Sagardoaren lurraldea

Sagardo naturalaren bidaia berriak

Descripción

Gero eta estimatuagoa da atzerrian Gipuzkoan ekoitzitako sagardoa, eta esportazioak ere goranzko bidean dira. «Gure sagardoa desberdina da, kanpoko kontsumitzaileari gustatu egiten zaio», dio Petritegi sagardotegiko Ainara Otañok.

astigarraga gastronomía sidrería petritegi sidra sidrería turismo txotx

Ficha

  • Fuente: El Diario Vasco
  • Fecha: 2016-08-28
  • Clasificación: 2.0. Sidrería
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea Fondoa
  • »
  • Código: NA-006835

Texto completo

Garai batean, arrantzaleen ontzietan egiten zituen bidaia luzeenak Euskal Herrian ekoitzitako sagardoak, berezkoak zituen propietateak guztiz egokiak baitziren haien beharrak asetzeko. Azken urteetan, ordea, beste era batera bidaiatzen hasi da hemengo sagardo naturala, atzerriko merkatuetan gero eta gehiago estimatzen duten edaria.

Euskal Herrian ekoizten den sagardoa, kopuruari dagokionez, tanta bat baino ez da munduko sagardogintzaren itsaso zabalean eta, gainera, ekoizpenaren zatirik handiena bertan kontsumitzen da. 2015ko uzta aurkeztu zenean emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 13 milioi litro ekoitzi ziren, horietako ia denak (%95) Gipuzkoan. Europatik irten gabe Frantziak, Erresuma Batuak edo Alemaniak ekoizten dutenaren aldean huskeria da ia. Hurbilago, nahikoa da begiak mendebaldera bideratu eta Asturiasen zer gertatzen den ikustea. Iaz 45 milioi litro sagardo ekoitzi zituzten: erdia sagardo naturala (%90 bertan kontsumitzen dena), eta beste erdia gasifikatua, %85 esportaziora bideratua. Euskal Herrian ere hasi dira sagardogileren batzuk sagardo gasduna egiten -Astarbek 'Byhur' du, eta Zeraingo Oihartek 'Ama'-, baina momentuz, azkenaldian sagardoaren mundura iristen ari diren gainerako berrikuntzen moduan, ale bakanak dira, eta ohiko sagardo naturalari eusten zaio batik bat, kalitatearen zigilupean betiere.

Etxean ez ezik, kanpoan ere modan dago Euskal Herriko sagardo naturala. Iragan urtarrilean Astigarragan egin zen denboraldiaren irekieran Bittor Oroz Nekazaritza sailburuordeak gogoratu zuen bezala, honez gero sagardoak toki nabarmena du Euskal Herrian bertan, Espainiar estatuan zein atzerrian egiten diren azoka eta sustapen-ekintza guztietan. Izan ere, ekoizleek ez ezik erakundeek ere argi dute gure mugetatik at etorkizun handiko produktua izan daitekeela sagardoa.

Produktua eta kultura

Orduko hartan, Orozek esan zuen 2016 urterako helburuetako bat zela presentzia handiagoa lortzea Estatu Batuetako merkatuan. Herrialde hartan, hain zuzen, gora egin du azken hiru urteetan sagardo zaletasunak, eta urtean 235 milioi litro sagardo kontsumitzen dira. 2015ean, aurreko urtearekin alderatuta, %85 hazi ziren AEBetarako esportazioak.

Esan bezala, sektoreak ere jarrita ditu begiak kanpoko merkatuetan. Besteak beste, Petritegik. Astigarragako sagardotegiak zenbait ekitza burutu ditu abuztuan New York eta Washingtonen, eta AEBetako ekialdeko kostaldean kontsumoa izaten ari den igoeraren lekuko izan da. Sagardotegiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, «europar merkatuetan ere geroz eta gehiago kontsumitzen da euskal sagardoa, Holandan edo Danimarkan esaterako».

Eta hori zenbakietan ere igartzen da, ekaina arteko salmentek euskal sagardoaren kontsumo gorakada bat azaltzen baitute nazioarteko merkatuetan. Azken urteetako joera hau indartzen ari da beraz, eta batik bat Ameriketa Estatu Batuetako ekitaldeko kostaldean ari da handitzen kontsumoa. «Azken urteetako azterketek merkatu hauetan euskal sagardoak lekua izan zezakeela azaltzen zuten eta oraingo datuek ez dute joera hori baieztatu besterik egin, hein handi batean sektorea egiten ari den lanari esker», diote. Petritegi sagardotegiko Ainara Otañoren arabera «sagardoak salmenta aukera handiak ditu nazioarteko merkatuetan, sagardoaren kontsumoa gora doalako batetik eta gure produktuaren ezaugarriengatik bestetik; gure sagardoa desberdina da eta kanpoko kontsumitzaileari gustatu egiten zaio, baina azaldu egin behar zaio produktua eta bere kultura».

Izan ere, produktua oso garrantzitsua da, baina garrantzi handia dute halaber horrekin batera doazen tradizioak eta kulturak. Hala, Petritegik abuztu hasieran New York eta Washingtonen, Murray´s Cheese Bar eta Anxo sagardotegian hurrenez hurren, egin zituen ekintzek «saltzaileekin lan egiteaz gain, produktua ezagutzera emateko balio izan dute, sagardoaren kultura, usadioa... izan ere merkatu hauek asko baloratzen dute kultura hori, historia eta euskal sagardoaren izaera naturala eta betikoa».

Dastaketa eta aurkezpenez gain, bisita interesgarriak ere egin zituzten: Angry Orchard Estatu Batuetako sagardo ekoizle handienaren fabrika berria, Brooklyn Cider House sagardotegia edo sagardoarekin lan egiten duten euskal kutsuko jatetxeak, Txikito Jatetxea esate baterako. Urrutira daramate, alegia, sagardo naturalaren bide berriek.