Sagardoaren lurraldea

"Sagardoaren Lurraldea elkarrekin bultzatzea da gure erronka"

Descripción

Txotx garaiari, 24. Sagardo Berriaren Eguneko ospakizunei aurkezpen ekitaldi batekin eman die hasiera Usurbilgo udalerria ere kide duen Sagardoaren Lurraldeak, eguerdian Astigarragako Sagardoetxean. Hilabeteotan gure inguruko sagardotegietan kupeletan dastatu ahalko ditugun sagardoen nondik norakoak azaldu dituzte. Joxe Angel Goñi sagardogileen bozeramailearen esanetan, sagardo eleganteak izango omen dira.

astigarraga trabajo colectivo eneko atxa hernani sagardo berriaren eguna sidra sagardoaren lurraldea sagardoetxea apertura del txotx urnieta usurbil sidrería zapiain

Ficha

  • Fuente: Noaua aldizkaria
  • Fecha: 2017-01-11
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Revistas
  • Fondo: Sagardoetxea Fondoa
  • »
  • Código: NA-007236

Texto completo

“Kalitate handikoak, gorputz handikoak, kolore gehixeago dutenak, oso aromatikoak, afrutatuak, txinparta fin eta politekoak, edan errazak eta amaiera lehor eta ederrekoak”, zioen.

Ekoizpena iazko antzekoa izan da, guztira 12,5 milioi sagardo litro dastatu ahalko ditugu. Aldiz, hamaseigarren urtez jarraian, iraila hasieran Gipuzkoako 14 sagasti barietate ezberdinetan eginiko kontrolari esker jakin ahal izan dute, ekoizpena irregularra izan dela, “zonaldea eta sagar barietateen araberakoa”. Sagarraren heldutasuna ere atzeratu egin omen da, “iraila bukaera eta urriaren hasieran lortu du heldutasun puntua”.

Halere, baserritarrek urte osoan zehar eginiko lanari esker kalitate bikaineko sagardoa izango dugu aurten, Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru diputatuak gogorarazi nahi izan duenez. Sektorea eskertu du, “kalitatezko produktu baten alde lan egin eta lurraldearekiko konpromiso irmo eta serioa duelako”. Konpromiso irmo horretan berretsi da bera ere, sagardoaren kalitatea bermatu eta hobetu nahi baitu Aldundiak. “Bertako sagarra sustatu nahi dugu”, zioen gaurkoa txotx irekiera ekitaldian. Ildo horretan kokatu du aste hasieran aurkeztu zuten “Euskal Sagardoa” , ehuneko ehun bertako sagarrarekin eginiko sagardoaren marka berria. Helburu hori bete nahi dute; sagardoa guztiz bertako sagarrarekin ekoiztea.

Ildo beretik mintzatu da baita Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako nekazaritza, arrantza eta elikagai politikako sailburuordea. “Bada etorkizunean lan izugarri bat, sektore honek etorkizun oparoa izan dezan. Horretarako oinarriak hemen ditugu”, zioen. Aurrera begirako erronken artean kokatu ditu, bertako sagarra, gure gastronomiaren eta sagardoaren prestigioa edota merkaturatze sistema berriak sustatzea. Bide horretan, elkarlanaren garrantzia azpimarratu du. “Denok helburu berarekin gabiltza, gure indarra geldigaitza den mugimenduaren hasieran gaude”, zioen.

Eskualdeko elkarlanaren alde
Sagardogintza, lankidetza eta elkarlanaren eredu ezinhobea dugula azpimarratu du Zorione Etxezarraga, Astigarragako alkateordeak. Ekitaldira bertaratu diren, Usurbil, Urnieta eta Hernaniko ordezkariei begira azpimarratu du etorkizuneko erronka nagusietakoa izango dena; “Sagardoaren Lurraldea elkarrekin bultzatzea da gure erronka, elkarlanean, guztion ahaleginean”.

Eneko Atxa sukaldari ezagunak izan du txotx irekierari hasiera emateko ohorea. Ohoreaz gain, berarentzat erantzukizun handia zela zioen, “bai baitakit sagardo txotx bakoitzaren atzean zer egoten den. Istorio politak baina gogorrak ere egoten dira. Denboraldi luzeak, krisiak jotakoak izango dira asko eta asko, ez da erraza izaten”. Gaurkoan ekoizleen bozeramaile gisa aurkeztu nahi izan du bere burua, haiei laguntzeko tresna gisa. Asteazken honetakoa ” hainbeste maite dudan neure lurralde eta kultura goraipatzeko eguna dela” oroitarazi nahi izan du.

Balio turistiko itzela
Sagardoak eta sagardoaren kulturak duen balio turistikoa azpimarratu dute, irekiera ekitaldira gerturatu diren Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Bere diskurtsoa erdara hutsean egin duen Alfredo Retortillo, Eusko Jaurlaritzako Turismoa, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren esanetan, eskualdearen egituratzean elementu garrantzitsua da sagardoa, baina baita turistentzako produktu erakargarria ere. “Oso aho zapore ona uzten du” eta probatzen duenak errepikatu nahi izaten du. Asko dira Retortilloren esanetan, Euskal Herritik nahiz atzerritik geure inguruak ezagutzera datozenak, sagardoak eta txotx denboraldiak erakarrita. Azpimarratu du, azken urteotako sagardogietako bisitaz gain, errekurtso turistiko gisa zabaltzen eta indartzen doazela sagardoaren inguruko ekimen eskaintza.

Ildo beretik mintzatu da Denis Itxaso, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo diputatua ere. Sagardoa “errekurtso turistiko ezinhobea dugu” zioen. “Sagardoak eta txotx denboraldiak berezi egiten gaitu”, gaineratu du. Txotx denboraldiak eta sagardogintzak Gipuzkoako turismoari egiten dion ekarpen garrantzitsuaren bi adibide aipatu ditu; batetik, turismoarentzat hilabete garrantzitsuenak ez diren hauetan, “beste erakargarritasun puntua eskaintzen du” sagardoaren kulturak eta turismoak Gipuzkoan utzitako aberastasuna herrialde osoan zehar modu orekatuagoan banatzen lagundu dezake.