Sagardoaren lurraldea

"Nolako sagarra, halako sagardoa"

Descripción

Bertako sagardoa, bertako sagarrarekin egina bultzatzeko asmoz sortu dute Euskal Sagardoa jatorri-izendapena; zigilu berria lortuko dute %100 lehengai autoktonoa eta kalitate-bermea duten sagardoek. Horrez gain, Gorenak marka publiko egin dute, han-hemengo sagarrak erabiliz, kalitatea bermatuta daukaten sagardoentzat.

euskal sagardoa gobierno vasco asociación de sidra natural de gipuzkoa denominación de origen calidad sagardo mahaia sidra manzana

Ficha

  • Fuente: Urumeako Kronika
  • Fecha: 2017-01-14
  • Clasificación: 2.1. Sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea Fondoa
  • »
  • Código: NA-007119

Texto completo

Bertako sagardoa, bertako sagarrarekin egina hori da, hain zuzen, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogile eta erakundeen etorkizunerako nahia eta erronka, eta bide horretan, aurrerapausu haundia eman dute txotx denboraldi berriaren hasiera honetan. Jatorri-izendapena sortu dute, Euskal Sagardoa mar­kapean, eta Gorenak marka pribatua ere, publiko bihurtu dute.
Sagardogintzan emango den «aldaketa haundi» hau aurkeztu eta azaltzeko astelehenean bildu ziren sektorearen eta erakundeen ordezkariak Donostiako Kursaalen, denen arteko batasuna eta elkarlana ikustarazteko. Bertan izan ziren, besteak beste, Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea; Eduardo Aguinaco, Arabako Foru Aldundiko Neka­zaritza diputatua; Ainhoa Aizpuru, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka diputatua; Lucía Isla, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendaria; eta Unai Agirre, Euskal Sagardoa jatorri-deituraren koordinatzailea.

Bi marka publiko, merkatuan
Hemendik aurrera, beraz, erreferentziazko bi marka publikopean merkaturatuko dira Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako sagardoak: Euskal Sagardoa, batetik; Gorenak, bestetik.
Unai Agirre koordinatzaileak aurkezpenean azaldu bezala, Euskal Sagardoa zigiluarekin identifikatutakoek bi ezaugarri izango dituzte: «%100 bertako sagarrarekin eginak egongo dira, eta kalitate-bermea izango dute». Marka berriak «Eusko Label markaren testigua hartu du, aldaketa txiki batzuekin, eta beste sagardotegi ugari ere batu dira bertan, beraien ekarpenak eginda», azpi­marratu zuen Agirrek.
Bestalde, Gorenak, hemendik aurrera marka publiko denaren sagardoa, aldiz, izango da «bertan egina, han-hemengo sagarrarekin, eta kalitate-bermea duena».
Egitura hau, hau da, bi marken elkarbizitza hau 15 urteko eperako izatea espero da, Bittor Oroz Sailburuordeak adiera zuen modura: «helburua da kanpoko sagarra gutxiago ekartzea, eta etorkizu­nean sagardoa %100 bertako sagarrarekin egitea». Eta bide horretan, Euskal Sagardoa jatorri-izendapena onartu izana, «aurrerapausu bat besterik ez da; pausu garrantzitsua, hain zuzen, sektorearen etorkizuna bermatzeko». Hori lortzeko, 200-350 hektarea berri gehiago beharko lirateke.
Kalitatea bermatzeko, HAZI Fundazioak ziurtatuko ditu bi marken prozesuak, «merkatu lehiakor batean kontsumitzaileari kalitatezko produktuen hautua egiterakoan, segurtasuna eskaintzeko».

Aurreneko botilak, udaberrirako
Jatorri-izendapena, eta horri lotutako irudia astelehenean aurkeztu bazuten ere, aurre­ikuspenen arabera, udaberrirako egongo dira prest Euskal Sagardoa zigiluarekin salgai jarriko diren aurreneko botilak. Horretarako, «jatorri-izendapenera bideratuta 1.320.000 litro sagardo egin dira, Euskadiko produkzioaren %12 inguru», azaldu zuten.
Dena den, aste honetako txotx denboraldiaren hasierarekin batera, dagoeneko identikatu dituzte Euskal Sagardoa bezala salduko diren kupelak. Horiek zein diren ere, erraz jakin ahal izango dute sagardotegietako bezeroek, Euskal Sagardoaren irudi berriaren bitartez.
Egun 35 sagardotegik egin dute bat Euskal Sagardoarekin, tartean, Hernaniko lauk, eta Astigarragako zortzik. Era berean, argitu zuten «beste hainbat sagardotegik ere aurkeztu dutela asmoa», baina aurtengo uztaren ezaugarriengatik ezin izan dutela sartu.
Bestalde, 12 sagardogilek osatzen zuten Gorenak marka pribatua, eta hemendik aurrera, egungo aldaketekin, sagardotegi gehiago batuko direlakoan daude.

Sektorearen eta erakundeen arteko elkarlana, ezinbestekoa
Denen arteko elkarlana izan zen ordezkari guztiek, bai sektorekoek baita erakundeetakoek ere, gehien nabarmendu zutena. Bi norabidetan azpimarratu zuen Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak: «batetik, administrazio guztien arteko elkarlana eta koordinazioa; eta bestetik, sek­to­rearen beraren elkarlana eta batasuna».
Bigarren hori nabarmendu zuen, batez ere, Bittor Oroz sailburuordeak, ibilbidea sagardogileek beraiek hasi baitzuten: «sektoreak aurkeztu zion jatorri-izendapenaren proposamena Arantza Tapia sailburuari irailean». Eta ordutik zortzi erakunde eta elkartek landu dute Euskal Sagardoa zigilua, eta bertan, sagardoaren sektorea %100 egon da ordezkatua: Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Sagardo Mahaia Elkartea, Bizkaiko Sagardogileen Elkartea, Fruitel Sagarzale Elkartea, eta Bialka Sagarzaleen Elkartea.
Hau hasiera besterik ez dela argi utzi zuten denak, baita Orozek berak ere: «guztion lana izango da honi arrakasta emango diona; elkarlana beha­rrezkoa da, baita kontsumitzailearen lana ere».
Elkarlan horretan «kate osoarekin lan» egin nahi dute; hasi lurren jabeetatik, Foru Aldun­dietatik hain zuzen, sagar-ekoizleekin jarraitu, eta sagardogileak arte.

2016an hasiera, Sagarrondoak Landatzeko Planari
Kate horretan, Gipuzkoa, Bizkaia era Arabako sagardogileek egin dutenaren antzera, Gipuzkoako Foru Aldundia ere, haziak jartzen hasi dela adierazi zuen asteleheneko aurkezpenean Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka diputatuak: «aurreko urtean, 2016an, hasi genuen Sa­ga­rron­doak Landatzeko Plana, izan ere, bertako sagarrondoak bultzatu nahi ditugu, bertako sagardoa eskaini ahal izateko». Ildo horretatik, sektorea bultzatzeko lanean jarraitzeko asmoa luzatu zuen Aizpuruk. Izan ere, antzinako esaera sagardogintzara ekarri eta adierazi zuen: «nolako sagarra, halako sagardoa».

Datu esanguratsuenak:

- Euskal Sagardoa jatorri-deitura landu duten elkarteak:
Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Sagardo Mahaia Elkartea, Bizkaiko Sagardogileen Elkartea, Fruitel Sagarzale Elkartea, eta Bialka Sagarzaleen Elkartea.

- Izena eman duten 35 sagardotegiak: Gipuzkoatik:
Aburuza (Aduna), Aialde Berri (Usurbil), Alorrenea (Astigarraga), Altzueta (Hernani), Añota (Azpeitia), Astarbe (Astigarraga), Barkaiztegi (Donostia), Begiristain (Ikaztegieta), Bereziartua (Astigarraga), Eula (Urnieta), Gartziategi (Astigarraga), Gurutzeta (Astigarraga), Iparragirre (Hernani), Iruretxiki (Zestoa), Isastegi (Tolosa), Itxasburu (Hernani), Izeta (Aia), Lizeaga (Astigarraga), Oiharte (Zerain), Ola (Irun), Olagi (Altzaga), Otatza (Zerain), Petritegi (Astigarraga), Saizar (Usurbil), Satxota (Aia), Tximista (Ordizia), Txindurriturri (Deba), Zapiain (Astigarraga), Zelaia (Hernani). Bizkaiatik: Axpe (Markina-Xemein), Eguskitza (Gatika), Etxebarria (Gatika), Laneko (Gizaburuaga), Uxarte (Zornotza). Arabatik: Iturrieta (Aramaio).

- 115 sagar-mota, izendapenean onartuta:
Aia, Altza, Ama Birjiña, Ami Sagarra, Anarregui, Andoain, Añarre, Aranguren, Arantzate, Areso, Ari­ma­sagasti, Astarbe, Aizpuru Garratza, Aizpurua Sagarra, Begi Zabala, Berandu Erraineta, Berrondo, Billafrankie, Bizkai Sagarra, Bostkantoi, Burgo, Burgo Sagarra, Burni, Buztin, Dominixe, Enpan, Enpan Sagarra, Errege, Errezil Sagarra, Errezila, Gazi Zuri, Gazi Zuria, Gazia, Gaziloka, Gezamina beltza, Gezamina, Goikoetxea, Goozti, Gorri Txikia, Greñas, Haritza, Ibarra, Ilunbe, Intxausti, Limoi, Manttoni, Manzana de Quesillo, Udare-Sagarra, Martiku, Maximela, Mendiola, Merabi, Merkalina, Mikatza, Milasagarra, Mocetas, Moko, Mokote, Moliua, Mozoloa, Muxugorri, Muzuzabal, Odixa, Orkola, Orri Zarraute, Oru Sagarra, Ostro Beltza, Palacio, Palancaya, Patzulo Gorria, Patzuloa, Perran Sagarra, Piko Sagarra, Potrokilo, Sagar Beltza, Sagar Gorria, Sagar Txuria, Saltxipi, Saluetia, Santa Ana, Sulei, Txalaka, Txarba, Txitu, Txistu Sagarra, Txori Haundia, Txori Sagarra, Txotixe Sagarra, Txurten Luze, Udare, Udare Marroi, Udare Txuri, Udare Zuria, Ugarte, Urdan Iturri, Urdin, Urdin Sagarra, Urkola, Urtebeta, Urtebete, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki, Verde Agria, Zubieta, Zuri Txikixe, Pelestrina, Kapandoja, Telleri Sagarra, Azpeiti Sagarra, Bizi, Zuzen, Legor, San Francisco.