'2016 Bidea' egitasmoak zeharkatuko du Astigarraga, bi etapetan zehar
Descripción
Abuztuaren 28an eta irailaren 4an egingo dituzte hogeita hiru eta hogeita laugarren etapei dagozkien mendi-irteerak. Parte hartu nahi duenarentzat, izenematea irekita dago; gehienez ere 150 pertsona onartuko dira.
2016 bidea astigarraga donostia 2016 cultura sagardoetxea
Ficha
- Fuente: Urumeako Kronika
- Fecha: 2016-08-13
- Clasificación: 6.0. Cultura
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-006814
Texto completo
Donostia 2016 Hiriburutza aprobetxatuz, 2016 Bidea deritzon egitasmoa antolatu du Club Vasco de Camping Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Euskal Herri osoa zeharkatzen duen ibilbidea da 2016 Bidea proiektua, 32 etapaz osatutakoa. Horietako bi dira, hain zuzen, Astigarraga zeharkatuko dutenak: aurrenekoa, abuztuaren 28an izango da, Andoaindik Astigarragara; bigarrena, aldiz, irailaren 4an, Astigarragatik Oiartzunera.
Andoaindik Astigarragara, hogeita hirugarren etapa
Astigarragatik pasako den aurreneko ibilaldia, 2016 Bideako hogeita hirugarren etapa izango da. 08:30etan hasiko da ibilaldia Andoaingo plazatik, eta oinez egingo dute bi orduz, Mulisko Gane historiaurreko konplexura iritsi arte. Bertan, Oteiza eta megalitismoari buruzko jarduera izango dute, Oteiza Museoaren eskutik.
Ekintza bukatuta, 11:30ak aldera, Astigarragarantz abiatuko dira Hernaniko industrialdeatik, eta ondoko herria atzean utzita.
Behin Astigarragan, Sagardoetxea bisitatuko dute, eta arratsaldez, bisita pribatua egingo dute Chillida Lekura.
Oiartzunera, irailaren 4an
Irailaren 4ko irteera, aldiz, Astigarragatik hasi eta Oiartzuneraino izango da. Ibilbideari hasiera eman baino lehen, agurra egingo zaie parte-hartzaileei euskal musika tradizionalarekin. Jarraian, 08:45ak aldera Landarbasorantz abiatuko da talde osoa. Eta bertan egingo dute historiaurreko armak sortzeko eta maneiatzeko erakustaldia eta tailerra, Aitzbitarteko Lagunak taldearen eskutik.
10:30ak arte luzatuko dira azalpena eta tailerra, eta bertatik, Kausoko Harrespilara joango dira oinez. Inguru berezi honen azalpena Gipuzkoako Parketxe Sareko arduradunek egingo dute.
Harrespila batetik bestera, Arrikotzoila Gaina bisitatuko dute, eguerdian. Eta azkenik, Arritxulora iritsiko dira arratsaldean. Txangoa borobiltzeko asmoz, ibilbide didaktikoa izango dute Aiako Harrian barrena ordubetez, baita Luberri Museoa bisitatzeko aukera ere.
Izena ematea, ezinbestekoa
Parte hartu ahal izateko, izena ematea ezinbestekoa izango da. Donostia 2016ko webgunean (dss2016.eu) eta Alderdi Ederren daukan Infopuntuan eta Club Vasco de Camping Elkartean egin daiteke, 7 euroren truke. Gainera, deskontuak egiten dizkiete ikasleei, jubilatuei, DSSInnovako parte-hartzaileei eta langabetuei.
Izena emateko garaian, ibilbide desberdina egiten duten bi autobus daudela kontuan hartu behar da. Bi kasutan, autobus bat Donostiatik irtengo da, eta besteak, inguruko herrietatik hartuko ditu txangozaleak.
Eraman beharrekoa
Horrez gain, oinarrizko gauzen zerrenda ere zehaztu dute antolatzaileek: betaurrekoak, txapela, eskularruak, motxila, mendiko arropa eta zapatak, ura eta aldatzeko arropa ezin dituzte ahaztu parte-hartzaileek.