridun "Euskal Sagardoa" marka izateko.

sidrería aialde berri astigarraga eneko atxa euskal sagardoa denominación de origen calidad sagardo berriaren eguna sidra sidrería saizar apertura del txotx usurbil

Ficha

  • Fuente: Noaua aldizkaria
  • Fecha: 2017-01-10
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Revistas
  • Fondo: Sagardoetxea Fondoa
  • »
  • Código: NA-007238

Texto completo

Aurtengoan, jatorri-deitura honetara bideraturiko 1.320.000 litro sagardo ekoitzi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru herrialdeotako produkzioaren %12 inguru.

Jatorri-deituraren irudi berria, sagarra, egurra, lurra eta kirikoketa uztartzen dituena, astelehenean aurkeztu zuten Donostiako Kursaal Jauregian. Ekitaldian parte hartu zuten, jatorri-deituraren koordinatzaile Unai Agirrerekin batera, prentsaurrekoan sor-marka sustatzen duten erakunde publikoetako ordezkariek: Bittor Oroz (Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politika-ko Sailburuordea), Eduardo Aguinaco (Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Diputatua), Ainhoa Aizpuru (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Diputatua) eta Lucia Isla (Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaria), eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardogile eta sagardogile elkarte guztietako ordezkariek.

Sektorearen apustu bateratu gisa aurkeztu dute egitasmoa jendaurrean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagar eta sagardo sektoreko elkarte guztiek babestu eta bultzatu dutelako. Sektorea sustatzeko elkarlanaren emaitza da proiektu hau. Eusko Label sagardoaren bideari lekukoa hartzen dio jatorri-deiturak. Urte askotako lanaren emaitza, aurrerapauso handia eta etorkizuneko apustua dela nabarmendu dute proiektu honen sustatzaileek. Gaurkoz, Usurbilgo bi sagardotegi batu dira egitasmo honetara; Aialde-Berri eta Saizar sagardotegiak.

Bi zigilu
Aurrerantzean honenbestez, kalitate-bermedun bi zigilu publiko eta ofizial aurkituko ditugu merkatuan: Euskal Sagardoa eta Gorenak. Bien arteko ezberdintasun nagusietako bat, sagardoa ekoizteko baliatzen den sagarraren jatorrian dago. Hurrengo 15 urteotan bi marka publiko hauek elkarbizitzea aurreikusten du sektoreak, baina etorkizuneko erronka, sagardoa %100 bertako sagarrarekin ekoiztea da. Honatx beraz, hemendik aurrera izango ditugun bi zigiluen berezitasunak:
-Euskal Sagardoa jatorri-deitura: bertako sagarrarekin bakarrik eginiko sagardoa eta kalitate-bermea duena. Eusko Label sagardoaren lekukoa hartuko du. Kontseilu Arautzaileak kudeatuko du marka, eta bertan, sagargile eta sagardogile sektoreak eta administrazioek izango dute ordezkaritza.
-Gorenak: bertan eginiko sagardoa bertako eta kanpoko sagarra erabiliz eta kalitate-bermea duena. Lehen 12 bat sagardotegiek erabili ahal zuten, aurrerantzean ordea baldintzak betetzen dituzten sagardogile guztiek baliatu ahalko dute. HAZI Fundazioak kudeatuko du marka.

TXOTX DENBORALDI BERRIA ATE JOKA
Urtarrilak 11, asteazkena: Sagardoaren Lurraldeak antolaturiko irekiera ekitaldia
11:30-12:00: Komunikabideei akreditazioak emango zaizkie Sagardoetxean.
12:00: Prentsaurrekoa Sagardoetxean. Bertan 2016ko uztaren ezaugarri nagusiak, sagardo berriaren ezaugarriak eta sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenak aurkeztuko dira.
12:45: Eneko Atxak sagarrondo bat landatuko du Sagardoetxeako sagastian.
13:30: Txotx irekierako protokoloa Zapiain sagardotegian: txalapartarien deiarekin batera, sagar dantzak eta sagardogileen soka dantzak Eneko Atxa kupelera gerturatuko du.
13:45: Zapiain sagardotegian “Gure Sagardo Berria” oihu eginda lehen kupela irekiko du Eneko Atxak, eta honekin batera, 2017ko txotx denboraldi berriari hasiera emango zaio. Ondoren, denboraldiko sagardotegiko lehenengo menua dastatuko da.
Arratsaldean, Txotx Berri Herrikoia 2017:
18:30: Bakailao tortila tailerra familientzat.
19:30-21:30: Pintxo eta sagardo dastaketa.
20:30: Txotx irekiera herrikoia.
Antolatzailea: Sagardoaren Lurraldea.

Urtarrilak 12, osteguna
20:00 Irekiera ekitaldia Saizar Sagardotegian, Julen Lopetegi futbol entrenatzailearekin. Kepa Junkerak Saizarko sagardoari, danborradari eta Usurbilgo herriari eskainitako “Sagarraren Danborrada” abestia aurkeztuko da. Andoni Egaña bertsotan eta Sorginak taldekoak dantzan ariko dira. Julian Iantzik aurkeztuko duen hitzordua, aurpegi ezagun mordoa bertaratuko dela iragarri dute.

Urtarrilak 14, larunbata
Urdaira eta Aialde-Berri sagardotegien irekiera.
Zabalik: Aginaga, Araeta, Arratzain eta Iruin sagardotegiak.
Erreserbak egiteko informazio gehiago: 2017ko txotx denboraldia