"Orain, gehiago egin eta zabaltzen da sagardoa; lehen lokalagoa izaten zen"
Descripción
Ostiralean, 19:00etan, debaldeko bisita gidatuarekin inauguratuko da, Sagardoetxean, ‘Sagardo ibaiak, bizitza iturri’ erakusketa. Larunbatean, berriz, Urumean gora paddle surf egin ahal izango da, eta Ergobian bisita gidatua egingo du Andoni Arzallusek. Izenematea ireki da.
ocio astigarraga exposiciones ergobia historia patrimonio sidra sidrería stand up paddle urumea
Ficha
- Fuente: Urumeako Kronika
- Fecha: 2016-09-14
- Clasificación: 5.5. Exposiciones
- Tipo documento: Prensa
- Procedencia: Gipuzkoako Foru Aldundia - Iñaki Larrañaga
- Fondo: Sagardoetxea Fondoa
- Signatura: P33-21 »
- Código: NA-006889
Texto completo
Sagardoaren Lurraldeak, Hernani, Usurbil eta Astigarragako Udalekin elkarlanean, Sagardo ibaiak, bizitza iturri erakusketa ibiltaria jarri zuen martxan apirilean, eta ostiral honetan iritsiko da Astigarragara, Sagardoetxea Museora. Arratsaldeko 19:00etan inauguratuko da, Lourdes Odriozola historialariaren bisita gidatuarekin. Larunbatean, berriz, bestelako bisita berezi bat egingo da Urumea ibaian barrena eta Ergobian. Hemen, Andoni Arzallusek (Ergobia, 1932) emango ditu azalpenak, eta zer edo zer aurreratu dio Kronikari.
Ergobin, XX. mendean ba omen ziren hainbat sagardotegi...
Zortzi sagardotegi ezagutu nituen nik, Ergobiko barrioan. Pagua (Martin Berrondo), Otaño (Joxe Arrieta), Lete (Etxehandi), Estanco (Antonio Arzallus), Isasa (Joakitene), Herrero (Manuel Irigoien), Alberro (Eprepa) eta Bereziartua (Iraberri). Horiek, komertzialak, sagardotegi bezala funtzionatzen zutenak. Gero, baserrietan ere egiten zen. Asko desagertu egin dira. Orain, Herrero eta Bereziartua geratzen dira, baina Astigarragara joan ziren.
Asko aldatu dira ordutik, sagardotegiak?
Beste estilo bat zen! Orain, gehiago egin eta zabaltzen da sagardoa; lehen lokalagoa zen. Hor zuten joera Hernani, Ergobi eta Donostialdeak. Txotxean edaten zen, egun osoan, 09:00etan ireki eta 22:00ak aldera ixten zen arte. Basoka saltzen zen; egunean 2-3 edan eta kitto.
Txotxa bera ere desberdina zen, ezta?
Garai batean upel bakarretik edaten zen, hasi eta buka, 4 egunean edo astebetean. Kanilla jarrita egoten zen, eta dozena bat baso uretan, ezpainetakoa uretan zutela, kubeta izeneko egurrezko baldean. Normalean, neskatxak irekitzen zuen kanilla; hari, behar ziren basokak eskatu, eta mahaian preparatzen zituen. Haiek pagatu, eta gero basoa utzi. Eta sagardotegiak martxotik maiatzera irekitzen ziren. Txandaka. Garai onena Aste Santua izaten zen, ostegunetik igandera jai izaten baitzen. Orduan, Ergobin 3-4 irekita ezagutu ditugu, eta Ergobitik Astigarragarako bidea, prozesioan bezala, jendez betea!
Eta jatekoa, izaten al zen?
Tabernan preparatzen zen jatena. Enkargartu egin behar zen; tortila, bakailua saltsan edo prejitua. Txuletarik ez. Hartu eta martxa.
Urumeak ere, ba omen zuen lotura, sagardoarekin.
Guk ez dugu hainbeste ikusi. Gu baino lehenagoko martxa zen hori. Urumea, agi danean, garraio bidea zen. Portuak zeuden Hernanin, Ergobin, Astigarragan. Guk ez ditugu ikusi, baina gabarrak ezagutu genituen, Kursaal eta Santa Katalina zubi parean, marea bajua izaten zenean: palarekin gabarra atera, puntaraino hondarrarekin bete, eta Loiolara, eraikuntzarako.
Detaileak ezagutzeko onena orduan, larunbateko bisita!
Bai, bai! Gonpidapena zabaldu, ea jendea biltzen den!
‘SAGARDO IBAIAK, BIZITZA ITURRI’ ERAKUSKETA
IRAILAK 16-25
- Erakusketa ikusteko aukera, Sagardoetxea museoan, astelehenetik larunbatera 11:00-13:30 eta 16:30-19:30, eta igandeetan, 11:00-13:30.
- Ikastolentzako eta taldeentzako bisita gidatuak debalde, aurretik adostuta.
IRAILAK 16
- Erakusketaren inaugurazioa, arratsaldeko 19:00etan, Lourdes Odriozola historialariak gidatutako bisita batekin, debalde.
IRAILAK 17
- Erakusketa ezagutzeko ekitaldi berezia:
15:30, Martuteneko Arraun Lagunak elkartetik aterata, Urumea ibaian gora paddle surf edo zutikako arrauna egiteko aukera. Ibilbidea Ergobiako zubian bukatuko da eta bitarte horretan, Lourdes Odriozola historialariak bisita gidatua egingo du, euskeraz eta gaztelaniaz, Urumeak gordetzen dituen sekretuak ezagutzeko.
17:30-18:00, zutikako arraunlarien iritsiera Ergobiko zubira.
18:30, Bisita gidatua Andoni Arzallusekin, euskeraz, Ergobiko plazan, XX. mende hasierako sagardotegiak ezagutzeko. Musikari eta abeslariek ere girotuko dute bisita, eta pintxoak eta sagardoa dastatu ahal izango dira.
Izenematea: Sagardoaren Lurraldea: www.sagardoarenlurraldea.com/943 55 05 75. Zutikako arrauna egiteko materialaren alokairua: 20 euro.