Sagardo berriaren etorrera, festa giroan
Descripción
Bihar hasi eta igandera bitartean ekitaldi mordoa antolatu dituzte sagarra eta sagardoaren bueltan. Izen emateak zabalik daude: 943 55 05 75 edo ‘info@sagardoarenlurraldea.eus’.
ocio astigarraga programa fiesta de la manzana sagar uzta sidra manzana
Ficha
- Fuente: Urumeako Kronika
- Fecha: 2016-09-21
- Clasificación: 5.3. Fiestas de la manzana
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea Fondoa »
- Código: NA-006908
Texto completo
Sagarra biltzen hasteko garaia iritsi zaie Astigarragako sagardogileei; hasi dute sagardo berria egiteko prozesua. Eta hori, bada festarako nahikoa motibo. Bihartik igandera Sagar Uztaren jaia antolatu dute herrian, prozesua erakutsi eta herritartzeko asmoarekin.
Pintxo-potea izango da bihar, aurreneko ekitaldia. Herriko tabernetan sagarretik eratorritako pintxoak izango dira aukeran.
Bi ekitaldi, Santiomendin barrena
Larunbatean berriz, bi plan jarri dituzte aukeran: mendi buelta eta erronka. Mendi buelta Sagardo bidean zehar egingo dute, eta familia giroan egiteko aproposa da. Josu Osarekin batera egingo dute buelta, eta haur zein helduek, Santiagomendiko sagastietan dauden sagar barietate ezberdinak ezagutu eta probatzeko aukera izango dute. Goizeko 09:30etan aterako dira Foru Plazatik, eta 13:00ak ingururako bueltan izango dira.
Goiz partean baita ere, kasu honetan korrika eta bizikletan, Sagardobide Erronka antolatu dute. Hirugarren edizioa da aurtengoa, eta aurrekoetan bezala, erreleboka jokatuko dute. Aurten 10 taldek hartuko dute parte, sagardotegien izenekin. Bi neska eta bi mutilek osatuko dute talde bakoitza, eta bi modalitateetan ari beharko dute. Goizeko 10:00etan hasiko da erronka Foru Plazatik aterata, eta bi ordu eta erdi inguru iraungo duela aurreikusi dute.
Festa eguna, igandean
Igandea izango da Sagar Uztaren egun haundia. Musika Eskolako txistulariek esnatuko dute herria, eta berehala ibiliko dira Argazki Rallyko partaideak kamarak eskuan hartu, eta hara eta hona. Izan ere, bederatzigarren edizioa izango da jokoan, goizeko 10:30etan hasita. Argazkiak egitea gustuko duen edonork hartu dezake parte, izena emanda. Lehiaketan sagar uzta jaiaren barruan ateratako 6 argazki aurkeztu behar dituzte. Hiru sari banatuko dira: bilduma onena, bigarren sailkatua eta publikoaren saria. Sari banaketa urriaren 14an egingo dute, Sagardoetxean, iluntzeko 19:00etan.
Goizeko 11:00etan hasita berriz, Museo Enogastronomikoen Sarearen tailerra antolatu dute; eta ordu berean izango dira Plazan, haurrentzako tailerrak eta jolasak. Sagarraren azoka ere, eguerdira bitartean izango da: sagarren erakusketa, dastaketa eta salmenta; sagardo dastaketa; saski, txertaketa eta abarren erakustaldia; herriko baserritarren produktu salmenta, trikitilariak... Urteko aurreneko muztioa probatu nahi duenak ere, izango du aukera igandean: sagar biltzea, jotzea eta zanpatzea egingo dute plazan. Sagar dantzarik ez da faltako, eta ezta txalaparta doinurik ere. Eguneko beste ekitaldi nagusia Kizki eguna izango da. Lortuko ote dute 700 kizki lagun elkartzea? Kizkiak egunean bertan eskuratu daitezke euro batean. Bazkaltzera geratu nahi duenak ere, izango du aukera igandean: tiketak salgai daude Zipotza eta Ikatzan, 10 euroan. Eta eguna bukatzeko, herrien arteko sagargintza desafioa antolatu dute. Asteburu borobila izango da, datorrena!
XVI. SAGAR UZTA JAIA Irailaren 22tik 25era
Irailak 22, 19:00-21:00, pintxo-potea herriko tabernetan, sagarraren eratorriekin egindako pintxoekin.
Irailak 24, 09:30-13:00, Sagar Motak Ezagutuz, familian egiteko mendi-buelta, Santiomendiko Sagardo Bidean zehar. Josu Osak gidatuta, Santiomendiko sagastietan dauden sagar barietate ezberdinak ezagutu eta dastatzeko aukera izango da*.
Irailak 24, 10:00-13:00, III. Sagardobide Erronka errelebo proba. Aurten, lau taldek hartuko dute parte proba honetan: Alorreneak, Gurutzetak, Ipintzak, Kaxkarrek, Lizeagak, Petritegik, Rezolak, Txopinondok, Zapiainek eta Zelaiak. Eta bakoitzean bina neska-mutil ariko dira: aurreneko itzulian, mutilak bizikletan; bigarrenean, neskak korrika; hirugarrenean, neskak bizikletan; eta laugarrenean, mutilak korrika.
Irailak 25, Sagarraren Jaia Foru Plazan:
09:30, Musika Eskolako txistu ikasleen eta Txirriskla Txistulari Taldearen diana.
10:30-12:00, IX. Sagar Uzta Argazki Rally Digitalean izenematea, plazan*.
11:00-14:00, Museo Enogastronomikoen Sarearen tailer gastronomikoak*.
11:00-13:30, haurrentzako tailerrak eta jolasak.
11:00-14:00, Sagarraren azoka: sagarren erakusketa, dastaketa eta salmenta; sagardo dastaketa; saski, txertaketa eta abarren erakustaldia; herriko baserritarren produktuen salmenta; trikitilariak eta abeslariak herrian zehar.
11:00, Urteko uztako aurreneko muztioaren elaborazioa: sagar biltzea, jotzea eta zanpatzea.
12:30, Sagar dantza eta kirikoketa.
13:00, Txalaparta eta muztio dastaketa.
13:00, Kizki Eguna. 700 kizki-lagun baietz!*
14:30, Herri bazkaria frontoian.
17:30, Herrien arteko sagargintza desafioa.
*Izenemateak zabalik, 943 55 05 75 edo info@sagardoarenlurraldea.eus: Sagar Motak Ezagutuz ibilbiderako Argazki Rallyrako, Kizki Eguneko erronkarako eta tailer gastronomikoetarako.