Sagardoaren lurraldea

<<Sagardoa zen baleontzietan gehien edaten zen edaria>>

Descripción

Hemendik urtebetera azken eguna izango du Euskal Baleazaleen Arrastoaren Bila bidaiak. Kultura eta historia oinarri ditu bidaiak, eta astebetean euskal baleazaleak Kanadan ibili ziren gune esanguratsuenak erakutsiko dizkiete bidaiariei: Fogo irla, Sant John's, Chateu Bay, Red Bay... Bidaiaren arduradun da Aimar Arizmendi (Madril, 1985). Bidaiak Ternuaren eta Euskal Herriaren arteko harremanak berriro sendotzeko balio izatea espero du Arizmendik.

sidrería astarbe ballena entrevista historia cultura sidra ballenero san juan ternua turismo

Ficha

  • Autor: Ainara Arratibel Gascon
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2016-06-22
  • Clasificación: 6.0. Cultura
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P18-8
  • »
  • Código: NA-006751

Texto completo

Espediziorako agiri batzuk itzultzen hasi, eta, orain, bidaiaren arduradun. Aldaketa handia, ezta?

Gurasoak Euskal Herrikoak dira: ama Plentziakoa [Bizkaia] da, eta aita, Beasaingoa [Gipuzkoa]. Nik 5 urte nituenean, New Yorkera joan ginen bizitzera. Aitak bidaia agentzia moduko bat zabaldu zuen, Euskal Herriko bisitariei Ameriketako Estatu Batuetako hiri eta leku garrantzitsuenak erakusteko. Duela hiru urte bururatu zitzaion garai batean euskal baleazaleek Ternuan utzitako ondarea erakusteko bidaia bat antolatzea. Asko ikertu da horri buruz, baina turistikoki ezezaguna da. Hasieran, horretarako itzulpen batzuk egiteko eskatu zidan, baina, gero, parte hartzeko proposatu zidan, eta baietz esan nion.

Zer izango du bidaiak gehiago: abenturatik edo kulturatik?

Bidaia garai batean baleazaleek egiten zutena baino dezentez erosoagoa izango da, 250 pertsonentzako ontzi batean egingo baita. Baina abenturatik izango du. Inguruko natur parkeak ikusteko aukera egongo da, eta hainbat lekutara iristeko zodiaketan ibili beharko da. Itsasoan ibiltzea ere beti da abentura bat. Kulturari dagokionez, euskaldunek han utzitako arrasto arkeologikoak eta historikoak ezagutuko dituzte bidaiariek.

Eskola moduko bat izango da ontzia, adituak izango baitituzue azalpenak ematen.

Halaxe da. Robert Grenier, Manu Izagirre eta Latonia Hartery ontzian joango dira. Grenierrek eta Izagirrek San Juan galeoiaren aztarna arkeologikoen ikerketetan hartu zuten parte, eta Harteryk Ternuan izandako komunitateen inguruan hitz egingo du.

Nolakoa da ondare hori?

Askotarikoa. Adibidez, hilobi asko daude euskarazko idazkiekin; bi museo daude haiei eskainitakoak. Bestalde, toponimian ere nabaria da eragina. Pena da euskal jatorriko komunitatea oso txikia dela.

Ternuaren eta Euskal Herriaren arteko harremana berreskuratzeko balio izatea nahi duzue?

Ziur gaude balioko duela. Arkeologoek, historialariek-eta asko ikertu dute horren inguruan, baina haiek egindako ikerketen emaitzak liburuetan, txostenetan edo agirietan jasotzen dira. Guk hortik harago joan nahi dugu, eta jende guztiarengana iristea da asmoa, betiere turismo arduratsu bat eginez.

Hemendik ere joango da jendea?

Espero dugu baietz. Izena emanda dauden 50 lagunen artean, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak daude.

Espedizio haietako kideen artean, sagardoa zen edari nagusia. Horregatik erabaki duzue itsasontzian upel bat jartzea?

Bai. Garai hartan, baserri guztietan egiten zen sagardoa, eta gehien edaten zen edari alkoholduna zen. Baleazaleen espedizioetan ere gehien edaten zen edaria zen. Izan ere, ardoarekin edo garagardoarekin alderatuz, ez zen hain erraz txartzen. Gainera, bitaminak izanda, arrantzaleak eskorbuto gaixotasunetik babesten zituen. Astarbe sagardotegikoekin hitz egin dugu, eta upel bat utziko digute.

Han ezaguna al da sagardoa?

Bai, baina ez du zerikusirik hemengoarekin. Zapore gutxiago du, eta gozoa da; muztioaren antza du.

Euskal Herriari lotuta beste makina bat gauza ere izango da ontzian, ezta?

Donostiako Mala Gissona tabernakoek garagardo bat sortuko dute propio espediziorako. Horrekin batera, Basque Culinary Centerrekoak arduratuko dira itsasontziko eskaintza gastronomikoaz. Bestalde, erakusketa bat ipiniko dugu euskal baleazaleen historiaren inguruan. Ontzia Ternuako eta Euskal Herriko kulturen arteko harremanaren erakusleiho izatea nahi dugu.