'Euskal Sagardoa', bertako sagarrarekin
Descripción
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagar eta sagardogile elkarte guztiek bat egin dute, ‘Euskal Sagardoa’ Jatorri Izendapena sortzeko. Eusko Jaurlaritzan erregistratu dute eskaera.
asociación de sidra natural de gipuzkoa denominación de origen calidad sagardo mahaia sidra
Ficha
- Fuente: Urumeako Kronika
- Fecha: 2016-09-10
- Clasificación: 2.1. Sidra
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea Fondoa »
- Código: NA-006883
Texto completo
Astelehenean Eusko Jaurlaritzan izan ziren Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagar eta sagardogileen elkarteak, ‘Euskal Sagardoa’ Jatorri Izendapena erregistratzeko.
Arantxa Tapia sailburuarekin elkartu ziren, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila baita Jatorri Izendapenaren aurreneko faseko tramiteak egiteko arduraduna.
Bertako sagarra eta kalitatea, helburu
«‘Euskal Sagardoa’ Jatorri Izendapenaren helburu nagusia da bertako sagarrarekin egindako sagardoari duintasuna ematea, eta Elkarte eta Anministrazio desberdinen artean lan egiteko marko bateratua sortzea», azaldu dute sektoreko ordezkariek.
Hain zuzen, izendapena erregistratzeko eskaerarekin bat egin dute Arabako Sagar eta Sagardogileen Elkarteak, Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Sagardo Mahaia Elkarteak, Sagar Uzta Elkarteak, Bialka Elkarteak eta Fruitel Elkarteak; «Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Sagar eta Sagardogile Elkarteen %100ak».
Era berean, bi zutabetan oinarritu dute proiektua: bertako sagarra eta kalitatean. «Bertako sagarrari dagokionean, sektorea apustu garbi bat egiten ari da azken urteetan, azterketak eginda sagasti berriak aldatu eta sagarrak hobeto ezagutzeko, heldutasun puntu egokiak bilatzeko eta abarrerako. Helburua da, zenbait urteren buruan Euskadin beharrezko den sagar guztia bertan sortzea, eta horretarako, ‘Euskal Sagardoa’ Jatorri Izendapena ezinbesteko lanabesa izango da. Bigarren zutabe garrantzitsua kalitatea da, derrigorra etorkizuneko Jatorri Izendapenean», azaldu dute.
Merkatuan, lehenbailehen
Honekin, azken urteetako lana indartu du sektoreak, «bertako sagarraren alde eta jatorria eta kalitatea ziurtatuta dituen sagardoaren alde», eta ‘Euskal Sagardoa’ Jatorri Izendapena duten aurreneko botilak lehenbailehen merkaturatzea espero dute.