Sagardoaren lurraldea

"Sagardoaren atzeko lana, eskua eta izerdia ez ahaztea ondo legoke"

Descripción

Gustatu zaio aurtengo sagardoa, probatu duen lehenengoari. Eneko Atxa (Amorebieta, Bizkaia, 1977) sukaldaria izan da aurten ohore hori izan duena. Ohorez bai, baina erantzukizun handiz hartu du txotx garaia inauguratzeko gonbidapena, jakin baitaki sagardoaren atzean lan asko dagoela. Sagardozaletzat ez ezik, sagardotegizaletzat ere badu bere burua.

astigarraga entrevista eneko atxa sagardo berriaren eguna sidra sagardoetxea apertura del txotx sidrería zapiain

Ficha

  • Autor: Julen Aperribai
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2017-01-12
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea Fondoa
  • Signatura: P24-9
  • »
  • Código: NA-007184

Texto completo

Zer moduzkoa dago «gure sagardo berria»?

Oso ederra iruditu zait, egia esan; goxoa, edateko erraza eta konbinatzeko modukoa.

Zerekin konbinatzen du hobekien sagardoak?

Beti esan izan dut sagardoaren abantaila nagusietako bat dela oso ongi sartzen dela edozein jakirekin, izan barazkiekin, arrainarekin, haragiarekin; baina baita postrearekin ere. Moldakortasun hori du ezaugarri ederrenetako bat.

Sagardozalea al zara?

Sagardozalea naiz, bai, baina baita sagardotegizalea ere. Edaria bera hartzea gustatzen zait, oso produktu erakargarria egiten baitzait. Sagardotegiko esperientzia ere oso gustukoa dut. Kanpoko jendea sagardotegira eraman, eta han bizi den esperientzia nolakoa den erakusten ere disfrutatzen dut. Beti esan ohi dut sagardotegira joatea esperientzia berezi bat dela, munduan parekorik ez duena. Kanpotarren bati erakusten diozunean, bere aurpegian ikusten duzu nolako harridura eta nolako gozamena jasotzen dituen.

Zure errezetetan ba al du lekurik?

Beti erabili izan dut sagardoa sukaldean. Sagar konpota bat egitean, adibidez, indartzeko sagardoa erabiltzeak indar berezia ematen dio. Beste hainbat eta hainbat errezeta ere egin daitezke, sagardoa osagai dutenak. Ñabardura ezberdin asko ditu sagardoak, eta bere bizitza propioa du. Beste edozein produkturekin era askotako elaborazioak egin daitezkeen bezala, sagardoarekin ere bai.

Prentsaurrekoan esan duzu sagardotegien atzean istorio gogorrak ere badaudela. Zein istorioz ari zinen?

Ohore handi bat da niretzat gaur hemen izatea, baina erantzukizun handia ere bada gaurko egunez sagardogileen ahotsa izatea. Egun polita da gaurkoa, eta festa nagusi da, baina oso ondo dakit festaren aurretik ekoizleek garai gogorrak ere pasatu behar izaten dituztela, izan eguraldiarengatik, krisiarengatik ala egunero agertzen diren bestelako zailtasunengatik. Gauza horiekin guztiekin akordatzen naiz gaur. Trago bakoitzean gozatu behar dugu beraiek egindako produktuarekin, baina ondo legoke ez ahaztea eskua, lana, eta izerdia daudela atzean; gozamenaren izerdia, esango nuke nik.

Bizkaian ere hedatzen ari al da sagardoaren kultura?

Bizkaian badago sagardoaren kultura, eta niri, neuri, iruditzen zait gero eta hobeto ari direla egiten gauzak han ere. Egia da, gainera, gaur egun ari direla betiko ohiturak gordez jakintza eta sagardoa egiteko modu berriak txertatzen sagardogintzan, tresneria modernoagoa erabiltzen, eta abar; baina ez Bizkaian bakarrik, baita beste toki guztietan ere. Produktu hobeago bat lortzearren egiten dute hori guztia, azken batean.