'Euskal Sagardoa' Jatorri Izendapena sortzeko prozedura abiatu dute ekoizleek
Descripción
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagar eta sagardo sektoreko elkarte guztiek ‘Euskal Sagardoa’ Jatorri Izendapena sortzeko eskaera erregistratu dute Lakuako Gobernuan. Bertoko sagarrez egindako produktuari «merezi duen duintasuna» ematea da sektorearen helburua.
gobierno vasco asociación de sidra natural de gipuzkoa denominación de origen calidad sagardo mahaia sidra
Ficha
- Fuente: Gara
- Fecha: 2016-09-05
- Clasificación: 2.1. Sidra
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea Fondoa »
- Código: NA-006872
Texto completo
Azken urteotan eginiko lanaren ondotik, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Sagar eta Sagardogile elkarte guztiek Jatorri Izendapena sortzeko eskaera bateratua erregistratu dute Lakuako Gobernuan, horretarako dokumentazio guztia entregatuta.
Proiektuak bi zutabe garrantzitsu dituela azpimarratu dute: bertoko sagarra eta kalitatea. «Helburua da, zenbait urteren buruan, Euskadin beharezkoa den sagar guztia bertan sortzea eta horretarako ‘Euskal Sagardoa’ Jatorri Izendapena ezinbesteko lanabesa da», azpimarratu dute. Ildo horretan, kalitateak ere garrantzia handia duela nabarmendu dute.
Jatorri Izendapenaren bereizgarria izango duten lehen sagardo botilak lehen bait lehen merkaturatzea da orain sektorearen asmoa.
Egitasmoaren bultzatzaileek bilera egin dute Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuarekin proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Sail hori da lehen faseko tramitazioak egiteko eskumena duen organoa.
Prozedura
Ohar batean, Lakuako Gobernuak «oso ondo» baloratu du sagardo naturalaren Jatorri Izendapena sortzeko eskaera egin izana. Dokumentazio guztia jasota, Gobernuak sei hilabeteko epean emango du bere ebazpena.
Aldekoa bada eta haren aurkako errekurtsorik aurkezten ez bada, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak aldeko ebazpena EHAAn argitaratu eta Madrilgo Nekazaritza Ministerioari jakinaziko dio.
Ebazpena argitaratu ondoren, Jatorri Izendapenak behin behineko Estatu mailako babesa eskuratuko du eta, BOEn argitaratuta, operatibo egongo da.
Ondoren, Ministerioak eskaera espediente hori Europako Batzordean aurkeztuko du.
Lakuak «erabateko errespetua eta laguntza» eskaini dio sagardogintza sektoreari.