"Sor-markak mehatxuetatik ere babestuko gintuzke"
Descripción
Indarrak metatu, eta sor-marka propioa martxan jartzeko urratsa egin dute asteon Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardogileek: Euskal Sagardoa jatorri izena lortzeko eskaria aurkeztu dute Jaurlaritzan. "Merezi duen duintasuna" eman nahi diotela azaldu du Ainara Otañok (Astigarraga, Gipuzkoa, 1977). Petritegi sagardotegiko arduraduna eta Gipuzkoako elkarteko lehendakariordea da.
entrevista asociación de sidra natural de gipuzkoa denominación de origen calidad sagardo mahaia sidra
Ficha
- Autor: Oihan Vitoria
- Fuente: Berria
- Fecha: 2016-09-08
- Clasificación: 2.1. Sidra
- Tipo documento: Prensa
- Procedencia: Gipuzkoako Foru Aldundia - Iñaki Larrañaga
- Fondo: Sagardoetxea Fondoa
- Signatura: P33-35 »
- Código: NA-006888
Texto completo
Muturreraino eraman duzue sagardogileen urteetako eskaria. Zergatik da hain garrantzitsua sor-marka propioa lortzea?
Urteetako lanaren fruitua da. Jatorri izenak, azken finean, sektorea bateratzea eta harremanak estutzea ekarriko luke. Elkarte eta administrazioen artean lan marko bateratu bat ezartzea ahalbidetuko liguke, guztiok konpromisoak har ditzagun tokiko sagarraren eta sagardoaren alde. Kalitatea da egitasmoaren ardatza.
Sektoreko elkarte guztien sostengua jaso du proiektuak. Zaila egin zaizue ados jartzea?
Zaila? Ez. Kontua da denbora behar dela mahai gainean jarritako oinarri eta lan ildo guztiak adosteko. Urteak daramatzagu elkarlanean, eta ez da batere samurra. Halere, uste dugu garai aproposa dela sektorearen ikuspegi guztiak mahai gainean ipintzeko. Toki askotako eragile ugari batu gara, eta aste honetan aurkeztu dugun eskaria da bide luze horren emaitza.
Sor-markak sagardoari «merezi duen duintasuna» emango diola diozue. Zer esan nahi duzue?
Iruditzen zaigu sektoreari balioa emateko eta produktuari lehentasuna emateko oso garrantzitsua izango dela; besteak beste, markak ordenatzeko eta bide bateratu bat zehazteko ere balioko digu, nora goazen erabakitzeko. Aberasgarria da sektore guztia helburu beraren atzetik ikustea arraunean. Batuta indartsuagoak gara.
Gaur-gaurkoz, Asturiasko sagardoak baino ez du sor-marka hori; EAEn, Eusko Label bereizgarria dute modu naturalean eta bertako sagarrekin ekoitzitako sagardoek. Nahikoa da?
2011. urtean, Eusko Label sagardoa merkaturatu zenean, bazegoen jada hemengo sagarren alde lan egiteko nahia. Egia da urteak daramatzagula lanketa horretan buru-belarri; bide honetara iristeko hasiera izan zen hori. Oraingoa, alabaina, erronka handiagoa da euskal sagardogileentzat: jauzi bat da, eta lan handia dugu aurretik.
Harago jotzeko asmoa ere baduzue. Motz geratu zaizue Eusko Label bereizgarria?
Ez, erabat uztargarriak dira biak. Euskal Sagardoa aurrerapauso inportantea izango da, ezinbestekoa, bene-benetan sinesten duguna. Eusko Label sagardoak ere txertatuko luke sor-marka berria.
Atzerrian gehiago saltzeko erakusleiho ere izan daiteke, ezta?
Sor-markak mesede egingo lioke produktuaren ikusgarritasunari. Geure merkatu handiena, ordea, hemen dago, Euskal Herrian, eta barrura begira ondu dugu proiektua. Egia da kanpoan saltzen lagunduko digula, baina egitasmo honetan bereziki etxera begira jarri gara. Urtean hamabi milioi litro ekoizten ditugu, eta %90 saltzen dugu hemen. Euskal kulturan erro sakonak dauzkan edaria da sagardoa, familiatik datorkigu ogibidea, eta jatorri izenak ere hori babesteko balioko luke.
Norengandik?
Mehatxu asko ditugu inguruan, gurera oraindik ailegatu ez badira ere. Asturiasen, adibidez, enpresa handiak hasi dira sagardoa ekoizten, eta nabarmen handitzen ari dira ekoizpena. Sor-markak, nolabait, mehatxu horietatik babestuko gintuzke. Betikoa dugu sagardoa, Euskal Herriko kulturaren parte da, eta gure ohituretan sustraitua dago.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari dagokio orain eskaeraren tramiteak egitea. Asko jota, sei hilabete barru ezagutaraziko du sor-marka eratzea onartzen duen ala ez. Nolako giroa sumatzen duzue?
Oso itxaropentsu dago sektorea. Administrazioek, orain arte, sostengu osoa eman digute, eta bide honetan lagundu gaituzte. Elkarteen artean ere positiboa da giroa.
Ebazpena aldekoa balitz, bi hilean EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta Nekazaritza Ministeriora joko luke Jaurlaritzak. Espainiako Aldizkari Ofizialean publikatzean sartuko litzateke indarrean sor-marka. Noiz espero duzue merkaturatzea?
Goiz da jakiteko. Sor-marka hurrengo urterako prest egon daiteke, baina zehatz-mehatz ez dakigu noiz aterako ditugun lehen botilak merkatura. Dena dela, argi dago aurtengo uztarekin egingo dugula Euskal Sagardoa sor-markako lehen sagardoa.
Sagastiak aldatu, sagarrak ezagutu eta heldutasun puntu egokiak bilatzeko ikerketak egin dituzue. Zer ondorioztatu duzue?
Ikerketan indarrak jarri ditu sektoreak. Saiatzen gabiltza ekoizpena areagotzen, sagastiek urtero eman dezaten kalitatezko sagarra. Zenbait urteren buruan, beharrezkoa den sagar guztia hemen sortzea dugu helburu, bezeroari berme bat eman nahian. Guztira, bertako ehun sagar aldaera sartu ditugu sor-markan, eta gehiago landatzeko asmoa dugu.
Sagardogileak eta baserritarrak ere sagasti ugari jartzen ari dira.
Alferrik galtzen ari diren lursailak daude, sagastietarako aproposak direnak. Sagar dezente landatzen ari gara, baina ezta hainbeste ere, lursail egokiak aurkitzea ez baita erraza: 25 urteko errentagarritasuna izan behar dute gutxienez.