Edari desiratuaren garaia
Descripción
Edari desiratuaren garaia Andoni Luis Aduriz Errenteriako Mugaritz jatetxeko nagusiak eman dio hasiera txotx garaiari Astigarragan.
andoni luis aduriz astigarraga sidrería petritegi protagonista sagardo berriaren eguna sidra sagardoetxea apertura del txotx sidrería zapiain
Ficha
- Autor: Estitxu Zabala
- Fuente: Berria
- Fecha: 2008-01-17
- Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
- Tipo documento: Prensa
- Fondo: Sagardoetxea fondoa
- Signatura: P9-18 »
- Código: NA-000607
Texto completo
Andoni Luis Aduriz Errenteriako Mugaritz jatetxeko nagusiak eman dio hasiera txotx garaiari Astigarragan. Iritsi da Euskal Herriko jende askorentzat hain preziatua den txotx garaia. Jende ugari bildu zen Sagardo Berriaren XV. Eguna ospatzeko atzo, Astigarragan (Gipuzkoa). Andoni Luis Aduriz sukaldaria izan zen eguneko protagonista herrian. Sukaldariaren hitzetan atzoko ekitaldiarekin eman zitzaion hasiera 2008ari. Goizean, urteroko ohiturari jarraituz, atxurra eskuetan hartu eta sagarrondo bat landatu zuen Sagardo Etxeko sagastian Mugaritz jatetxeko nagusiak. Sukaldaria lanean ari zen bitartean, Sebastian Lizaso eta Andoni Egañak bertso bana bota zuten. Egañak kantatu zuena gogoratuz, «ene zenbat lan egin behar den / gerora goza dezagun», eta hori inork baino hobeto sagardogileek dakite. Zapiain sagardotegiko sagardoaren kalitatea kontrolatzeaz arduratzen da Egoitz Zapiain, eta garaia gogoz hartu dutela dio. Hala ere, nahikoa lan izango dutela aitortu du, «datorren astelehenerako jada 96 lagunek tokia hartua dute gurean!». Petritegi sagardotegia izan zen eguneko bigarren protagonista, bertan eman baitzitzaion hasiera aurtengo garaiari. Txalapartaren soinuarekin sartu ziren upelen ingurura Aduriz eta gainontzeko lagunak. Sukaldariari eskainitako aurreskua dantzatu ondoren, txotx egiten lehena Aduriz bera izan zen. «Gure sagardo berria» esaldia esan zuen sagardo basoa eskuan hartuta, eta sagardo berria dastatu zuen. Sagardogileek, herritarrek eta kazetari mordoak hartu zuten atzoko egunean Petritegi sagardotegia. Denek probatu nahi izan zuten sagardo berria. Lizaso bertsolariak sagardoa gustatu zitzaiola esan zuen, baina ez zen konparaziorik egitera ausartu, «aurreko urteetakoa nolakoa izan den ahaztua daukat!», zioen barrez. Lizasok aurten ez duela sagardotegira askotan joateko asmorik esan zuen, «orain gutxi egiten da bertsotan sagardotegian». Aurten aurreko urteetan baino sagar gutxiago erabili dute sagardogileek sagardoa egiteko, eta sagarraren tamaina ere txikiagoa izan da. «Oso baldintza onak izan ditu uztak, udako tenperatura aurreko urteetakoa baino freskoagoa izan baita», argitu zuen Joxe Angel Goñi sagardogileak. Hala, aurtengo sagardoa nahiko gardena eta usain handikoa da. 2007ko sagar uztarekin 12,5 milioi litro sagardo egin dira. Bestetik, Goñik txotx garaian herrian sortzen den giroa azpimarratu nahi izan du, «hartu-eman handia sortzen da bisitarien eta herritarren artean». «Sagardoa eta txakolina dira gure lurraldearen nortasuna markatzen duten bi edariak», esan zuen Rafael Uribarren Gipuzkoako Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako diputatuak. Hala, sagardoari nortasun propioa emateko lanean ari direla azaldu zuen. Izan ere, duela 26 urte Foru Aldundiak plan estrategiko bat martxan jarri zuen. SAGARDO ETXEAREN BERRIKUNTZAK. Museoak, interpretazio zentroak eta inguruko sagastiak osatzen dute Astigarragako Sagardo Etxea. Sagardo Etxearen hurrengo helburua Ergobia auzoan dagoen Erbitegi-Etxeberria baserriko tolarea berritu eta jendearentzat irekitzea da. Goikoetxea anaien baserriak hiru pisu ditu, eta garai batean sagardoa nola egiten zen ikusteko aukera ematen du. Goran sagarrak jartzen ziren, matxakara pasatzen ziren. Gero, lortutako zukua tolaretik upelera iristen zen. Egun, Sagardo Etxearen interpretazio zentroan proiektuaren maketa ikus daiteke. Sagardoarekin dator jende pilaketa Txotx garaian jende asko igarotzen da egunero Astigarragatik eta Hernanitik, batez ere asteburuetan. E.Z Hernanin, duela 11 urte Txotx Batzordea sortu zuten, kudeaketa hobetzeko asmoz. Sagardogileek, tabernariek, Alde Zaharreko bizilagunek, Udalak eta Tolare Kofradiak osatzen dute batzordea. Talde bakoitzak bere interesak dauzka, eta ez da erraza izaten denen arteko ados jartzea. Altzueta sagardotegiko langilea da Ibon Alkorta, baita Txotx Batzordeko kidea ere. Alkortaren hitzetan, gaur egun inoiz bizitako une gogorrenak bizitzen ari dira, polemika handia sortu baita txotx garaiaren inguruan. «Kanpotik etorritako jende berriari ez diogu ongi irakatsi sagardotegiaren kulturaren barnean zer dagoen, eta agian hori izan daiteke akatsa», azaldu du Alkorta sagardogileak. Kexa gehienak txotx garaian sortutako zaratarengatik eta zaborrarengatik izan dira, sexu erasoek ere gora egiten dutela ere zabaldu da. Alkortaren ustez, konpondu beharreko gauzak daude, eta gauza txarrak gerta ez daitezen lanean jarraitu beharra dago. Hala ere, iaz gertatutako kontu jakin batzuek oihartzun handia izan zutela uste du batzordeko kideak, eta hobetu ziren aldeak ez zirela aipatu. «Iaz aurreko urteetan baino salaketa gutxiago egon ziren Udaltzaingoetan, eta, plastiko gutxiago sortu zen», argitu du sagardogileak. Hernanin elkartzen den jendetza ez da sagardotegietara joaten den jendea soilik, eta jende guztia kontrolatzea lan zaila izaten da. Herriko udaltzainek segurtasun neurriak handitzen dituzte, eta lankide konpurua handitu egiten dute. «Bata bestearenganako errespetua lortzea da gakoa. Herri librea eta bizia nahi badugu, bakoitzak bere burua neurtu behar du», azpimarratu du Alkortak.