Herritarrak protagonista, aurrenekoz; Eneko Atxa, "ekoizleen ahotsa", irekieran
Descripción
Dagoeneko hain ezaguna den «gure sagardo berria» esaldia oihukatuz eman zion hasiera txotx denboraldiari Eneko Atxa sukaldariak asteazken goizean. Arratsaldean, aldiz, herritarrekin batera gozatu zuten sagardogileek, Murgia Jauregian.
astigarraga degustación eneko atxa sidra taller txotx berri popular apertura del txotx
Ficha
- Fuente: Urumeako Kronika
- Fecha: 2017-01-14
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea Fondoa »
- Código: NA-007115
Texto completo
Martxan da 2017ko txotx denboraldia. Asteazkenean izan zen irekiera ekitaldia: sagardo berriaren ezaugarriak azaldu zituzten lehendabizi; eta ondoren, tradizioa bihurtu den sagarrondoa landatu zuen Eneko Atxak, aurtengo protagonistak. Azurmendi jatetxearekin lortu ditu Michelin izarrak sukaldari bizkaitarrak, eta ederki asko ezagutzen ditu ostalaritzaren nondik norakoak. Aurkezpenean azaldu zuen moduan, ohorea izan da Atxarentzat, denboraldiari hasiera ematea: «ohore bat da ekoizleen ahotsa izatea eta era berean, erantzukizuna ere sentitu dut. Errekonozimendua egin nahi diet ekoizleei, badakidalako txotx bakoitzaren atzean istorio politak daudela, baina gogorrak baita ere». Zapiain sagardotegia izan zen aurten, irekieraren eszenatoki: sagardo tragoa eskuan hartu eta «gure sagardo berria» oihu eginez ireki zuen Eneko Atxa denboraldia. Hogeita lau urte dira dagoeneko, Sagardo Berriaren Eguna ospatzen dela.
«Sagardoaren kultura etengabe bultzatu da»
Prentsaurrean elkartu ziren erakunde ezberdinetako ordezkariak, Sagardoaren Lurraldeko ordezkaria eta Eneko Atxa bera. Horien artean zen Zorione Etxezarraga, Astigarragako alkate ordea. Denboraldi berriari ongi etorria egin, eta orain arteko ibilbideak izan duen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen: «24 urte daramazki Astigarragak txotx denboraldiari hasiera ematen, honek esan nahi du herri honetako elkarte, bizilagun eta gonbernuan egon diren ordezkari ezberdinei esker sagardoaren kultura etengabe bultzatu dela».
Etxezarragak azaldu nahi izan zuen baita ere aurtengo berrikuntza: «egun honetan urtero jarraitzen den protokolo eta bazkariaz gain, aurten Txotx Berri Herrikoia antolatu dugu, sagardo denboraldia herritarrei ere gerturatzeko asmoarekin, astigartarrak ezinbestekoak baikara sagardo kulturaren sendotzean». Hala, arratsaldean Murgia Jauregian elkartu ziren herritarrak, bakailu tortillaren tailerrean lehendabizi; eta ondoren, pintxo eta sagardo dastaketa izan ziren. Astigar asko izan ziren animatu eta irekiera herrikoian parte hartzera gerturatu zirenak.