Barricada abre la barrica
ocio protagonista sidra apertura del txotx
Ficha
- Autor: Xan Harriague
- Fuente: Berria
- Fecha: 2008-01-12
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Prensa
- Procedencia: Gipuzkoako Foru Aldundia - Iñaki Larrañaga
- Fondo: Sagardoetxea fondoa
- Signatura: P9-2 »
- Código: NA-000683
Texto completo
Nafarroako Sagardo Egileen Elkarteak denboraldia hasi du Aldazko Martitxonean. Aldatzen (Nafarroa) entzun da aurtengo lehen «txotx» deia. Martitxonea sagardotegiko Inaxio Begiristain jabeak oihukatu du, eta aurtengo sagardoa dastatzen lehena, Barricada taldeko Drogas izan da Ibi bateri jotzailearekin batera. Kantariak gogotik hartu du emana zitzaion ardura, eta basoa zerura altxatuz irribarre zabal batekin uzta aurkeztu du, «hau da sagardo berria». Lehen kupelen irekieraren kariaz 70 bat lagun bildu ziren herrian bertan dagoen sagardotegira, kirolariak, musikariak, politikariak baita komunikabide andana bat ere. Nafarroako aurpegi ezagun anitz ikusi ahal izan ziren, tartean Osasuneko futbolariak, Mikel Goñi eta Jorge Nagore pilotariak, Iñaki Perurena, Patxi eta Donato Larretxea, herri kirolariak, eta musika mundutik Barricadako kideaz gain, Berri Txarrak taldekoak. Nafarroako Gobernuak ez zuen ekitaldian huts egin, han egon baita horren ordezkari Begoña Sanzberro Landa Garapenerako eta Ingurumeneko kontseilaria. Drogasi aurtengo sagardoa ona iruditu zaio, baina bere iritzia ez omen da kontuan hartu behar, ez baita aditua edari horretan. Umorearekin dioenez, «ederki sartzen da, eta, azkenean, hori da garrantzitsuena». Ibi ados dago taldeko buruarekin. «Ona da, goxoa». Larretxeatar anaiak, Patxi eta Donatok, eta Mikel Goñik ere gustuko zutela zioten. Patxiri, oraindik gazteegia zela iruditzen zitzaion, eta ontzera utzi behar zela. «Hemendik aste batzuen buruan hobea izanen da». Juan Mari Lopez Nafarroako Sagardo Egileen Elkarteko kideak bat egiten zuen Herri Kirolariarekin. «Goxo samarra da aurten berandu egin delako. Aurtengo sagardoa hoberen-hoberenean egonen da martxo aldera». Egilea bera, Inaxio Begiristain kontent zen atera duen sagardoarekin. Azaldu duenez, sagarrondoak bi urtetik behin ematen dute, eta, aurtengoan, sagar gehiena kanpotik ekarrarazi behar izan du %80 inguru. «Erosten dituzun sagarrekin zaila da kontrolatzea zer-nolako sagardoa aterako den egitearen ezaugarri bat zure esku ez baitago». Baina aurtengoan gauzak ongi atera zaizkiola uste du. Sagarrak, Normandiatik, Bretainiatik eta Galiziatik ekarri ditu, eta etxaldean bildu dituenekin nahasi, guztira 6 edo 7 mota. Hari ere iruditzen zaio goiz dela bere egiazko gustua emateko, baina apaltasun osoz dioenez, «edateko modukoa da». Iaz Miel Mindegia aizkolaria izan zen lehen txotxa egiteko ohorea izan zuena, eta duela bi urte Andoni Egaña bertsolaria. Aurten aldatu nahi izan dute Barricada taldea gomitatuz, iaz 25 urte bete baitzituen. Etxeko nagusiak dioenez, Nafarroako Sagardo Egileen Elkarteak erabakitzen omen du zeinek dastatuko duen lehen aldikoz. «Euskal Herriko musika munduan ekarpen aberasgarria egin dute, eta gainera eskualdekoak izanik horiek proposatu nituen. Elkarteko kideek ez zuten zalantza izan, eta nire ideiarekin bat egin zuten». Barricadakoek begi onez ikusi zuten eskaintza, baina Drogasek zehaztu zuenez, «guretzat ustekabe ona izan zen, baina hasieratik argi utzi genion sagardoaz gauza guti genekiela». Sagardotegi ona sagardoaren kalitatearen arabera epaitzen da, baina anitzentzat menuak, eta batez ere, haragiaren kalitateak badu zerikusi handia. Horretan ere bazkaltiarrek aho batez zioten «haragia primerakoa da». Batzuen erranetan, labanaren azpian «urtzen» zen. Gomitatuen jarrera berak erakusten zuen zer-nolako haragia zen platera mahaira iritsi bezain laster husten baitzen. Haragia ez ezik, ohi bezala bakailao tortilla izan zuten sartzeko eta ondotik betiko gazta, intxaurrak eta irasagarra. Sabela betetzeko balio badu ere, Martitxonea sagardotegian Larrauneko haranak dituen ikuspegiaz gozatzen ahal da, baina atzo ez zen kasua izan eguerdi aldean elur bustia botatzen baitzuen. Aldazko elizaren gibeleko aldean kokatuta dago zelaiez inguratuta. XVII. Mendeko baserri handia da egurrezko ate zabal batekin. Hura zabaldu eta, jangelan sartzen da ezkerreko aldean kupelak utziz. Lehengo etxeetan bezala zura da nagusi. Gipuzkoako Sagardo Egileen Elkartearekin konparatuz Nafarroakoa txikiagoa da, baina pixkanakapixkanaka bere bidea egiten ari da. Hasieran txotx irekierak haien artean egiten zituzten, eta duela sei urtez geroztik jendaurrekoak egiten hasi ziren, ohorea pertsona ezagun bati emanez, eta ekitaldiari oihartzun gehiago emanez. Gaur egun, sei sagardotegik osatzen dute elkartea, Lesakako Linddurenbordak, Lekarozko Larraldeak, Berueteko Txaseneko Bordak eta Behetxoneak, Lekunberriko Toki Alaik, eta Aldazko Martitxoneak. EZAGUN ASKO Kirolariak: Pilotariak: Jorge Nagore, Mikel Goñi Futbolariak: Cesar Krutxaga, Josetxo, Jaroslav Plasil, Cesar Azpilikueta Futbol epailea: Alberto Undiano Mallenco Herri Kirolariak: Donato Larretxea, Patxi Larretxea, Iñaki Perurena Musikariak: Barricadako Drogas eta Ibi, Ibon Sagarna Berri Txarrak-eko Gorka Urbizu, Aitor Goikoetxea eta Mikel Lopez Kargudunak: Landa Garapenerako eta Ingurumeneko kontseilaria Begoña Sanzberro Nekazaritzaren Kudeaketarako Institutu Teknikorako zuzendaria Javier Sanz