"Erabilera asko dituen produktua da; postre eta aperitiboetarako balio dezake"
Descripción
Bizi-Goxo izeneko sagardo berria kaleratu du Zapiain sagardotegiak. 10 gradu eta erdiko alkohol maila dauka, eta Euskal Herriko errezil sagarrarekin egin dute. Asteartean aurkeztu zuten, eta Egoitz Zapiainek Kronikari azaldu dionez, "oso produktu 'bersatilla' da; erabilera askotakoa. Postre eta aperitiboetarako balio dezake.
astigarraga bizi goxo egoitz zapiain entrevista manzana errezil sidra sidrería zapiain
Ficha
- Fuente: Urumeako Kronika
- Fecha: 2016-03-05
- Clasificación: 2.2. Productos
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-006724
Texto completo
Bizi-Goxo izeneko sagardo berria kaleratu du Zapiain sagardotegiak. 10 gradu eta erdiko alkohol maila dauka, eta Euskal Herriko errezil sagarrarekin egin dute.
Asteartean aurkeztu zuten, eta Egoitz Zapiainek Kronikari azaldu dionez, «oso produktu ‘bersatilla’ da; erabilera askotakoa. Postre eta aperitiboetarako balio dezake. Michelin izarretako sommelierren ustez, bietarako balio du, eta foie edo plater gaziekin Bizi-Goxo hartzeko proposatuko dutela esan digute. Guretzako laudorioa da hori!».
Gazia eta gozoa, aldi berean
Hiru urte dira sagardo berri hau lortzeko probak egiten hasi zirela. «Ez da egun batetik bestera egiten!», aitortu du Egoitz Zapiainek. «Errezil sagarrarekin bakarrik egin dugu. Azukre karga asko hartzen duen euskal sagar bakarra da, eta produktu honek azukre maila altuko sagarra behar du. Aurtengo udaberria eta udara oparoak izan dira, beroagatik».
Hori horrela, aurten kaleratu dute produktua, «oso fina» atera baita. «Lehengo urteko probatan enpalagoso xamarra zela iruditu zitzaigun, eta postretarako egokia zela pentsatu genuen, baina aurten, oso fina atera da, eta aperitibo bezala ere balio du. Ahoan, errezila bezala, garratza da, alkoholarekin bolumena nabari zaio eta azukrearen goxoarekin, oreka oso ondo bilatu dugu. Ez da enpalagosoa; bizia eta goxoa da, Bizi-Goxo».
Urtero, sagardoa bezala
Bizi-Goxo, sagardoa bezala, urtero egin beharreko produktua da, beti ere, jasotako uztaren araberakoa. «Baldintzak onak badira, Bizi-Goxo urtero egiteko asmoa daukagu».
Baina ohiko sagardoa egiteko prozesua eta Bizi-Goxo egitekoa, desberdinak dira. «Irakiten jarri eta erdi parera, 10 bat alkohol gradu dauzkanean, hoztu egiten dugu, 4 gradutara. Legamiak hil egiten dira horrela. Orduan, produktua egonkortu egiten da, eta filtratu eta botilaratu egiten dugu. Oraingoz, horrela ari gara, eta ikusten badugu teknika hobetu beharra dagoela, egingo dugu».
Zapiainen, Sagardoetxean eta hainbat jatetxetan
Dagoeneko merkaturatu dute Bizi-Goxo, eta nahi duenak, hainbat tokitan probatu eta erosi dezake.
«Bertakoa denak erraz topatuko du Zapiainen bertan, edota Sagardoetxean. Eta jatetxe eta tabernetan ere eskatu digute: Ikatzan, Kakon... Eta bestela, internet bidez ere erosi daiteke. Askok esan digute likorrak astunak egiten zaizkienentzako aproposa izan daitekeela, 10 graduko edari bat ondo sartzen dela. Hala espero dugu!».