Sagardoaren lurraldea

"Denboran baja asko egon dira eta gehienak jubilatuak gara. Ezin dugu guk bakarrik"

Descripción

‘Tolare’ Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Hernaniko Kofradia desegitea erabaki dute, 20 urteren ostean. Diru-laguntza falta eta segidarik ez izatea izan dira Kofradia bertan behera uzteko arrazoi nagusiak.

entrevista hernani cultura sidra

Ficha

  • Autor: AINHOA JAUREGI
  • Fuente: Urumeako Kronika
  • Fecha: 2016-03-05
  • Clasificación: 6.0. Cultura
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-006740

Texto completo

1996an sortu zen ‘Tolare’ Kofradia, Hernaniko Berriak Merkataritza Elkartearen ba­bes­pean. Urte hauetan guztietan, jende askok parte hartu du bai Kofradian eta baita Kofradiako kideek antolatutako ekintzetan. Nabarmenenak: Sagardoaren Kapitulua eta Sagarraren eta sagardoaren eguna.
Azken urteetan Tolareko le­hen­dakaria izan den Kontxi Zu­beldiarekin lasai hitz egiteko aukera izan dugu. Urte haue­tan guztietan, primeran pa­satu duela antzematen da eta Kofradiaren desegiteak pe­na handia ematen diola ere bai.

Noiz eta nola sortu zen ‘Tolare’ Sagardo Natuaralaren Kofradia?
Zein helbururekin?
Orain dela hogei urte sortu zen Kofradia. Orduan, ni ez nengoen, baina herriari txispa piska bat jartzeko helburuarekin sortu zela badakit. Ondoren, hori lortu zenean, sagardoari protagonismo gehiago ematea erabaki zen, edari goxo hau nabarmendu behar genuen. Inguru honetan, sagardoak eta sagardotegiek sortzen baitzuten giroa. Gaur egun bezala.

Nolako bilakaera izan du urteetan zehar?
Pixkanaka-pixkanaka, herritar gehiago gehitu ginen hasierako talde horretara, eta sagardogileekin batera, sagardoren defentsan lanean hasi ginen. 90 pertsona inguru elkartu ginen. Urtero, martxoko hirugarren igandean Sagardoaren Kapitulua ospatzen hasi ginen. Bertan, ohorezko kofradiakide berriak izendatzen genituen. Egun horretan, kanpoko beste kofradia batzuk etortzen ziren beren ohiko jantziekin apainduta eta herriko kale garran­tzitsuenetan zehar desfilea egiten genuen, Udal Bandaren doinuek lagunduta. Ondoren, kofradiakide berrien tronura­tzea eta juramentua egiten zen eta azkenik, Hernaniko sagardotegi batean anaitasun-bazkaria egiten genuen.

Nola aukeratzen zenituzten ohorezko kofradiakide berriak?
Kofradiako kideak elkartzen ginen eta hainbat pertsona ezagun edo ospetsurengan pentsatzen genuen. Gero, leku batera eta bestera deitzen hasten ginen, pertsona horien kontaktua lortu arte. Lagun edo ezagunen bitartez ere lortu izan ditugu kofradiakide berri batzuk ere.

Zeintzuk izan dira, urte guzti hauetan, kofradiakide berri horiek?
Arlo desberdinetan adituak d­i­ren pertsona ugari izendatu di­tugu ohorezko kofradiakide berri.
Sagardoaren munduarekin lotuta: Rosario Zapiain, Rufino Izagirre, Luis Gorrotxategi, Juan Goikoetxea, Miguel Zu­beldia, Jose Izagirre, Martiatu anaiak, Ignacio J. Larraña, Martin Garmendia, Jose Mª Irizar, Jose Manuel Iradi, Mª Carmen Uranga, Mª Jesus Setien, Joxe Angel Gaztañaga, Joxe M. Bereziartua, Ascensio Iguaran, Elixabete Arrillaga, Antonio Eguzkitza, Ascensio Intxauspe, Angel Alvarez eta Pedro Santa Cruz.
Sukaldariak eta gastronomiarekin zerikusia dutenak: Juan Mª Arzak, Elena Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz, Isaac Salaberria (Fagollaga), Luis Irizar, Jose Juan Castillo, Tatus Fombellida, Juan Mª Izagirre (Errioguarda), Josetxo Lizarreta, Atxen, Ricardo Remiro, Joxe Mª Gorrotxategi eta Joxe Mª Aizega.
Kirolariak: Joxan Tolosa, Miguel Mª Etxebarren (kirolarien sendagilea), Jesus Mª Zamora, Edurne Pasaban, Josune Beriziartu, Txomin Perurena, Orioko trainerua, Juanito Oiartzabal, Jose Luis Korta, Maider Unda, Eva Esnaola, Jose Mª Garin, Maider Telleria, Rosi Talavera, Her­na­niko Errugbi Taldea, Pelotako CDH saila eta DVko kirol erakundeak.
Bertsolariak eta bere mundua: Andoni Egaña, Pablo Zu­biarrain, Juanjo Uria, Txomin Garmendia, Julian Ezeiza, An­ton Garin, Hernaniko Bertso Eskola eta abar.

Pertsonaia ospetsuak eta artistak: Ainhoa Arteta, Maria­no Ferrer, Anne Igartiburu, Bixente Zaragueta, Miguel de la Cuadra Salcedo, Tito Ira­zus­ta, Antonio Mercero, Toti Mar­tinez de Lezea, Julen Madina, Julian Iantzi, Kontxu Odrio­zola, Josetxo Lizartza, Patxi Bisquert, Andoni Aizpuru, Yo­lan­da Alzola, Amaia Zubiria, Itziar Gurmendi, Patxi Odrio­zola, Felix Ares de Blas, Fermin Muguruza, Patxi Apezetxea, Ricando Ramos, Txaro Arteaga, Jose Luis Alonso, Juan Mª Beltan, Miriam Molina, Xabier Laskibar, Elixabete Garmendia, Esther Esparza, Maite Arostegi, Luzio Urtubi, Aizpea Goenaga, Maria Jesus Iturbide, Nicolas Segurola, Juan Ignacio Que­re­je­ta, Modesto Lasa, Angel Al­kain eta Goazemakeko kideak.
Kultura eta gizarte taldeak: Henaniko Txistulari banda, Her­naniko musika banda, Her­naniko odol-emaileak, Her­na­niko parrokiako koroa, Kantuz Abesbatza, Ozenki Abesbatza...

Egindako lanagatik, Kofrade berezirik aipatuko zenuke?
Ba, ez dakit. Denekin pasatu dugu primeran eta denen partehartzea eskertzen dugu. Bai herri mailan eta baita anaitasun-bazkarian ere, arrakasta handia izan zuten Ainhoa Arteta eta Goazemak-eko aktoreek, adibidez. Oso giro polita sortu zuten. Baina, agian, egindako lanagatik Bixente Zara­gueta edo Miguel de la Cuadra Salcedo nabarmenduko nituzke. Azkeneko hau ekartzea izugarri kostatu zitzaigun, baina ekarri genuen.

Sagardoaren Kapituluaz gain, zein beste ekintza antolatu izan dituzue?
Urtero, irailean, sagardogileekin batera, Sagarraren eta Sagardoaren Eguna antolatu izan dugu. Bertan, sagardotegi desberdinetako sagardoak dastatzeko aukera egoten da, taloa, ogitartekoak eta abarrekin batera, eta plazan, erromeria txiki bat ospatzen da. Zizar gozoa ere edan daiteke eta arrakastatsua izaten da hainbat sagar-motaren erakusketa ere: 120 sagar-mota baino gehiago egoten dira ikusgai.

Eta orain, zer gertatuko da Sagarraren eta Sagardoaren egunarekin? Ospatuko al da?
Egia esan, ez dakit zer gertatuko den egun horrekin. Ezin dizut ezer argitu. Gu sukaldean egoten ginen, pintxoak egiten eta saltzen. Eta, ni, Kofradiako zuzendari moduan, zegokionari saria ematera joaten nin­tzen. Oso festa polita izaten zen.

Nolako arrera izan dute, herri mailan, zuek antolatutako ekintzek? Partehartze handia egon da?
Oso arrera ona eduki dute beti eta giro paregabea sortu da. Eta, ez herri mailan bakarrik, kanpotik etorri diren Kofra­diak ere oso gustora ibili dira. Belgikako eta Frantziako Ko­fra­diak etortzen zirenean, primeran pasatzen zuten. Txo­txaren errituala oso kuriosoa baita kanpotarrentzat.

Hogei urte hauetan zer lortu du Kofradiak? Gustura geratu zarete egindako lanarekin?
Adiskide eta lagun asko egin ditugu. Jende ospetsu asko ere ezagutu dugu eta hori herriarentzako eta sagardoarentzako oso ona izan da. Pertsona ezagunen presentziak, beti ere, ohiartzun handiago du.

Zein izan dira ‘Tolare’ Sagardo Naturalaren Kofradia desegiteko arrazoiak?
Bi izan dira Kofradia desegiteko arrazoi nagusiak. Batetik, segidarik ez izatea eta bestetik, diru-laguntza falta. Denbora­re­kin baja asko egon dira eta bukaerara arte gelditu garen gehienak jubilatuak gara. Adin honekin, ezin ditugu horrenbeste irteera eta bidaia egin, edaria eta janariari dagokionez zaindu egin behar dugu eta ez dugu lanean ari gineneko diru-kopuru berdina ere.
Bestalde, udaletxetik jaso­tzen genuen diru-laguntza oso txikia zen Kofradia aurrera ateratzeko behar dena kontuan izanda. Enpresa batetik jasotzen genuen diru-lagun­tzarik gabe ere gelditu ginen eta bidaiak, bazkariak, jende ospetsua ekartzea, lokalaren alokairua... ordaindu behar dira. Kofradiako kide bakoi­tzak 200 euroko kuota ordain­tzen genuen eta bukaeran, gehiago. Oso gustura egon gara urte hauetan guztietan gauza desberdinak antolatzen, jendea ezagutzen, sagardoa eta gure kulturaren bertuteak goresten, leku batetik bestera Hernani eta sagardoaren izena eramaten… Baina, adin batetara iritsi gara eta gorputzak ezin du erritmo horrekin jarraitu.

Horrenbeste denbora eta gero, Kofradia bertan behera uzteak ez al dizu penarik ematen?
Bai, izugarri. Urte hauetan guztietan, jende asko ezagutu du­gu Kofradiaren bitartez. Pri­meran pasatu dugu eta oroi­tzapen oso onak gordeko ditugu. Baina, ezin denean, ezin da.

Kofradiaren desegitea
uztailean ospatutako Batzar Nagusian erabaki zenuten. Zergaitik ez duzue ezer esan orain arte?
Ez da intentzioz eginiko zerbait izan. Uztailaren 14an egin genuen Batzar Nagusian erabaki genuen ezin genuela Kofradiarekin aurrera jarraitu, eta berehala hasi ginen tramite guztiekin. Hala ere, abenduaren 18ra arte ez genuen ofizialki elkartearen deuseztapenaren berri eduki.

Eta orain, nork defendatuko du sagardoa? Nork zabalduko du edari goxo honen izena munduan zehar?
Sagardogileek, dudarik gabe. Denbora askoan beraiek egin dute lan hori eta ez dira atzean geratuko. Gurekin hartu-eman ona izan dute eta elkarrekin lanean gustura aritu gara. Baina, ziur nago, ‘Tolare’ Kofradiarik gabe aurrera ja­rraituko dutela inongo arazorik gabe.

Hemendik urte batzuetara, zuen testigantza hartu, eta Kofradia berriz ere osatuko duenik egongo dela uste duzu? Gustatuko litzaizuke?
Gustatuko litzaidake, bai. Bai­na ez daukat esperantzik. Jendea ez dago horretarako, eta ulertzekoa da. Denbora, gogoa eta dirua behar dira. Gainera, Kofradia desegin aurretik, epe bat utzi dugu ea norbait animatzen zen jarrai­tzeko, eta denbora horretan ez da inor azaldu.