Maiatzean Usurbila datorren "Sagardo ibaiak, bizitza iturri" erakusketa inauguratu dute
Descripción
Askotan munduko txoko ezezagunenak bisitatzera joateko ehunka kilometro egiten baditugu ere, hemen, etxean bertan, ondare oso aberatsa dugu. Baina ez dugu ezagutzen. Dugunaz jabetu, ezagutu, zabaldu eta balorean jartzen laguntzera dator, asteazken eguerdi honetan Hernaniko Biteri Kultur etxean inauguratu duten "Sagardo ibaiak, bizitza iturri" erakusketa.
astigarraga exposiciones hernani historia río cultura patrimonio oria sidra urumea usurbil
Ficha
- Fuente: Noaua aldizkaria
- Fecha: 2016-04-20
- Clasificación: 5.5. Exposiciones
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa »
- Código: NA-006386
Texto completo
Askotan munduko txoko ezezagunenak bisitatzera joateko ehunka kilometro egiten baditugu ere, hemen, etxean bertan, ondare oso aberatsa dugu. Baina ez dugu ezagutzen. Dugunaz jabetu, ezagutu, zabaldu eta balorean jartzen laguntzera dator, asteazken eguerdi honetan Hernaniko Biteri Kultur etxean inauguratu duten “Sagardo ibaiak, bizitza iturri” erakusketa. Sagardoaren Lurraldeak Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo udalekin eta Donostiako Aquarium-ekin elkarlanean sustatutako erakusketa ibiltaria dugu honakoa. Lehenbizi Hernanin izango duzue ikusgai, astebetez. Maiatzean Usurbila dator.
“Erakusketa honetan gure ibaiek, Urumeak eta Oriak, sagardoaren inguruan, eta sagardoaren garraioan izandako garrantzia jaso da. Urte askotan, gure ibai hauek inguruko lurraldeetako bizitzaren antolakuntzan izan duten garrantzia”, zioen Luis Intxauspe Hernaniko alkateak. Oria eta Urumea ibaiek urte luzez gordetako sekretuak aireratzera datorren erakusketan, Usurbili loturiko erreferentzia bat baino gehiago aurkituko dugu.
Udal, probintzia eta estatuko artxiboetan eginiko ikerketen emaitza da “Sagardo ibaiak, bizitza iturri” egitasmoa. Orain arte ezezagunak ziren hainbat datu interesgarri eta bitxien bilduma. Aipaturiko bi ibaiok, “komunikaziorako giltzarriak izan dira eta harreman ekonomikoak eta sozialak eratzeko erabili izan dira. Iraganean, ibaiak bizitza nahiz “aberastasunaren iturri” eta aintzinako “autobideak” izan ziren. Urumea eta Oria Gipuzkoako bi ibai nagusiak, “sagardo ibaiak” eta teknologikoki puntako guneak izan ziren aintzinan. Portu-instalazio eta zerbitzuak izan zituzten, beren ur bazterretan salerosketa gune ugari izan ziren eta asko izan ziren beren ur ertzetan gertatutako istorio harrigarri eta bitxiak. Esaterako: XVIII. mendeko langileen greba, Ergobiako bidesarian ordaindu behar zen tasa, itsasoa eta portuekin erlazionaturiko zenbait ogibidetan soldataren zati bat ordaintzeko sagardoa erabiltzea, Astigarragako alkate bizargina eta Murgiako Jaunen haserrea, Ignacio de Soroa untzigile usurbildar ospetsuaren amodio-kontuak…”.
Erakusketa, herriz herri
-Hernanin astebetez:
Epea: apirilak 20-27.
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 18:00-20:00 artean (egunero bisita gidatua 19:00etan). Larunbatean: 11:30-13:00 /18:00-20:00. Igandean: 11:30-13:00.
Tokia: Hernaniko Biteri kultur etxea.
-Usurbilen maiatzean, Sutegi erakustaretoan.
-Astigarragan irailean.
-2017. urtean, Donostiako Aquarium-ean.
Antolatzaileak: Sagardoaren Lurraldea; Usurbil, Hernani eta Astigarragako Udalak; Donostiako Aquarium-a.
Sagardoaren Lurraldea eta erakusketa ezagutzeko ibilaldia, apirilaren 24an
Sagardoaren Lurraldea eta lurralde honetako udalen arteko elkarlanaren emaitza da, apirilaren 24rako antolatu duten ibilaldia. Iaz hasi ziren antolatzen, apirileko azken igandean. Eta data horri eutsi nahi diete aurten eta aurrerantzean ere. Sagardoaren lurraldea hobeto ezagutzeko aukera eskainiko duen eguna izatea nahi dute. Duela urtebete, Astigarragatik Usurbila antolatu zuten txangoa eta udalerriotako hainbat interes gune bisitatzeko aukera izan zuten.
Aurtengorako Astigarragatik irten eta Hernanira joatea proposatzen digute. “Ibilaldian zeharko interesgune ezberdinetan azalpenak emango dira Urumea ibaiak gordetzen dituen sekretuak ezagutara emateko”, ohartarazi dute antolatzaileek. Amaieran, “Sagardo ibaiak, bizitza iturri” erakusketa bisitatu eta Akarregi sagardotegira bazkaritara joateko aukera izango da:
Apirilak 24, igandea
10:00 Astigarragako Sagardoetxetik abiatuta. Bidean, Lourdes Odriozola Sagardoetxeko historialariaren eta Jexux Mari Gomez Hernaniko Udaleko Artxiboko arduradunaren azalpenak. Osatuko duten bidea, sagardoari loturiko interes guneetatik barrena: Sagardoetxea, Astigarragako Murgia Markesaren Jauregia, Ergobiko zubia, Martindegi, Epele-Ereñotzu, Osiñaga, Portu auzoa, Hernani.
Helmuga, Biteri kultur etxeko “Sagardo ibaiak, bizitza iturri” erakusketan. Bisita gidatua egingo da.
Jardunaldiaren amaiera, Hernaniko Akarregi sagardotegiko bazkarian.
Izen ematea: 943 550 575 edo info@sagardoarenlurraldea.com
Oharra: ibilaldiaren iraupena, bi ordu eta erdi ingurukoa. “Ibilaldi erraza, malda Oialume eta Lastaola poligonoaren artean bakarrik baitago”.
Antolatzaileak: Sagardoaren Lurraldea.